Ekitaldi jendetsuekin borobildu dute Emakumeen Nazioarteko Eguna

Aitziber Arzallus 2024ko mar. 8a, 21:03

Azpeitiko Feministen Sareak deituta, Gure bizitzekin negoziorik ez! Hartu dagokizuen ardura lelopean, elkarretaratzea egin dute batetik; eta Itaiak deituta, Emakume langileok borrokara! Sozialismoa eraiki lelopean, manifestazioa bestetik. Bi mobilizazioen osteko hitzartzeetan indarkeria matxista izan dute hizpide: erasoei aurre egiteko autodefentsa feminista defendatu du Azpeitiko Feministen Sareak; Itaiak, berriz, instituzioetatik aldendutako antolakuntza.  

Emakumeen Nazioarteko Egunean, herriko plaza aldarrikapenen zelai izan da egun guztian. Eguerdia bitartean, han bildu dira Ikasle Abertzaleek egindako deialdiarekin bat egin duten ikasleak, baita Emakumeen Txokoko Empalabramiento guneko kideak ere; eta arratsalde partean, beste bitan bete da plazan, ehunka izan baitira Azpeitiko Feministen Sareak batetik eta Itaiak bestetik deitutako mobilizazioetan parte hartu duten herritarrak.

17:00ak pasatxo zirenean hasi dira aurreneko herritarrak plazara bertaratzen, umeak eta haien gurasoak gehienak, Azpeitiko Feministen Sareak antolatuta egin dituzten girotze tailerretara. Trikiti doinuen giroan, txapak eta pankartatxoak egiten aritu dira umeak. Pixkanaka plaza betez joan da, Azpeitiko Feministen Sareak 18:00etarako deitua baitzuen eguneko ekitaldi nagusia. Gure bizitzekin negoziorik ez! Hartu dagokizuen ardura lelopean elkarretaratze jendetsua egin dute, eta ondoren, ekitaldia ere bai. Besteak beste, indarkeria matxista eta karnabaletan herrian izandako erasoak izan dituzte hizpide ekitaldiko hitzartzea. "Atzean egiturazko sistema oso bat dute sostengatzeko eta justifikatzeko. Eta karnabaletan gure herrian gertatutako erasoak sistema horren adibide dira. Emakumeonganako kontrol eta beldur mekanismoek ez gaituzte geldiaraziko. Erasoei aurre egiteko autodefentsa feminista da dugun tresna. Autodefentsa feministak har ditzakeen hamaika bide eta forma sortzen eta aplikatzen segituko dugu. Berriz ere berresten gara aldarri honetan", adierazi dute. Adierazpena irakurri ostean, Irune Book hartu du mikrofonoa, Anariren Vinu, cantares y amor abesteko, eta ondoren, Azoka Plazan mokadutxoa eginda borobildu dute Azpeitiko Feministen Sareak gaur arratsalderako prestatutako egitaraua egitaraua.

Itaiak, berriz, 19:00etan plazara azaltzeko deia eginda zeukan gaurko, eta ugari izan dira emakumeen antolakunde sozialistari jaramon eginda hara bertaratu diren herritarrak. Emakume langileok borrokara! Sozialismoa eraiki zioen pankartaren atzetik manifestazioa egin dute herrian barrena, eta haiek plazan bukatu dute mobilizazioa, ekitaldi batekin. Hitzartzean, indarkeria matxistaren dimentsioa zenbaterainokoa den erakusten duten hainbat datu plazaratu dituzte: "Lau urte, hiru herri, 152 eraso matxista. Horiek dira Azpeitan, Azkoitian eta Zestoan 2019tik 2022ra bitartean, datu ofizialen arabera salatutako indarkeria matxistaren zenbakiak; baina eraso asko eta asko isilpean pasatzen dira". Hala eta guztiz ere, oraindik indarkeria matxista ukatzen dutenak asko direla gaitzetsi dute, eta ohartarazi dute "ideia erreakzionario horiek gazteen artean sakontzen ari diren arren", indarkeria matxistak oraindik eguneroko ogia izaten jarraitzen duela.

"Horren aurrean, ezin dugu beste aldera begiratu, guztioi dagokigu egunerokotasunean erasoen aurrean erantzutea. Gainera, ezin dugu, ezta ere, instituzioek esku har dezaten zain egon. Horregatik, beharrezkoa da gaurtik instituzioekiko indar independentea eraikitzen hastea, eraso ororen aurrean eta erasotzaile ororen aurka eraginkortasunez eta irmotasunez erantzungo duena. Bide horretan, dei egiten dugu indarkeria matxistaren aurka egiteko antolatzera".