Musika eta zinema bat eginda, Udal Musika Bandaren emanaldi berezian

Maialen Etxaniz 2024ko mar. 24a, 17:48

Goazen zinemara izeneko emanaldia eskaini du gaur eguerdian Udal Musika Bandak Soreasun. Zinemazaleen gozagarri, hainbat film ezagunetako soinu bandak entzuteko parada eskaini dute bandako kideek. Unai Frantsezenak zuzendu du emanaldia, baita proiekzioak sortu ere. 

Zinemazaleen edo musikazaleen gusturako, emanaldi berezia eskaini du gaur Azpeitiko Udal Musika Bandak Soreasu antzokian. Hain zuzen, Goazen zinemara izeneko ikuskizuna oholtzaratu dute gaur. 12:30ean hasi da emanaldia, eta ordubete pasatxo iraun du. 

Soreasura bertaratu direnek, film ezagunetako soinu bandez gozatzeko aukera izan dute, baita film horietako irudien proiekzioak ikusteko aukera ere. Unai Frantsezena udal musika bandako zuzendariak gidatu du emanaldia, baina horrez gain, filmetako irudien muntaia ere hark egin du. Modu horretan, musikarien piezek bat egin dute filmetako gertakarien erritmoekin. Guztira, zazpi film ezagunetako soinu bandak entzuteko aukera izan dute Soreasura bertaratu direnek. Gainera, emanaldia amaitzean, beste abesti bat eskatu dute entzuleek, eta proiekziorik gabe izan bada ere, bandako kideek azken pieza bat eskaini dute. 

Honako hauek izan dira Goazen zinemara emanaldiko filmak eta soinu bandak: 

  • "Gladiatore" (The gladiator)
    Hans Zimmer - Mold: Massimiliano Legnaro
  • "Alize lurralde miresgarrian" (Alice in wonderland)
    Danny Elfman - Mold: Michael Brown
  • "Super gizona" (Superman)
    John Williams - Mold: Bob Lowden
  • Pantera arrosa - Clouseau inspektorea" (The pink panther - Inspector Clouseau)
    Henry Mancini - Mold: Johan de Meij - Luigi Pieri
  • Paradisu zinema berria (Nuovo cinema paradiso)
    Ennio Morricone - Mold: Peter Kleine Schaars
  • Harkaitza (The rock)
    Harry Gregson Williams, Nick Glennie-Smith, Hans Zimmer Mold: John Glenesk Mortime
  • Oilasko Ihesa (Chicken run)
    John Powell, Harry Gregson Williams - Mold: Paul Murtha