Pasaiako segadako gertakariak eta hildakoak gogoratu dituzte Esklabetan, sarraskiaren 40. urteurrenean

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 24a, 16:57

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatuta, hainbat ekintza egin zituzten atzo Esklabetan. Solasaldia, gertakarien inguruko erakusketa informatiboa, bazkaria eta ekitaldia egin zituzten. Hildakoak gogoan hartu ez ezik, "estatu zapaltzaileen aurka borrokan jarraitzearen ezinbestekotasuna" aldarrikatu zuten. 

Ostiralean, martxoaren 22an, 40 urte bete ziren Espainiako Estatuko segurtasun indarrek Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituztenetik: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. Beste urte batez, Pasaian jazotakoak eta hildakoak oroitu dituzte Esklabak zentro sozialistan. 

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatuta, hainbat ekintza egin zituzten atzo Esklabetan. Egitarau xumea prestatu zuten 40. urteurrenaren bueltan, baina zorrotz gogoratu zituzten duela lau hamarkada jazotako gertakariak. Goizean, Joseba Merinok hartu zuen hitza, eta haren bizipenak elkarbanatu zituen. Era berean, hitzaldira bertaratu zirenek askotariko galderak egiteko aprobetxatu zuten. Bitarte horretan eta egun osoan zehar, Pasaian izandako sarraskiari lotutako erakusketa informatiboa izan zen ikusgai Esklabetako areto nagusian. Ondoren, bazkaria egin zuten Esklabetan bertan, eta arratsaldean ekitaldia egin zuten Pasaiako segadan hildakoen omenezko harriaren parean, musikaz eta olerkiz lagunduta.  

"40. urteurren esanguratsu" honetan,  Kontseilu Sozialistak "beharrezko" ikusi du "estatu kapitalistaren basakeria" gogoratzea: "Estatu kapitalistaren basakeria ez da iraganeko kontua. Alderantziz, baizik. Egun bizi dugun testuinguruan, estatuen biraketa autoritarioa bizitzen ari gara. Horren adierazle ditugu egitura militarren indartzea, poliziaren hedatze eta normalizazioa zein faxismoaren gorakada, besteak beste". 

"Esperientzia iraultzaileen aitortza egitea eta beraien ekarpenak jasotzea" dagokiola adierazi du Kontseilu Sozialistak, "egungo erronkei aurre egin ahal izateko, borrokan bizia eman zuten iraultzaileak gogora ekarri eta beraien konpromiso militantea zein borrokaren zilegitasuna aldarrikatzearekin batera". Hori dela eta, Pasaiako segadan hildakoak gogoratzea haien egitekoa dela nabarmendu dute: "Pasaian eraildako lau kideak ez ezik, borrokan eroritako iraultzaile guztiak gogora ekarri eta gure oroimenean bizirik jarraitzen dutela adierazi nahi dugu", adierazi du Kontseilu Sozialistak.

(Argazkiak: Kontseilu Sozialista)