Ikastetxeetan ere Martxoaren 8arekin bat

Nerea Uranga 2024ko mar. 8a, 17:37

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Urola Ikastolan eta Iraurgi ikastetxean ere Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginda hainbat ekintza egin dituzte.

Gaur, Martxoaren 8arekin, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat eginez hainbat ekintza egin dituzte Azpeitiko ikastetxeetako irakasle eta ikasleek.

Urola Ikastola BHIko Pintura ikasgaiko ikasleek Azpeitiko Emakumeen Txokoko Empalabramientoko ikasleekin elkarlanean pegatinak sortu dituzte, eta pegatinekin ikastetxean horma irudia osatu dute, ikastetxeko ikasle denak bertan pegatinak itsastera gonbidatuz. Era horretan, Martxoaren 8aren inguruko mezuekin eta irudiekin sortu dute horma irudia.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin ere, berdintasunaren aldeko aldarriekin hainbat ekintza egin dituzte. Eguna hasteko, DBHko lehen mailako ikasleek emakumeen aldeko aldarrikapena irakurri dute ikastolako megafoniatik. Lehen Hezkuntzako ikasleek, berriz, Martxoaren 8arekin lotuta jarduera bereziak egin dituzte: beren bizitzako emakume harrigarrienei gutunak idatzi, tximeletak more kolorez margotu, emakumeen eskubideen aldeko leloak idatzi eta abar.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzakoek egunaren aurretik ogibideak landu dituzte, baita Daniela pirataren ipuina ere. Gaur, denak, pirataz mozorrotuta hainbat jolas eta dinamika egin dituzte. Lehen Hezkuntzakoek, berriz, aurrezagutzak landu dituzte, eta Martxoaren 8an bueltan elkarrizketan jardun dute. Ondoren, ikasleen artean ateratako ideiak bilduz bideoa –emakume zientzialariak (nazioartekoak eta euskaldunak), biografiak, albisteak, komikiak, denboraren lerroak, karta jolasak, eskulanak… bildu dituzte– egin dute, eta denek elkarrekin ikusi dute.

Iraurgi ikastetxean, egun guztian eta maila denetan egin dituzte Martxoaren 8arekin lotutako sentsibilizazio ekintzak. Horma irudiak eta eskumuturrekoak margotu dituzte emakumeen aldeko aldarriekin. Martxoaren 8a zaintza gai hartuta galdetegi bat ere bete dute, etxeko zereginak nork egiten dituen grafiko batean irudikatuz. Era berean, Bizenta Mogel idazlearen bizitza landu dute. Arratsaldean, berriz, Emakumeak Automobilismoan izan dituzte ikastetxean, eta talde horretako lau kidek automobilismoak ematen dien bizi poza adierazi diete ikasleei, baita segurtasunez gidatzea dela garrantzitsuena nabarmendu ere. Emakume gidarien eskutik automobilismoari buruz jardun dute, eta auto lasterketetako auto bat barrutik ikusteko aukera izan dute.