Azpeitiarren doinuak

Oihana Labianoren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2024ko mar. 20a, 18:00
Oihana Labiano. (Utzitakoa)

Azpeitiarren doinuak seriearen barruan, Aste Santuko oporraldiaren bueltan, asteazkenero, hainbat herritarrek aukeratutako bosna euskal kanta jaso ditu aurten ere Uztarriak. Aste Santuen bueltako lehen kantu zerrenda Oihana Labiano bertsolariaren hau da.

  • Hizkiak eta piztiak (Desgaraian)

"Azken urtebetean etengabe entzuten dudan taldea da Desgaraian. Momenturo kotxean, etxean, autobusean, lanean... Gure kantarik gogokoenak zein diren galdetzen digutenean, momentu horretan gogokoen duzun taldeaz oroitzea da normalena. Niretzat, momentuko talderik gogokoena hauxe da".

  • Dena aldatzen da (Ines Osinaga)

"Unibertsitate ikasketak Euskal Herritik kanpo egin nituen, garai ahaztezina izan zen, betirako markatzen zaituen horietakoa. Etxetik lehen aldiz joaten zarenean sentimendu anabasa izaten da: beldurra, kezka, irrika, urduritasuna, poza, tristura... baina kanta honek dioen bezala, dena aldatzen da. Onena eta txarrena, dena. Garai hartan asko entzuten nuen kanta da hau, bizitza horrela hartu nahian agian. Dena hasten da, aldatzen eta amaitzen da".

  • Abuela Maria Luisa (Pirritx, Porrotx eta Mari Motots)

"Haurra nintzenean gurasoekin kotxean egindako bidaiak gogoratzen ditudanean nire pentsamenduen sintonia Pirritxen eta Porrotxen diskoetara mugatzen da. Dialogoak ere buruz jakiten genituen anaiak eta biok. Kanta asko aipatu ditzaket baina bat aukeratzekotan, helduagoa naizela ere gustukoa izaten jarraitzen duen hauxe aukeratzen dut".

  • Maravillas (Berri Txarrak)

"Berandu samar hasi nintzen Berri Txarrak taldearen fana izaten. Kantaren bat edo beste lehenagotik ezagutzen nuen arren, ez nintzen taldearen jarraitzailea. Beraien azken kontzertuak ematera zihoazela, kontzertu horietako batera joateko aukera suertatu zitzaidan. Hasiera batean irrika berezirik gabe egin nuen plana, baina kontzertu batera noan bakoitzean egiten dudan bezala, taldearen kantak aurrez entzuteari ekin nion. Gero eta gehiago gustatzen zitzaizkidan kantak, eta kontzertua itzela izan zen. Liluratu egin ninduten. Beti esango dut, atzetik eta berandu iritsi nintzela maravilla horretara".

  • Tabernako argiak (McOnak)

"Kanta honek gauza asko gogorarazten dizkit. Aitak eta biok askotan abestu izan dugu eta abesten jarraitzen dugu, gogoko dugulako. Udalekuetan ezagutu nuen kanta, eta horrek ere oroitzapen onak ekartzen dizkit. Baina garrantzitsuena, larunbat gau askotan harrapatu izan naute tabernako argiek, nire lagunik onenekin eta poz-pozik gehienetan, beraz, beraiekin oroitzeko tartetxoa da niretzat kanta hau entzutea".