Piaspe proiektu eolikoa

Sanagustin bete du Sañu Bizirikek Piaspe proiektu eolikoaren gaineko azalpenekin

Mailo Oiarzabal - Andoni Elduaien 2024ko ots. 29a, 15:17

Administrazio baimenaren eta ingurumen inpaktuaren adierazpenaren eskaerei alegazioak aurkezteko kanpainaren barruan, Sañu Bizirik taldeko kideek luze eta zabal azaldu zituzten atzo Statkraft enpresak aurkeztutako txostenen xehetasunak eta haize erroten instalazioak izango lituzkeen eraginak. "Makroproiektuen inposaketa" eta Piasperi "ezetz" esateko arrazoiak izan ziren batzarraren ardatzak.

Azpeitia, Errezil eta Zestoako lurretan eraiki nahi duten Piaspe zentral eolikoaren proiektuaren aurretiazko administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eskatzeko txostenak jendaurreko informazio aldian daude. Desarrollos Renovables Iberia-k, proiektua sustatzen ari den Norvegiako Statkraft enpresaren filialak, aurkeztutako txostenak bitan iragarri dituzte Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), urtarrilaren 24an aurrena eta otsailaren 20an gero –lehendabiziko argitalpenaren akats tekniko bat zuzentzeko–. Horrenbestez, Piaspe eraiki nahi duten enpresen eskaera horiei alegazioak aurkezteko epea ere irekita dago; apirilaren 5era artekoa da epe hori.

Buruzai proiektuarekin egin zuen bezala, Piaspe eraikitzeko baimen eskaerei ere alegazioak aurkezteko kanpaina martxan jarri du Sañu Bizirik taldeak. Herri alegazioak aurkezteko sinadurak biltzeaz gain, "Piaspe proiektuaren nondik norakoak azaltzeko eta atzetik duen guztiaren berri emateko" batzar informatibo irekia deitu zuten Sañu Bizirikekoek kanpainaren aurkezpenean, eta atzo egin zuten batzar hori Sanagustin kulturgunean. Herritar askoren artean Piaspe proiektuaren eta Statkraft enpresaren asmoen gaineko "oinarrizko informazio asko falta" dela iritzita deitu zuten batzarra, eta Sanagustin bete egin zen atzo iluntzean; antolatzaileak "pozik" agertu ziren batzarraren hasieran, "jendeak informazio egarria" duela ikusita.

Ehundik gora herritar elkartu ziren atzoko batzarrean. Kulturgunean sartu ahala eta eseri aurretik, Sañukoek egindako maketa ikustera joan ziren gehienak; Sañoa mendiaren gainaldean jarri asmo dituzten 200 metrotik gorako altuerako bost aesorgailuak eta horien bueltan eraikiko liratekeen beste azpiegiturak irudikatu dituzte Sañukoek maketa horretan, eta ikusmina sortu zuen lanak bilkurara joan zirenen artean.

Ekonomia eredua eta berriztagarriak

Euskal Herrian zein kanpoan Piaspe eta antzeko proiektuak zergatik ari diren hedatzen, "makroproiektuen inposaketa" ulertzeko,  "testuingurua" azaldu zuen batzarraren lehen zatian Iraitz Elordik.

Mundu mailako testuinguru ekologikoa, egungo energia testuingurua eta ekonomia eredua azaldu zituen horretarako Elordik. Klima aldaketa, energia berriztagarriak, kapitalismoaren krisia eta kapitalismo berdea, etengabeko hazkundea mantentzearen ondorioak... Gai asko aipatu zituen Elordik bere hizketaldian, eta ondorio nagusi bat jarri zuen mahai gainean: egungo eredu ekonomikoa aldatu ezean, klima aldaketari aurre egiteko ahaleginak "alferrikakoak" izango dira. "Kapitalismoaren logikaren" oinarrian dagoen etengabeko ekonomia hazkundeari eusteko, agertzen joan diren energia iturri berriak lehendik zeudenei "gehitzen" joan zaizkiela nabarmendu zuen Elordik, eta ez zaharrak ordezkatzen. Energia berriztagarriekin gauza bera gertatzen ari dela esan zuen; "elektrifikaziora" bideratutako energia berriztagarrien hedapenak "mineral ustiaketa handia" eskatzen du, eta horren ondorio kaltegarriak ez ezik, CO2 isurketak jaitsi beharrean areagotu egingo direla kontatu zuen Elordik.

Europak energia iturriak etxean izateko eta horien bidez 4.0 industria sustatzeko ahaleginaren barruan kokatu zuen Sañu Bizirikeko kideak energia berriztagarrien proiektuen zabalkundea, eta Euskal Herrian "erakunde eta alderdi politiko guztiek proposamen hori bere egin" dutela iritzi dio Elordik, ñabardurak ñabardura: "Berriztagarriak bai, baina irabaziak sozializatuta, diote batzuek; eta irabaziak enpresentzat, besteek". Erakundeen eta alderdien lerratze horrek errazten du, Elordiren arabera, energia makroproiektuek aurrera egitea, kontrako mugimenduen indarra gorabehera. Horrez gain, erakundeen eta enpresen interesen arteko "lotura garbia" dela dio Elordik, Europa mailan zein tokiko esparruan, energia trantsiziorako eredu jakin hori bultzatzerakoan; lotura horren adibide gisa aipatu zituen Alemaniako Gobernuak Siemens erreskatatu izana, batetik; eta "Krean, Statkraft eta EH Bilduren arteko lotura", bestetik, Aritz Otxandianoren rola aipatuta.

Baina Elordiren ustez, finean, berriztagarrien bidezko egungo energia trantsiziorako eredua ez da konponbidea. Sañu Bizirikeko kidearen hitzetan, "kapitalismoaren gaindipena ez bada planteatzen, arazo larriak izango ditugu".

Ezetzerako arrazoiak

Elordik testuingurua kokatuta, Imanol Mujikak hartu zuen hitza, Piasperen xehetasunak azaltzeko, Statkraften filialak aurkeztutako ingurumen inpaktuaren txostena aletzeko eta Sañoa inguruan eraiki nahi duten azpiegitura eolikoari "ezetz" esateko arrazoiak zerrendatzeko.

"Piaspe zer den" azalduz ekin zion bere txandari Mujikak. Dimentsioagatik soilik "imajinatzen zailak" diren 205 metro altuko eta 85 metro luzeko paladun bost aerosorgailu –hiru Azpeitiko lurretan, bi Zestoa eta Errezil artean–, "Txapel baserriaren gainean" kokatuko litzatekeen ehundik gora metroko dorre metereologikoa, hurrenez hurren hektarea bat eta hektarea erdia hartuko lituzketen lanerako bi plataforma edo gune, eta beste bi "azpiegitura handi": Zestoatik abiatuta Akoa bailara zeharkatuko lukeen eta zortzi bat metroko zabalera hartuko lukeen bidea, zentralaren elementuak mendira igo ahal izateko; eta "ebakuazio linea" deritzona, aerosorgailuek Sañoan sortutako argindarra Lasaoko azpiestaziora eramango lukeena, Arroita gainetik behera, goi-tentsioko hainbat dorrerekin. Horiek dira Piasperen proiektuan azaltzen diren elementu eta neurri nagusiak; "datu beldurgarriak", Mujikarentzat, "edozein lekutatik ikusiko diren munstroak [aerosorgailuak]" erdigunean izango dituen proiektuarenak.

Azpiegitura eoliko osoak hartuko duen dimentsioak ez ezik, "Piaspe non" kokatuko den kezkatzen ditu Sañu Bizirikekoak. Izarraitz, Hernio-Gazume eta Pagoetaren tartean dago Sañu, "bi kilometro eskasera", eta babestutako hiru natur eremu horien arteko korridore ekologikoaren erdian. "Sañoa gainean jendea bizi" da, eta abeltzaintzari lotutako hiru proiektu "egoera oso larrian" geldituko liratekeela gaineratu zuen Mujikak. Oro har, ingurumen balioari dagokionez "inguru oso aberatsa" da Piaspek hartuko lukeena, Sañoako tontorrean eta mendi inguruan ez ezik "babes bereziko" gunea den Akoako bailaran ere zuzenean eragingo bailuke.

Natur guneen aberastasunaren haritik, Statkraftek ingurumen inpaktuaren baimena eskuratzeko aurkeztu duen txostenaren kontra zorrotz hitz egin zuen Mujikak. "Statkraft enpresa eredugarri gisa aurkeztu zitzaigun Soreasuko agerraldian, baina denborarekin ikusi dugu han agindutakoak banan-banan erortzen joan direla", adierazi zuen Mujikak. Joan den uztailean, Norvegiako multinazionalak ingurumen txostena aurkeztetik salbuesteko "saiakera zikina" egin zuela gogora ekarrita, azkenean aurkeztu behar izan duen txostenean gezurretan aritzea egozten diote Sañu Bizirikeko kideek Statkrafti. Horren adibide nagusienetakoa da, Mujikak azaldu zuenez, Sañoa inguruan bizi edo mugitzen diren babestutako hiru hegaztien gainean enpresaren txostenean jasotakoak "erabat gezurtatzen" dituela Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz argitaratutako beste txosten batek. Statkraften txostenaren arabera, sai zurien, miru gorrien eta putreen presentzia oso mugatuta dago Sañoan eta Piaspek ez luke aipatzeko eraginik izango hegazti horien habitatean, baina "oso bestelakoak" dira aldundiak jasota dituen datuak.

Parke eolikoa eraikitzeko materiala mendira eramateko Akoako bidea "planteatzea bera ikaragarria, zentzugabekeria hutsa" da Mujikaren ustez, baina enpresaren ingurumen txostenean Akoa inguruko eraginak "planteatu ere ez" direla egiten esan zuen Sañu Bizirikekoak: "Bidearen %91 eginda dagoela dio, besteak beste".

Erabaki politikoak

Piaspek ingurunean eta inguruko biztanleen bizi kalitatean izango lituzkeen eragin kaltegarri gehiago ere aipatu zituen Mujikak bere hitzaldian, Piasperi "zergatik esan ezetz" argudiatuz. Politikarien eta udalen rola ere ez zuen alde batera utzi. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala onartu aurretik jarri dute martxan Sañoarako eolikoen proiektua, eta "planeamendurik eza" da, hain justu, Sañu Bizirikek proiektuaren kontra duen arrazoietako bat.

Udalek horrelako proiektuei aurre egiteko eskumenik ez dutela esatea ez da zuzena, Mujikaren ustez. Atzo gogoratu zuenez, "Azpeitikoarekin bai", baina Zestoako eta Errezilgo hirigintza plan orokorrekin "ez da bateragarria" Piaspe. Ildo horretatik, hiru herrietako alkateekin egindako bilera batean hitz egindakoak aipatu zituen Mujikak: "Hirigintza aldetik behintzat Statkrafti alfonbra gorririk ez jartzeko erabaki politikoa hartua zutela adierazi ziguten, eta erabaki politiko hori publiko egingo zutela proiektua jendaurrean jarritakoan. Hilabete joan da orduz geroztik, ez da adierazpen publikorik". Erabaki politiko horri eustea nahi izanez gero "udalek bi tresna behintzat" badituztela gaineratu zuen Mujikak: "Alegazioak aurkeztea litzateke bat, eta guk dugun informazioaren arabera, ari dira zerbaitetan. Bestea, proiektua gauzatu ahal izateko hirigintza arauak propio aldatzea eskatzen zaienean, horri uko egitea".

Alegazioak eta mobilizazioa

Batzarraren bukaeran, herri alegazioak babesteko sinadurak ematera gonbidatu zituzten herritarrak Sañu Bizirikekoek, beraiek kalean jarriko dituzten mahaietara joanda edo online.

Horrekin batera, "mobilizatzen jarraitzeko" asmoa azaldu zuten atzo hitza hartu zutenek, eta horretan ere bat egiteko gonbita egin zieten herritarrei. Besteak beste, Euskal Herria Bizirik sareak deituta apirilaren 13an Azpeitian bertan egingo den makroproiektuen aurkako topaketa nazionalean eta manifestazioan parte hartzera gonbidatu zituzten.