Egoera iraultzeko lehen mahai kolpea jo dute baserritar gazteek

Urtzi Oteiza, Onintza Lete Arrieta, Andoni Elduaien eta Andrea Zipitria 2024ko ots. 22a, 10:30

Gaur hamar egun dira dozenaka baserritar gazte protestan joan zirela aldundiaren atarira. Akuilu lanak hartu dituenetako bat izan da Amaia Segurola azpeitiarra, eta jarraika beste hainbat izan ditu.

Hamar egun bete dira gaur Gipuzkoako baserritarrak protestan kalera atera zirenetik lehen sektorearen egoera salatzeko. Gazteak izan ziren mobilizazioaren akuilu, bereziki Joseba Pagadizabal aiarra eta Amaia Segurola azpeitiarra. Lehen sektore duin baten alde lelopean hartu zituzten kaleak orduan; 120 bat traktore eta lur orotariko ibilgailu bildu zituzten, eta karabana osatuz, herrialdeko hainbat tokitatik Donostiako erdiguneraino joan ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren atariraino, beren aldarrikapenak Eider Mendoza ahaldun nagusiari eskura eramateko.
 
Whatsapp talde baten bidez antolatu zuten guztia. Taldearen sortzailea eta protesta antolatu duenetako bat izan da Pagadizabal, Segurolarekin batera. "Ikusten nuen beste leku denetan mugitzen ari zirela, Frantzian, Nafarroan eta Bizkaian, adibidez, baina Gipuzkoan sindikatuek ez zutela horretarako asmorik. Horregatik, erabaki genuen geu antolatzea, premia ikusten genuelako", azaldu du aiarrak. Segurolak ere argi zeukan zerbait egin beharra zegoela. "Ikusten genuen Europan mobilizatzen ari zirela baserritarrak, eta Gipuzkoa zela pausoa ematen ez zuen bakarra. Protestara ateratzea beharrezkoa ikusten genuen, gu ere besteen egoera berberean gaudelako. Gure eskaerak egiteko aukera eta momentu ona zela iruditu zitzaigun".  
 
Baserritarren erantzuna "hasieratik ona" izan dela azpimarratu dute, Whatsapp taldean "hiru egunetan 800 baserritar egotera heldu" baitziren. Protestara ateratzea adostuta, "pozez" gogoratzen du egun hori Pagadizabalek, hilaren 12an "espero baino jende gehiago" elkartzea lortu zutelako. 
 
Azpeitiarrak eraman zuen Donostiara arte traktoreen karabana irekitzen zuen autoa, eta aitortu du hasieran ez zuela espero halako erantzunik izaterik beraien deialdiak. "Atzera begiratutakoan, harrituta gelditu nintzen hainbeste traktore eta jende ikusitakoan, baita kaleetan jendeak txaloka hartu gintuelako ere. Sekulako poza hartu nuen ikusita hainbeste jende dagoela honetaz bizi nahi duena eta benetan sentitzen duena lehen sektorea beharrezkoa dela. Eta uste dut poz hori inguruko denok sentitu genuela".
 
Mobilizatzeko arrazoiei dagokienez, Pagadizabalek eskatu du "klima aldaketaren zama" euren gain ez jartzeko, eta ekoizten dituzten produktuak prezio duinetan saldu ahal izatea. Izan ere, legeak ezarri arren produktua ekoiztea kostatzen dena baino garestiago saldu behar dela, "ez da betetzen". Baserritarrak "leku guztietatik itota" daudela uste du. Berak, esaterako, ezin du baserritik bakarrik bizi, "nahiz eta animaliekin lana egitea gustatu". Taxilari aritzen da gaur egun.  
 
Beren aldarriekin aldundira joatearen arrazoia ere azaldu du Segurolak: "Beraiek dira gure ahotsa Europan eta beste hainbat tokitan zabaltzeko bidea, eta horregatik jo genuen haiengana". Kontuak kontu, azaldu du eskaerak "txikienetik hasi eta handienera artekoentzat" dituztela: gizartea, supermerkatuak eta erakundeak aipatu ditu azpeitiarrak. Pagadizabalek ohar garbia du gizartearentzat: "Baserriak galduta ere, baserritarrok beti edukiko dugu jateko zerbait, baina kaleko jendeak, ez. Ezusteko gertaera baten aurrean ere, izan pandemia ala gerra, gauza berbera gertatuko litzateke. Orduan konturatuko litzateke jende asko baserrien garrantziaz".  
 

Indartsu eta baikor

Lehenengo sektorearen egoeraren aurrean, berriz, baikorra da azpeitiarra: "Egia da egoera zaila dela, eta hori erakutsi beharra daukagu, baina denek pentsatzen dute gazterik ez dagoela sektorean, eta hori ez da horrela. Gazte gehien bildu duen mobilizazioa izan da Gipuzkoakoa, eta neuk, pertsonalki, ikusten dut burokrazia aldetik dauden exijentzia berriek eta legeek gero eta gehiago estutzen gaituztela, baina gauzak aldatuz gero, honetatik bizitzeko aukera badagoela; hori da aurreko asteko mobilizazioan eskatu genuena. Nahi duguna da gu entzutea, hor gaudela ikustea, eta jendearen babesa sentitzea".
 

Pausoak "ondo eta kontuz"

Aritz Eizagirre Zumaiako Xarrondo baserrikoa da, eta traktorea hartu eta Donostiara joan zen hura ere hilaren 12an, "baita auzoko gehienak ere". Herritik bederatzi traktore eta autoren bat joan zirela nabarmendu du. "Zerbait egin beharra zegoen. Kasualitatez sortu zen Whatsapp talde bat, eta oso ondo etorri zaigu. Gazte mordoa batu ginen, eta Gipuzkoaren aurrean erakutsi genuen oraindik herrialdean gazteak bagaudela [lehen sektorean] eta indarra badagoela. Gure sektorea defendatzeko atera ginen kalera".  
Eizagirrerentzat ere arazo nagusiak burokraziarekin dituzte, baita elikagai katean prezioak ez betetzearekin ere. Xarrondon ere arazo antzekoak dituzten arren, zehaztu du produktuen zati bat beraiek ekoizten dutela, eta horri esker doazela aurrera. "Bestela, guk dugun behi kopuruarekin, ezingo genuke soldata bat atera", esan du. 
 
Martxoaren 1erako ENBA eta EHNE sindikatuek deitu dituzten protestekin bat egiten du, "zalantzarik gabe", Eizagirrek, eta "jendea animatu" nahi du berriz ere kalera ateratzera. "Joan den astekoa ez dadila azken greba izan; gehiago behar badira, gehiago egin daitezela, denok bat eginda". Zer lortu arte jarraitu behar den galdetuta, erantzun argirik ez du oraindik zumaiarrak: "Aurrekoan Josebak [Pagadizabal] aldundian irakurritako dekretuetako gehienak edo batzuk bete arte jarraitu behar genuke". 
Hilaren 12an sentitu zuten herritarren berotasuna, traktoreekin kaleak zeharkatu zituztenean, txalo artean hartu baitzituzten. Gero, ordea, ez dute mugimendu handirik sentitu, eta herritarrentzat mezu argia du Eizagirrek: "Bertan nahikoa produktu badago, eta bertakoa kontsumitu behar da; bestela, alferrik gaude gu".
 
Aurrera begirako urratsei dagokienez, azkenik, Segurolak azaldu du "oraindik guztiari forma emateko" dagoela. Beraien artean batzarrak egiten ari dira egunotan, baina azkarregi irizten diote zirt edo zart erabaki bat hartzeko. Hori bai: azpeitiarrak lehen sektorea "inoiz baino indartsuago" ikusten du, eta bertatik bizi nahi duen gazte jendeari "ikusgarritasuna" eman diotela uste du. "Uste dut, pausoak ondo eta kontuz ematen baditugu, gauza asko lor ditzakegula eta inoiz baino indar handiagoa izango dugula".