40 urte eta gero, Pasaiako sarraskian gertatutakoak "ofizialki aitortu gabe" jarraitzen duela salatu dute

Nerea Uranga 2024ko mar. 18a, 13:41
Ainara Esteran Egiari Zor Fundazioko kidea eta Arantxa Isart, Pello Aizpuru eta Karlos Delas Pasaiako segadan hildakoen senideak. (Pasaia Argitu)

Martxoaren 22an 40 urte beteko dira Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik. 40 urteotan epaitegietan justizia lortu nahian jardun dutela azaldu dute lau hildakoen senideek, eta oraindik segadan gertatutakoa "ofizialki aitortu gabe" dagoela salatu dute senideek eta Egiari Zor Fundazioak. Urtemugari lotutako ekitaldi nagusia martxoaren 23rako (larunbata) antolatu dute Azpeitian.

Pasaiako sarraskiaren 40. urteurrena atzera begiratu eta urteotako ibilbideari begirada bat botatzeko baliatu nahi dute Pasaiako badian (Gipuzkoa) hil zituztenen senideek eta Egiari Zor Fundazioak. Nabarmen salatu dute Pasaiako badian gertatutakoak "ofizialki aitortu gabe" jarraitzen duela. "40 urteotan epaitegietan justizia lortu nahian ibili gara. Eta epaileek hilketa zantzuak daudela onartu arren, inoiz ez dute auzia argitzeko borondaterik erakutsi", kritikatu dute. 40 urtemuga gogoan, hainbat ekintza antolatu dituzte, eta ekitaldi nagusia martxoaren 23an, zapatuan, 19:00etan, Azpeitiko Azoka Plazan egingo dute.

1984ko martxoaren 22an Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituzten Pasaiako badian. Segada baino egun batzuk lehenago, Rosa Jimeno oriotarra bahitu eta torturatu zuen Espainiako Poliziak, eta bere kideekin Pasaiako badian hitzordua lotzera behartu zuten. Itsasoz iritsi ziren Jimenoren bost kideak Pasai Donibanera, eta tiroka hartu zituen poliziak. Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak bertan hil zituen poliziak; 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Joseba Merino izan zen segadatik bizirik atera zen bakarra.

Ordutik, Pasaian hil zituztenen senideek eta lagunek gertatutakoa argitzeko ahaleginean jardun dute. "2017an Espainiako Auzitegi Konstituzionalean auzia probisionalki artxibatu egin zuen. Ondoren, senideon ahaleginari esker, iazko otsailean Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak auzia berriro ireki zuen, baina ez dugu justizia lortzeko itxaropenik. Inoiz ez dugulako sinetsi Espainiako epaitegietan argituko denik".

Bide judizialetik ezer ez zutela lortuko ikusita, babes politikoaren eta instituzionalaren bila jo zuten hildakoen senideek eta lagunek. "40 urte hauetan, Azpeitiko Udala ez beste instituzioek gurekiko izan duten jarrera indiferentzia eta beste aldera begiratzea izan da. Horren adibideetako bat honakoa da: Eusko Jaurlaritzak eskatuta Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrak auziari buruz egin zuen ikerketa txostena guri hiru urte geroago helarazi izana. Ikerketa txostena hiru urtez kaxoi batean gorderik eduki zuen Eusko Jaurlaritzak, guri ezer komunikatu gabe. Egoera hori oso mingarria izan da guretzat. Gogoratu behar da aipatu txostenak, ondorioetan, bertsio ofiziala gezurtatzen edo zalantzan jartzen duela, eta aipatzen dituela auzibidea 'atzeratu eta oztopatzeko' Espainiako Poliziaren arduradunen ahaleginak. Horrez gain, 'epaiketarik gabeko exekuzioa' bezalako terminoak aipatzen ditu txostenak. Noiz arte Espainiako Polizia arduradunen horrelako ahaleginak? 40 urte ez al dira nahiko behingoz auzia hartu eta behar duen aitortza emateko?".

Herritarren gertutasuna lagun

Pasaiako segadan gertatutakoa ikertzeko eta argitzeko epaitegietan eta erakundeen aldetik jasotako "borondate ezaren" aurrean, herriarengana eta herritarrengana jotzea izan dute Pasaian hildakoen senideek helduleku bakarra. Herritarrengandik jasotako erantzuna bestelakoa, "paregabea", izan dela azpimarratu dute. "Elkartasuna eta maitasuna jaso ditugu herritarrengandik. Era batera edo bestera sentitu dugun gertutasuna izugarria izan da. Bai ekitaldiak antolatzeko, bai dokumentalaren proiektua aurrera ateratzeko eta baita bide judizialaren arloan antolatu ditugun ekimenetan ere. Herritarrei esker urte hauetako lan astun eta neketsu hau askoz eramangarriagoa egin zaigu". Herritarrek egindako lanaz gainera, kulturgileen lana ere azpimarratu dute Pasaian hil zituztenen senideek. "Esaterako, Barricada taldearen Bahia de Pasaia abestiak gure senideen erailketen salaketa dozenaka mila belarritara eta ezpainetara eraman zuen, eta eramaten jarraitzen du. Aurten, gainera, Azpeitian egingo dugun ekitaldi nagusian, Enrique Villareal El Drogasek parte hartuko du".

Egiari Zor Fundazioaren lana ere azpimarratu eta eskertu dute Pasaiako sarraskian hildakoen senideek. "Martxoaren 24a Egia Jakiteko Eskubidearen Eguna dela kontuan hartuta, aurtengo urtemugako ekitaldi nagusia elkarlanean antolatu dugu", azaldu dute. Hala, Pasaiako segadaren 40. urtemuga gogoan martxoaren 23an, zapatuan, 19:00etan, Azpeitiko Azoka Plazan egingo duten ekitaldira deitu dituzte herritar guztiak. "Batzuek auzia inpunitatean utzi nahi badute ere, senideok ez gaude horretarako prest. Gure konpromisoa irmoa da. Duintasunez bide berriak jorratzen jarraituko dugu guztia ikertu eta argitu arte. Gure senideei zor diegu", adierazi dute.

Pasaiako sarraskiaren 40. urteurrenaren bueltan Nafarroan, Pasaian eta Azpeitian antolatu dituzte ekintzak. Azpeitian honako ekintzak prestatu dituzte:

  • Martxoak 22, ostirala. 19:00etan, lore eskaintza egingo dute, Enparan Dorretxearen atzealdeko oroigarrian.
  • Martxoak 23, larunbata. 19:00etan, ekitaldi nagusia izango da, Azoka Plazan.
  • Martxoaren 25etik apirilaren 11ra, erakusketa zabalik izango da, Foru Ibilbideko erakusketa aretoan.