'Muga' filmaren grabaketak trafiko mozketak eragingo ditu bihar

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 21a, 16:22

Gauez moztuko dute trafikoa. Grabaketa lanek eragina izango dute Urola kalean, GI-361 errepidean eta Lasaoko bidegorrian. 

Burdinbideari buruzko Muga filmerako grabaketak egiten arituko dira bihar, ostirala, Azpeitian. Grabaketa lan horiek eragina izango dute trafikoan. Udalak jakinarazi duenez, gauean egingo dituzte trafiko mozketak. Urola kalean, 01:00etik 05:00etara, bost minutuka utziko diete pasatzen ibilgailuei, eta hainbat aparkaleku kendu egingo dituzte. Argindarra ere moztu egingo dute ordutegi horretan.

GI-361 errepidean ere bost minutuko etenak egingo dituzte trafikoan, AVIA gasolindegitik Burdinbidearen Euskal Museoaren parera arte. Lasaora doan bidegorrian ere izango du eragina grabaketak. 22:00etatik 02:00etara bitartean, bost minutuko mozketak egingo dituzte.