Poesiarekin eta haurren literaturarekin hasi dira Udal Liburutegiaren 60. urtemugako ekitaldiak

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 22a, 15:06

60 urte beteko ditu Azpeitiko Udal Liburutegiak, eta atzo hasi ziren urtemuga ospatzeko antolatu dituzten ekintzak. Alde batetik, Maria Garciaren eskutik, haurrentzat eta gurasoentzat irakurketa kluba egin zuten. Bestetik, Apoako kideek poesia errezitaldia eskaini zuten.

Atzo arratsaldean ireki zuten Azpeitiko Udal Liburutegiaren 60. urtemugaren bueltan antolatutako egitaraua; izan ere, apirilaren 5ean 60 urte beteko dira Azpeitiko Udal Liburutegia inauguratu zutenetik. Urtemuga borobila ospatzeko askotariko ekintzak antolatu dituzte adin guztietako herritarrei zuzenduta, eta atzo murgildu ziren maiatzaren 8ra arte luzatuko den egitarauan. 

Alde batetik, Maria Garciak zuzenduta, haurrentzat eta gurasoentzat irakurketa kluba izan zen. Etxeko txikienek eta haien senideek haurren literaturaz gozatzeko aukera izan zuten. Bestetik, Apoako kideek poesia errezitaldia eskaini zuten, Poesiaren Nazioarteko Eguna izan baitzen atzokoa. 

Azpeitiko Udalak adierazi duenez, urte guzti hauetan liburutegiak aldaketak izan ditu garaian garaira egokituz, eta gaur egun bizirik dagoen erakunde publikoa da Azpeitiko Udal Liburutegia: "Urte hauetan asko aldatu dira liburutegiaren izaera eta edukiak, herria eta gizartea aldatu diren bezalaxe. Literaturaren eta teknologiaren bilakaerak eragin zuzena izan dute bai liburutegiaren garapenean, bai espazioaren erabileran. Izan ere, Azpeitiko Udal Liburutegia bizirik dagoen erakunde publiko bat da, herritarrekin eta herritarrentzat eraikitzen ari dena etengabe".

Hona hemen datozen asteetarako prestatutako ekintzak: 

  • Apirilak 9, asteartea.
    17:30. Ipuin kontaketa HH4ko haurrentzat, Lupe Lekuona ipuin kontalariarekin. Azpeitiko Udal Liburutegian. Aurrez izena eman behar da.
  • Apirilak 18, osteguna.
    17:30. LH3 eta LH4ko ikasleentzat irakurleen txokoa, Poesiaren bidean barna. Aurrez izena eman behar da.
  • Apirilak 23, asteartea.
    17:30. Kontu Konta kantaldia, Itziar Saenz de Ojerrekin. Ipuin musikatuak 4 urtetik gorakoentzako eta helduentzako. Azpeitiko Udal Liburutegian. Aurrez izena eman behar da.
  • Apirilak 25, osteguna.
    11:00. Irakurketa errazeko festa, Goienetxe Funfdazioko eta Biharko eguneko zentroko taldeekin. Azpeitiko Udal Liburutegian.
    18:00. Vuelta al pais de Elkano liburuaren inguruan Ander Izagirreren hitzaldia, Azpeitiko Udal Liburutegian.
  • Apirilak 26, ostirala.
    17:30. Liburu abenturak eskulan tailerra, ludoteketakoekin elkarlanean, Azpeitiko plazan. Aurrez izena eman behar da.
  • Apirilak 30, asteartea.
    18:00. Literatura solasaldia, Miren Amurizaren Basa liburuaren inguruan, Pako Aristik dinamizatuta. Azpeitiko Udal Liburutegian.
  • Maiatzak 8, asteazkena.
    17:30. HH5eko haurrentzako ipuin kontaketa, Pello Añorga ipuin kontalariarekin. Azpeitiko Udal Liburutegian. Aurrez izena eman behar da.