Hazparnerekin senidetuta

uztarria.com

Azpeitia eta Hazparne, 1983tik senidetuta. 1983an egin zuten Azpeitia eta Hazparne (Lapurdi) herrien arteko senidetzea. Imanol Elias zen Azpeitiko alkatea.
- Akordioa 1986an sinatu zuten.
- Lehen senidetze eguna 1987ko apirilaren 5ean egin zuten.
- Senidetzearen 20. urteurrena ospatzeko, 2006ko uztailean hainbat ekitaldi egin zituzten Azpeitian.
- Hartu-emanak galduta zeudela-eta 2008ko uztailean Azpeitiko Udalak gaiari heldu zion berriro. Hazparnen Beñat Intxauspe hango alkatearekin eta lau zinegotzirekin bildu eta bi herriak “elkar batzen” dituzten arloetarako ildoak finkatu zituzten udalek, “folklorismoa saihestu asmoz”: arlo instituzionala eta herrikoa (elkarteekin-eta lankidetzan jorratzeko).
- 2009ko azaroan harremana sendotzeko konpromisoa hartu zuten Azpeitiak eta Hazparnek, Lapurdiko herrian egindako ekitaldian; bietako elkarteak ere izan ziren. 2010eko maiatzaren 15ean bueltako bidaia izan zen: Hazparnekoak Azpeitira etorri ziren.

Hazparne, 5.700 biztanleko herria. Lapurdiko herria da Hazparne, eta ipar-ekialdean dago, Baionatik 25 kilometrora. 2006ko datuen arabera, 5.742 lagun bizi dira. Biztanleria aldetik eusten ari da, pittin bat gora eginez: 1962an 5.224 lagun bizi ziren, 1975ean 5.081, 1990ean 5.399. Donamartiri, Donostiri, Lekorne, Lekuine, Makea eta Meaine herriekin kantonamendua edo eskualdea osatzen du —Hazparne da herri nagusia—. Frantziako Errepublika barruan, Pirinio Atlantikoetako departamenduan dago eta Akitaniako eskualdean. Hazparneko jendea Lapurdiko kostaldera joaten da lan egitera eta eskualdea bizileku soil bihurtzen ari da. Gainera, kostaldeko lagunak Hazparnera-eta bizitzera joaten ari dira, hor etxebizitzak merkeagoak direlako. Gero eta gazte gutxiago dago.
- Hazparneri buruzko webgunea

Haitz barren. Hazparneren izena ahaitz edo haitz (haz) eta barren-etik (parren) dator, eta haitzaren barrena esan nahi du. Kasualitatez, Azpeitiaren eta bien izenek badute antzekotasunik. Izan ere, Azpeitiaren izena haitz (az) eta beiti-tik (peitia) dator, eta haitzaren behealdea esan nahi du.

Beñat Intxauspe da alkatea. 2008ko martxoaren 9an egin zituzten azkeneko udal hauteskundeak eta Beñat Intxauspek irabazi zituen, botoen %65 lortuta. Ordutik da hura alkate Hazparnen. UDF Frantziako zentroko alderdiko kidea da, baina udal hauteskundeetan hautagaitza irekian aurkeztu zen: 29 laguneko zerrenda osatu zuen eta, haien artean, lau abertzale zeuden. Euskararen aldeko neurriak hartu dituzte, kasu. Era berean, 2004tik Hazparneko eskualdeko kontseilari orokorra da Intxauspe —Jacques Coumet UMP alderdiko kide eta Hazparneko orduko alkate kontserbadoreari irabazi zion; 1973tik izan zen kontseilari orokor Coumet—.
- Intxauspe, alkate berria
- Itxausperen soslaia
- Jacques Coumet, aurreko alkatea

Azkeneko hauteskunde emaitza batzuk.
- 2004ko Hazparneko kantonamenduko hauteskundeak
- 2007ko Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. UMP nagusi Hazparnen ere
- 2007ko Frantziako Presidentetzarako hauteskundeak. Sarkozy irabazle Hazparnen ere
- 2011ko Hazparneko kantonamenduko hauteskundeak

Xarlo Etxezaharreta, Udalbiltzan auzipetua. 2010eko uztailaren 15ean hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean Udalbiltzaren aurkako epaiketa, baina Etxezaharreta ez zen aurkeztu. Auzitegiak absoluzioa eman zuen, baina haren auzia argitzeke dago. Xarlo Etxezaharreta ezker abertzaleko hautetsi ohia. 70 urte beteko ditu 2011n.

Hazpandarrak ere Iparraldeko instituzio politiko propioa sortzearen alde. Batera plataformak Ipar Euskal Herrirako instituzio politikoa sortzearen aldeko galdeketa antolatu zuen 2010eko martxoaren 14an, eta Hazparnen ere aldeko botoa nagusitu zen, nabarmen: %89. Iparraldean %78koa izan zen babesa. Kontsultak ez du balio legalik, bai "politikoa", antolatzaileen iritziz.

Ekonomia: enpresa txikiak nagusi. Hazparne historikoki zapatagintza industriari lotuta egon da, baina sektore horren krisialdiaren ondorioak pairatu ditu azkeneko urteetan. 2003ko datuen arabera, bere eskualdean 594 enpresa daude eta %94k hamar langile baino gutxiago dauzkate. 50 langile baino gehiago dituzten enpresak bost baino ez dira. Lantokien %57k ez dute langile soldatadunik; horrek esan nahi du gehiengoa bere kasa dabilen autonomo, saltzaile edota laborariek osatzen dutela. Hazparneko eskualdean bizi diren langileen gehiengoak kanpoan egiten du lan.

Hazparne eskualdeko ekonomiari buruzko beste datu batzuk:
- Langileen %21 laborantzan ari dira —Ipar Euskal Herrian %7 dira—. Hala ere, laborantza da langile gehien galdu duen sektorea.
- Langileen ia laurdena industrian ari da —%15 Ipar Euskal Herrian—. Batik bat, elikadura arloan dihardute.
- Langileen %10 ari dira eraikuntzan, %9 merkantzian eta %37 zerbitzuetan.
- 1998tik Aldatu elkarteak enpresak sortzen eta laguntzen ditu. Elkarteak egoitzak dauzka Hazparnen.
- Hazparne eskualdeko ekonomia

Hezkuntza: ikastola, 1972tik. Hazparnek ere badu ikastola: Ezkia, 1972an sortua. 2003an inauguratu zuten eraikin berria. 120 bat ikasle dauzkate. Haien erdiak hazpandarrak dira eta beste erdiak inguruko herrietakoak: Aiherra, Lekorne, Makea, Bastida, Donamartiri, Donaixti... Ikasberri Azpeitiko Ikastolak duela 11 bat urte ekin zion hangoarekin hartu-emana izateari.
- Ikastolak eraikin berria

Euskara: egoera eskasa. 2006ko urteko azterketa soziolinguistiko baten arabera, Ipar Euskal Herriko 5.000-10.000 biztanleko herrietan euskararen erabilera %3,7koa zen (1997an %6,2koa, 2001ean %7koa). Kontseiluak, bestetik, Euskal Herriko 66 herri eta hiritako udalen hizkuntz politikak aztertu zituen 2007an, eta Hazparnekoa 64. tokian zegoen, 0,21 punturekin baino ez. Udalen barruan euskarak hamar ataletan duen garrantzia aztertu zuen Kontseiluak: erabaki orokorrak, hizkuntz paisaia, udal langileak, Udalaren komunikazioa… Hazparnen bada euskaltegirik: AEKren gau eskola.
- Azterketa soziolinguistikoa
- Kontseiluaren azterketa

Kultura: kultur etxea itxita. Hazparneko Udalak kultur etxea ixteko agindu zuen 2006an, “segurtasun faltagatik”. Artean Coumet kontserbadorea zegoen alkate karguan. AEK, Emazteek Diote, Radio Kultura, Alternatiba eta Eihartzea kultur taldeek erabili zuten egoitza, baina Udalak berak zeukan kultur etxearen zainketa lanak egiteko ardura. Gaur egun badituzte kulturarako lokal batzuk Hazparnen.

Gazteria: badute gaztetxea. Ttattola izena du Hazparneko Gaztetxeak. 2000ko hamarkada hasieratik dute gazteek lokala herrian. Egoitza Udalarena da eta gazteek alokairua ordaindu behar dute. Baina badute autonomia gauzak antolatzeko.
- Ttattola Gaztetxea

Festak. Sanjuanen inguruan egiten dituzte Hazparneko festak.