'Tótem' eta 'Boonie Bears: regreso a la tierra' filmak, asteko eskaintza Soreasun

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 21a, 09:38
'Tótem' filmaren irudi bat

Tótem drama mexikarra igandean (19:30) eta astelehenean (21:00) emango dute, eta animaziozko film txinatarra, berriz, igandean bakarrik (16:30). Ohi bezala, sarrerak aurrez eros daitezke Kulturazen webgunean.

Azkenaldiko egutegia izango du aste honetan ere zinema eskaintzak Soreasu antzokian. Horrela, datorren igande arratsaldean eta astelehen iluntzean izango da zinemaz gozatzeko parada Azpeitiko antzokian.

Igandean (19:30) eta astelehenean (21:00) emango dute Lila Aviles zuzendariaren Tótem (Mexiko, 2023). Haurtzaroa eta familia gatazkak oinarrian dituen drama da Tótem."Solek (Naima Senties), 7 urteko neska txikiak, aitonaren etxean emango du eguna, aitaren omenezko ustekabeko festa prestatzen. Egunean zehar, baina, kaosa nagusituko da Solen familiaz, haren zimenduak lehertzeraino", irakur daiteke filmaren sinopsian.

Boonie Bears: regreso a la tierra (Huida Lin, Txina, 2022) animaziozko filma, berriz, bereziki umeei zuzendutako igande arratsaldeko saioan emango dute, 16:30ean. Boonie Bears otsoen abenturen saileko azken filmaren sinopsia da hau: "Espazioko objektu ezezagun bat Lur planetan lurreratzearekin batera, Bramblek trebetasun berriak lortzen ditu, eta lagun estralurtar bat ezagutzen du".

Ohi bezala, zinema emanaldietarako sarrerak aurrez eros daitezke Kulturaz.eus webgunean.