Bertako produktuak eta sukaldaritza eskutik, 'Little Chef Km 0' jardueran

Maialen Etxaniz 2024ko api. 29a, 19:02

Dozenaka gaztetxo, larunbateko jardueran. (Kids&Us)

Bertako produktuak ardatz hartuta, sukaldean aritu ziren larunbatean Azoka Plazan. Elkarlanean antolatu zuten ekimena Kids&Us-ek eta Elikaguneak. 

Kids&Us-ek antolatuta eta Elikagunearekin elkarlanean, Little Chef Km0 ekitaldia egin zuten larunbatean Azoka Plazan. Familia ugari aritu ziren bertako produktuekin errezetak egiten. Elikagaien inguruan ikasteaz gain, sukaldaritzan ere aritu ziren haurrak eta gurasoak elkarrekin. "Ekitaldi hau aukera paregabea izan zen haurrak eta gurasoak inguruko produktuetara hurbildu eta haiekin esperimentatzeko. Jarduera esperientzia gastronomikoa ez ezik, haurrak dantzan, kantuan eta elikagaiekin esperimentatzen dibertitzeko aukera bat ere izan zen. Giro bizi eta ezin hobea sortu zen familiek arratsalde eder bat elkarrekin igaro zezaten", azaldu dute antolatzaileek.

Era berean, "pozik" agertu dira ekitaldiak izandako harrerarekin, eta Elikagunearekin elkarlanean jarraitzeko asmoa erakutsi dute. "Little Chef Km 0en harrera onak erakusten du komunitateak interesa eta estimazioa duela tokiko elikadura osasungarria sustatzen dituzten jarduerekiko", diote.