Itsaspeko bizitzaren ederrena erakustera dator Cimasub Soreasura

Maialen Etxaniz 2024ko api. 10a, 11:38

Gaur hasiko da Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren barruko jardunaldia. Apirilaren 10ean, 17an eta 24an eskainiko dituzte proiekzioak Soreasun. Cimasubek urpeko argazkiez, film laburrez eta dokumentalez gozatzeko eta itsasoko ingurumen-hezkuntzari buruzko sentsibilizazioa lana egiteko aukera eskaintzen du. Emanaldiak doakoak izango dira. 

Azpeitia izango da Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren hurrengo geltokia. Gaur hasita, hilak 10 eta 17an eta 24an jarraituta, itsaspeko munduari buruzko hainbat film ikusteko aukera izango da da Soreasu antzokian; horrez gain, apirilaren 11tik 21era arte, argazki erakusketa bat egongo da ikusgai Sanagustin kulturgunean. Soreasuko emanaldiak 19:00etan hasiko dira.

Urte osoan, hainbat herritan eskaintzen ditu saioak Cimasubek. Aurtengo ediziorako urpeko 500 argazki, 84 film labur eta 24 dokumental baino gehiago aurkeztu ziren lehiaketara, eta horietatik 23 film labur eta 3 dokumental aukeratu zituzten jaialdirako. Cimasuben atarian kontsulta daiteke jaialdiko programa. Emanaldi guztiak doakoak izaten dira.

Gaur egun, 47 edizioren ondoren, eta erakundeen babesari eta laguntzari esker, Cimasub munduko itsaspeko zinema jaialdirik luzeena da, eta mundu mailan erreferente. Hain zuzen ere, aukera eskaintzen du urpeko argazkiez, film laburrez eta dokumentalez gozatzeko eta itsasoko ingurumen-hezkuntzari buruzko sentsibilizazioa lana egiteko. 

Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren helburua "itsas hondoa ezagutaraztea eta harekiko maitasuna eta errespetua transmititzea" da. 1975ean sortu zuen jaialdia Real Sociedad Itsaspeko Elkarteak. Urpekari talde horrek itsasoa eta urpeko irudiak maite zituen, eta zinema eta argazkilaritza erabiliz, ozeanoek ezkutatzen duten edertasun eta biodibertsitate guztia erakusteari eta giza portaeraren ondorioz duten egoera larria erakusteari ekin zion.

Iaz, 14.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten jaialdiaren barruan antolatutako jardueretan. Itsaspeko zinemari buruzko 44 saio egin zituzten 21 herritan eta hamasei argazki erakusketa hamabost herritan.