Egitarau berezia prestatu dute Azpeitiko Udal Liburutegiaren 60. urtemuga ospatzeko

Nerea Uranga 2024ko mar. 18a, 12:13
Azpeitiko Udal Liburutegiaren 60. urteurreneko egitarauaren aurkezpena. (Azpeitiko Udala)

Apirilaren 5ean 60 urte beteko dira Azpeitiko Udal Liburutegia inauguratu zutenetik, eta urtemuga ospatzeko martxoaren 21etik maiatzaren 8ra bitartean egitarau berezia osatu dute, herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean.

Azpeitiko Udal Liburutegiak 60 urte beteko ditu aurten; hain zuzen ere, 1964ko apirilaren 5ean inauguratu zuten, eta hurrengo egunean zabaldu zuten herritarrentzako. Liburutegia aurrena Iturritxikin egon zen, eta 1989. urtetik Enparan Dorretxean dago. Urtemuga borobila ospatzeko martxoaren 21etik maiatzaren 8ra bitarterako egitarau berezia prestatu dute, Azpeitiko hainbat eragilerekin elkarlanean.

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, urte guzti hauetan liburutegiak aldaketak izan ditu garaian garaira egokituz, eta gaur egun bizirik dagoen erakunde publikoa da Azpeitiko Udal Liburutegia: "Urte hauetan asko aldatu dira liburutegiaren izaera eta edukiak, herria eta gizartea aldatu diren bezalaxe. Literaturaren eta teknologiaren bilakaerak eragin zuzena izan dute bai liburutegiaren garapenean, bai espazioaren erabileran. Izan ere, Azpeitiko Udal Liburutegia bizirik dagoen erakunde publiko bat da, herritarrekin eta herritarrentzat eraikitzen ari dena etengabe".

Azpeitiko Udal Liburutegia herriko eragileekin elkarlanean aritzen dela azpimarratu du udalak, eta eragileengandik jasotako ekarpenekin "zerbitzua aberastu" egiten dela nabarmendu du. "Liburutegian errotuta dago elkarlana, eta etorkizunean ere elkarlan hori indartzen eta hazten joatearen aldeko apustua egingo da", adierazi dute Azpeitiko Udal Liburutegiaren 60. urteurrena aurkezpenean.

Martxoaren 21etik maiatzaren 8ra artean antolatu dituzten ekintzetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak, eta ekintzetan aurrez izena emateko 943-15 71 95 telefono zenbakira deitu edota 688 81 55 06 zenbakira Whatsapp mezua bidali behar dela zehaztu dute.

Egitaraua:

  • Martxoak 21, osteguna.
    17:30. 3-5 urte arteko haurrentzat eta haien familientzat irakurketa kluba., Maria Garcia Laderorekin, Azpeitiko Udal Liburutegian. Aurrez izena eman behar da, eta hiru hitzordu izango dira; martxoaren 21ean, apirilaren 24an eta maiatzaren 20an.
    18:00. Poesiaren Nazioarteko Egunean Apoako kideen ahotsean poesia errezitaldia. Azpeitiko Udal Liburutegian.
  • Apirilak 9, asteartea.
    17:30. Ipuin kontaketa HH4ko haurrentzat, Lupe Lekuona ipuin kontalariarekin. Azpeitiko Udal Liburutegian. Aurrez izena eman behar da.
  • Apirilak 18, osteguna.
    17:30. LH3 eta LH4ko ikasleentzat irakurleen txokoa, Poesiaren bidean barna. Aurrez izena eman behar da.
  • Apirilak 23, asteartea.
    17:30. Kontu Konta kantaldia, Itziar Saenz de Ojerrekin. Ipuin musikatuak 4 urtetik gorakoentzako eta helduentzako. Azpeitiko Udal Liburutegian. Aurrez izena eman behar da.
  • Apirilak 25, osteguna.
    11:00. Irakurketa errazeko festa, Goienetxe Funfdazioko eta Biharko eguneko zentroko taldeekin. Azpeitiko Udal Liburutegian.
    18:00. Vuelta al pais de Elkano liburuaren inguruan Ander Izagirreren hitzaldia, Azpeitiko Udal Liburutegian.
  • Apirilak 26, ostirala.
    17:30. Liburu abenturak eskulan tailerra, ludoteketakoekin elkarlanean, Azpeitiko plazan. Aurrez izena eman behar da.
  • Apirilak 30, asteartea.
    18:00. Literatura solasaldia, Miren Amurizaren Basa liburuaren inguruan, Pako Aristik dinamizatuta. Azpeitiko Udal Liburutegian.
  • Maiatzak 8, asteazkena.
    17:30. HH5eko haurrentzako ipuin kontaketa, Pello Añorga ipuin kontalariarekin. Azpeitiko Udal Liburutegian. Aurrez izena eman behar da.