La Cetra Baroque Orchestra & Vocalconsort Basel Kursaalean ikusteko doako autobusa antolatu du udalak

Intza Trula 2024ko mar. 7a, 12:22
La Cetra Baroque Orchestra & Vocalconsort Basel. (Utzitakoa)

Martxoaren 19an, asteartea, izango da musika emanaldia, eta Donostiarako joan-etorria egiteko doako garraio zerbitzua jarri du Azpeitiko Udalak, Kursaal Eskura egitasmoaren barruan. Martxoaren 15era arte eman daiteke izena autobusean.

La Cetra Baroque orkestrak eta Vocalconsort Basel abesbatzak martxoaren 19an Donostiako Kursaalen emango duten kontzertura joateko doako autobusa antolatu du Azpeitiko Udalak, Kursaal Eskura egitasmoaren barruan. Johann Sebastian Bachen Nekaldia San Joanen arabera lana entzuteko aukera izango dute egun horretan. Interesdunek martxoaren 15a baino lehen eman beharko dute autobusean izena.

Autobus zerbitzua erabili nahi dutenek, aurrena, kontzerturako sarrerak erosi beharko dituzte kursaal.eus webgunean, eta ondoren hartu ahal izango dute autobuserako txartela, 943-15 70 68 telefono zenbakira deituta edo kultura@azpeitia.eus helbidera idatzita.

Halaber, 30 urtetik beherakoek eta langabezian dauden herritarrek sarrerak ere udalean erreserbatu behar dituzte, autobuseko joan-etorriarekin batera. Hiru euroren trukean lor ditzakete sarrerak gazteek eta langabetuek; sarrera autobusarekin batera erreserbatu ondoren, kontzertuko egunean Kursaaleko leihatilan ordainduko dute, adina (Ordu Gaztea) zein lan egoera (langabetua) egiaztatuta.

Martxoaren 19an, 19:30ean hasiko da Kursaaleko kontzertua, eta autobusa 18:15ean abiatuko da Azpeitiko anbulatorio aurreko geltokitik.