Iosu Bieter: "Ongietorria sentitu naiz Azpeitian"

Iraia Oteiza 2024ko mar. 29a, 09:18
Iosu Bieter. (Iraia Oteiza)

Iosu Bieter (Boise, AEB, 1997) Azpeitian bizi da azaroaz geroztik. Arbaso euskaldunak ditu, eta euskaraz mintzo da. Azpeitiko giroak eta herriko jaiek harritu dute gehien, 2024ko martxoko Uztarria aldizkariko Hementxe bertan atalean kontatu duenez.

Izatez estatubatuarra zara, baina arbaso euskaldunak dituzu.

Boisekoa naiz, baina gure ama Errenteriakoa [Gipuzkoa] da izatez. Gaztea zenean, Boiseko unibertsitatera joan zen ikastera, han ezagutu zuen gure aita, eta han geratu zen bizitzen. Hala ere, amaren aldeko familia guztia hemen bizi da, Errenterian.

Aitaren aldetik ere arbaso euskaldunak ditut. Gure birraitona eta birramona euskaldunak ziren, bizkaitarrak, bata Larrabetzukoa eta bestea Lekeitiokoa. Artzain eta neskame lanetara joan ziren Boisera, eta han osatu zuten familia.

Euskal hiztuna zara. Norengandik ikasi duzu euskara?

Gure aita Euskal Herrira etorri zen gaztea zela familiarekin batera, eta orduan ikasi zuen euskaraz hitz egiten. Hori dela eta, nire gurasoek, biek dakite euskaraz. Umeak ginela euskaraz mintzo ginen etxean, baina, egia da, urteen poderioz, ohitura galdu dugula. Gure lagunekin eta ingurukoekin ingelesez hitz egiten dugunez, etxean ere hizkuntza hori izan da nagusi azken urteetan. Hala ere, berriro euskara ikasten ari naiz, eta etxean ere pixkanaka euskararako joera ari gara berreskuratzen.

Zerk ekarri zaitu Azpeitira?

Nire bikotekidea azpeitiarra da. Pandemia aurretik, Boisera joan zen bera gure ikastolan euskara irakastera, eta han ezagutu genuen elkar. Han eta hemen ibili gara bolada batean, baina, azkenean, Azpeitira etorri naiz bizitzera, elkarrekin egoteko aukera izan dezagun.

Azpeitian bizi zara eta lan ere bertan egiten duzu. Zaila egin al zitzaizun lana aurkitzea?

Oso zaila. Izatez, erizaina naiz, baina nire tituluak ez du balio hemen. Baliozkotu egin beharko nuke, eta horretarako bi urte beharko nituzke. Horretaz gain, euskara eta gaztelania menperatzea beharrezkoa da hemen lan egiteko; bietan B2 maila izatea eskatzen dute. Euskarako B1 maila badaukat, baina ez dakit gazteleraz. Hori dela eta, supermerkatu batean egon nintzen lanean aurrena, gero jatetxe batean, eta duela gutxi hasi naiz ingeles klaseak ematen herriko ingeles akademia batean. Gustura nago orain.

Zer aurkitu duzu Azpeitian?

Komunitate estua daukazue hemen. Gustuko dut Azpeitia, inguruagatik eta jendearen izateko moduagatik. Giro aparta dago kalean, eta hori atsegin dut. Bizitzera beste lekuren batera joan izan banintz, oraindik bertara egokitu gabe egongo nintzatekeela uste dut, baina Azpeitian bertako sentiarazi nauzue. Ongietorria sentitu naiz herrian, asko laguntzen didazue, eta oso gustura nago.

Zerk harritu zaitu gehien?

Santomasek, sansebastianek eta inauteriek harrituta utzi naute, ez nuen halako festarik inondik inora ere espero. Udako jaiak ezagutzen nituen, baina ez negu garaikoak. Hurrengo urteko jaiak noiz iritsiko zain nago jada.

Zer emango zenuke Azpeititik Boisera, eta zer ekarriko Boisetik Azpeitira?

Boiseko lagunak ekarriko nituzke Azpeitira, hemengo giroa ikus dezaten. Harrituta geratuko lirateke hemengo festekin, inguruarekin eta, orokorrean, herriarekin.

Azpeitia herri euskalduna da. Azpeitian bizitzeko abantaila al da euskaraz jakitea?

Guztiz. Joan den astean Bilbon izan nintzen, eta arrotza egin zitzaidan kafe soil bat gazteleraz eskatu behar izatea. Ez nintzen batere eroso sentitu. Azpeitian askoz lasaiago ibiltzen naiz, euskaraz bizitzeko aukera eskaini didalako. Hori bai, euskara batua da ikasi eta mintzo dudana, eta egia da batzuetan kostatu egiten zaidala Azpeitiko euskalkia ulertzea, hitanoa asko erabiltzen duzuelako eta, gainera, azkar hitz egiten duzuelako. Azpeitiarrek esandakoa lehenengoan ulertzea da nire buruari ezarri diodan erronketako bat. Ea lortzen dudan.