Mendian serio hasi zenekoa (1965-1976)

Mendian serio hasi behar zuela esan amari, eta halaxe egin zuen Joxe Takolok, 24 urtetik aurrera erabat heldu ziolako mendiari. Material ona lortzeari ekin zion. Lehendabizi bota onak, oraindik gogoratzen baitzen Auńamendin Glariatar anaia nafar futbolarien mendiko bota ederrez. “Abarkak utzi –dio Modesto Urbieta lehengusu txikiak–, eta Bergarako zapategile baten bidez eskuratu genituen bota batzuk. Gogor-gogorrak ziren baina ordurako dezentekoak”.

Herrian ere mendizaleak hasiak ziren arropak, kanpin dendak eta abar lortzen, Mendi Bazkunak lagunduta. Gainera, Joxe Takolo artean soldadutzan zela antolatu zuen Lagun Onakek Pirinioetara lehendabiziko irteera. 1964. urtean Miguel Azkune Boni jarri zen elkarteko presidente –1965ean utzi zuen–, eta Luis Aizpuru Etxahun-ekin, Pako Larra-ńaga Pako Txikiye-rekin eta Joxe Arozena Atxa-rekin batera, haize berria eman zion taldeari. Horren adierazgarri da inguruko mendietatik atera eta Pi-rinioetara antolatutako irteera, 1964ko abuztuaren 15ean hain zuzen. Miguel Boni, Luis Etxahun, Luis Irureta Uxarru, Antonio Albizu eta Joxe Atxa izan ziren izena eman zuten bazkideak, eta azkoitiarrekin –Azkoitian bizi zen Iturriotz abizeneko mendizale batek asko zekien Pirinioez–, zarauztarrekin eta zestoar batekin abiatu ziren; hamazazpi lagun. Perdido igo zuten –Espainian egiten du, Aragoin, eta 3.355 metro ditu–. Ez zen lorpen txikia lehen irteera izateko. Azpeitiarren lehen hirumilako mendia zen.

Miguel Boni Lagun Onak Mendi Bazkunako presidente zenean, Patxi Irigoien izeneko donostiar mendizalea Azpeitira maiz etortzen hasi zen, hitzaldiak ematera, Pirinioetako proiekzioren bat eskaintzera, ibilaldi neurtua lehen aldiz antolatzen laguntzera –1966ko martxoaren 27an–, edo irteeretan par-te hartzera. Asko zekien mendi eta eskalada kontuez, eta haren laguntza oso garrantzitsua izan zen. Joxe Takolok berak, soldadutzatik etorritakoan, arreta handia eskaitzen zien Hirigoienen azalpenei, ba-tik bat sokaren garrantziaz eta eskaladako teknikaz mintzo zenean. “Nik ikasi egin behar diat eskalatzen”, zioen askotan Joxek.

Oso dohain onak zituen, indartsua zen, gihartsua, eta jadanik hasi zen “mendizale mentalitatea” edukitzen. Gerrineko bodegoikoek arrazoi! Izan ere, Joxe soldadutzatik etorri zenean askotan egoten zen Gerrinekoan, Inazio Lizaso Pollero eta Julian Txapasta-eta han egoten ziren, eta haiek igarri zioten mutil fina zetorrela mendirako. “Aizak, txikito, hik noiz hasi behar duk mendian hiltzeak-eta sartzen?”, galdetu zion behin intentzio osoz Txapastak. Joxek artean ez zekien mendiko hiltzeak zer ziren, baina eskaladako hizkuntza behintzat belarrira egiten hasi zitzaion.

“Non dago ‘Mahoma’?”

M1965ean berriro animatu zen Lagun Onak, eta Ane-tora antolatu zuen txangoa –Espainian dago, Ara-goin, eta Pirinioetako mendirik handiena da, 3.404 metrorekin–. Ez zen nolanahiko erronka. Joxek beti gogoan eduki zuen bere aurreneko hirumilako hura: “Soldadutzatik lizentziatuta etorri eta hurrengo urtean Anetora joan nintzen, Lagun Onaketik, azkoitiarrekin eta herrikoekin batera. Ordurako mendian hemengo jende dezente ibiltzen hasia zen, gogor, eta Lagun Onakek informazio asko zeukan Piri-nioez. Hamazazpi lagun autobusean joan ginen, tropelean kanpora irteteko beste modurik ez zegoelako garai hartan. Azpeititik goizeko seiak aldera atera ginen, eta egun guzti santua pasatu behar izan ge-nuen haraino heltzeko. Bi autobus-gidari joan ziren. Huescan bazkaldu eta gauerako Benasquen geunden. Gogoratzen naiz hango udaletxean obratan ari zirela eta udaletxe azpian egin genuela lo. Hurrengo egunean materiala bildu, bost mando alfer alokatu materiala igotzeko eta Reclusako aterbera igo gi-nen. Hura espedizio bat bezalakoa izan zen, astebeterako joan ginelako”.

Reclusara iristea abentura izan bazen, handik gorakoa ere bai, ez baitzituzten paraje haiek ezagutzen. Mahoma pasabidea askotan entzuna zuten, eta errespetua zioten, bazekiten-eta kontu handiz igaro beharko zutela toki hartatik. Joxe, ordea, lasai asko pasatu zen handik. “Gorakoan –esaten zuen Joxe Takolok– guztiek ahoan Mahoma pasabidea besterik ez zuten. Baina iritsi ginen tontorrera, eta ‘la ospera, non dago ba Mahoma?’, galdetu nuen. ‘Beheko hori duk’, batek. Ohartu gabe pasatu nuen, nonbait”. Besteak, berriz, Patxi Lopetegik kontatzen duenez, “lau hankan” igaro omen ziren.

Anetora joan ziren lehen aldi hartan bi azkoitiar oso lagun egin zituen Joxek. Bata Frantzisko Kintela. “Anetora joateko Kintelak eman zizkidan kranpoiak. Nik ez nekien zer ziren kranpoiak orduan. Nola edo hala sokarekin lotu nituen azpitik, eta go-ra”. Lagun egin zuen beste azkoitiarra, Ińaki Odrio-zola Patroie. Gerora begira oso garrantzitsua izan zen Patroie lagun egin izana. “Izan ere, halako baten Patroiek zera esan zidan: ‘Joxe, nik badiat lagun bat Tolosan eskalatzen ibiltzen dena, eta emango zioat hire berri. Mikel Arrastoa dik izena’. Arrastoak oraindik gogoan dauka nola ezagutu zuen Joxe Takolo: “Mendi ibilaldi baten ezagutu nuen, 1966an. Azkoitiarrekin zegoen Joxe”. Ondorengo ur-teetan asko egon ziren elkarrekin. “Joxek artean au-torik ez zeukan eta autobusean etortzen zen Tolo-sara, igandeetan, larunbatetan lan egiten zelako”. Arrastoarekin ikasi zuen ondo eskalatzen, lehendabizi Hernanin Santa Barbaran, haitz txiki batzuetan aurreneko pausoak eginez. Gero Amezketan Zazpi Iturrin. Joxe Xoxote azpian, Oranda gainean ere ibiltzen zen; Aitz-bakarren, alegia. Betiere gero eta soka hobearekin.

Dena den, soldadutzatik etorri berritan Takolo ez zen mugatu eskalatzen ikastera. Mendia maite zuen, eta era guztietako ekimenetan hartzen zuen parte. Ibilaldi neurtuetan, esate baterako. 1966an, Donostiako Fortuna Elkartearen sorreraren 25. ur-teurrena zela-eta, Luis Etxahunekin eta Kepa Ibar-zabalekin ibilaldi neurtuan parte hartu zuen –hirukotea osatu behar zen; Azpeititik Marisol Arregik, Joxe Atxak eta Miguel Bonik osatu zuten beste hirukotea–. Hara joan eta aurreneko postuan atera zuten Takolok-eta. “Eguraldi beldurgarria zegoen, eta alde baten Terry botila eta bestean Kinitorena genituela egin genuen martxa”, dio Kepa Ibarzabalek. Luis Etxahunek ere gogoan dauka ibilaldi hura: “Lande-tako Arretxeko Tomasek eraman gintuen 4-L baten Tolosara, han baitzen irteera. Handik oinez Erniora, gero Andatza igo, Usurbilera jaitsi eta Igeldo aldetik Donostiara. Hamar bat ordukoa izan zen. Aurrenak iritsi ginen. Guk pentsatzen genuen ez dakit zer emango zigutela sari gisa. Oso goiz joan ginen sa-riaren bila, eta han buru egiten zuenak errieta egin zigun horregatik, eta beranduago joateko. Portu aldean zegoen Fortunaren egoitza, eta, denbora pixka bat pasatzearren, alde zaharrera joan ginen txikiteora. Atzera egoitzara joan ginenerako Tolo-sakoei eta Errenterikoei sariak banatuak zizkioten, eta guri kopa ziztrin bana eman ziguten, grabaziorik gabe eta bakoitzari desberdina”.

M1967an Mont Blancera, “beste mundura”

M1960an Patxi Lopetegik Joxeri proposamen interesgarri bezain garrantzitsua egin bazion –Pirinioetara joateko–, 1967an Patroiek eta Mikel Arrastoak halakoxea egin zioten: Mont Blancera joateko. Alpeetako mendirik handiena da –4.807 metro–, eta Frantzian egiten du, Saboia Garaia departamenduan; Italia ber-bertan du. Mendi mitikoa, inondik inora. “Joxe, etor hadi. Azpeitiarren artetik hiri baino ez diagu esango hara joateko”, esan zion Patroiek. Eta Joxek baietz, joango zela nola ez, “baita tailerretik bidaltzen” bazuten ere. “Nik ez dakit zergatik, baina sinpatia handia zidaten Patroiek eta Mikel Arrastoak”, esaten zuen Joxek. Bi haiek Joxe baino zaharragoak ziren: hamasei urte zaharragoa Patroie eta bederatzi urte zaharragoa Arrastoa; Joxek 25 urte zituen orduan.

M1967ko udan bederatzi laguneko espedizioa joan zen Mont Blanc aldera: Mikel Arrastoa, Felix Etxeberria, Izaskun Beloki, Javier Miralles, Ińaki Odriozola Patroie, Frantzisko Kintela, Juan Luis Aranbarri Bolas, italiar jatorriko Christian izeneko bat eta Joxe Takolo. Christian izan ezik, guztiak gi-puzkoarrak. Eta esperientzia zuena Mikel Arrastoa baino ez, zazpi urte lehenago ere izana zelako Mont Blancen. Joxe Takoloren ama beldurtu zen semea urrutira zihoakiolako. “Guk ez genekien justu nora zihoan –dio Joxeren arreba Juanita Urbietak–. Igual amari esango zion Mont Blancera zihoala, baina gure amari Mont Blanc esan edo zera esan... Joan zen behintzat, eta abiatu eta hurrengo egunean gure amari kalean hurbildu zitzaion mendizale baten emaztea eta: ‘Nola utzi dion semeari hain urrutira joaten? Ez dun gehiago etorriko bueltan’. Gure ama hori lehen kezkatuta bazegoen, pentsa orduan, beldurrak akabatzen. Haiek negarrak egiten zituena...”. Javier anaiak ere gogoan du pasadizo hura: “Akordatzen naiz amak nola kontatzen zuen emakume hark esan ziona, Mont Blancetik ez zela inor itzultzen bizirik eta Joxe ere ez zela etorriko. Joxek, ordea, inoiz ez zuen jakin emakume hark gure amari esan ziona”.

Hilabete batzuk lehenago hasi ziren espedizioa prestatzen, eta diru guztia kolpera bota beharrean, pixkanaka jarri zuten gehienek, Joxek haien artean. Patroiek dio bakoitzari zazpi mila pezeta kostatu zi-tzaiola irteera. Bi asterako zihoazen, eta Irunen irten zuten, trenez, Chamonix-eraino (Frantzia). “Hama-sei orduko bidaia izan zen, oso gogorra. Arratsaldeko seietan atera zen trena eta hurrengo eguneko goizeko hamarretan heldu”, oroitzen da Mikel Arrastoa.

Chamonixera iritsi eta Joxe txundituta geratu paraje harekin: Mont Blancen magalean zegoen, mendi mitiko hura bertatik ikusten zen... Handik au-rrera maiz esan izan zuen bere “ametsa” zela Chamonixeko mendiko gida izatea. Gaztea zenean eta Espainiako futbol kinielako sari nagusia zazpi milioi pezeta inguruko zenean, “kiniela tokatzea baino Chamonixeko gida izatea nahiago” zuela esaten zuen.

Iritsi, alberge bat aurkitu, trasteak utzi eta Gouter aterbera deitu zuten telefonoz, ea lekurik bazegoen galdetuz. Mont Blanceko tontorretik gertu dago Gouter, ia lau mila metrora baitago. Hurrengo goizean Chamonixetik gertu zazpietarako teleferikoa hartu zuten Les Houchesen, 1.800 metrora iritsi, eta gora abiatu ziren ttipi-ttapa. Hiru mila metro aldera dagoen beste aterbe baten sartu –Tęte Rougen–, mokadu bat egin, eta Gouterrera abiatu ziren. Han egin zuten gaua. Goizean ordubaterako jaiki eta zortziak ingururako Mont Blanceko tontorrean zeuden guztiak. “Oso ondo igo zuen Joxek”, dio Mikel Arrastoak. Segituan jaitsi ziren Chamonixera, dena oinez, diru aldetik eskas zenbiltzalako, eta igotzea baino gogorragoa izan omen zen dena kolpetik jaistea.

Hala ere, bazuten beste helburu bat: Cervino mendi zorrotza –Suitzan dago, Italiako mugatik gertu, eta 4.478 metro dauzka–. Chamonix utzi eta trenez Cervinoko magalean den Zermatt herrira joan ziren (Suitza). Han atsedena hartzen zuten bitartean, turismo pittin bat egiten egon ziren, baina ia ezer erosi gabe. “Erakusleihoak-eta bai ederrak: mendiko liburuak, txokolatinak... Baina dirurik ez guk”, esaten du Mikel Arrastoak. Etxerako txokolatina gutxi ba-tzuk erosi eta hainbestean gustura. Albergeak Cha-monixen baino garestiago zeuden, eta kanpin dendetan egin zuten lo, zelairen baten.

Mont Blanceko igoera baino zailagoa izan zen Cervinokoa, teknikoki konplexuagoa izateaz gain, eguraldi txarra egin zielako. “Mendiko gidekin igo beharra zegoen Cervino, baina guk ez geneukan haiek ordaintzeko adina sos, eta haiek gabe igo ge-nuen”, dio Mikel Arrastoak. “Ez ginen, ordea, bederatziok igo tontorreraino. Bigarren aterbean geundela erabaki genuen haizea zela-eta ezin genuela guztiok igo. Bi italiarrek gora egin zuten aterbetik, eta bien atzetik atera ziren Felix Etxeberria eta Javier Miralles. Nik Joxeri begiratu nion, eta begietan igartzen zitzaion gora abiatzeko zeukan gogoa edo go-sea. Joxerekin gora abiatzea erabaki nuen, eta hura abiada eraman zuena tontorreraino! Oso kontent jarri zen gaina lortu zuenean, lorpen handia baitzen harentzat Cervino ere egitea”. Beherakoan motel-xeago jaitsi ziren, sokak erabili behar izan zituztelako arriskua hobeto saihestearren.

Pare bat astera iritsi ziren etxera, Chamonixen berriro trena hartu eta Irunera hamasei orduko bi-daia eginda. “Gutako baten batek esan zuen ea zergatik ez genituen hartzen oheak zituzten bagoiak, hartara erosoago itzultzeko. Esan genion berak nahi bazuen hartzeko, baina bere poltsikotik ordaintzeko, espedizioko aurrekontua ez zelako iristen”, esaten du Arrastoak.

Joxe abiatu zenetik familikoek haren berririk ez zuten izan, eta oso kezkatuta eta etxeko gizona ikusteko amorratzen zeuden. Eta ikusi zuten, eta bi-zirik! Abuztuaren erdi aldera izan zen hori, Juanita Urbietak kontatzen duenez: “Afaldu ondoren ama eta biok kalera atera ginen, eta ohartu ginen Ar-tetxeneko ostatu parean bueltan jendea zegoela, eta jendearen gainetik pikatxoiak ikusten zirela. Amari esan nion: ‘Ama, ederra izango litzateke orain hor gure Joxe egotea’. ‘Ene, zer emango ote nuke nik...’, amak. Gerturatu ginen gehiago eta zein aurkituko eta Joxe, denak bueltan zituela, galdezka Al-peetako esperientziaz”.

Mutilak ez omen zuen itxura ederra. “Dena erreta zegoen gure anaia gizagajo hori. Hankak dena kiskalduta ekarri zituen, haragi-bizian, besoak ere bai. Aurpegia dena zaldartuta. Nik ez dut pertsona bat behin ere ikusi horrela erreta. Ez kremarik, ez ezer ez zuen eraman Joxek eta....”. Tamaina hartako lehen esperientzia baitzuen. Hankak ere urratuta zituen. Galtzak-eta dena txikituta. Makina bat kostatu zitzaion dena sendatzea. Hala ere, Joxek gero ez zuen etxean azalpen handirik eman, horrelakoxea baitzen. “Gure amak, dena den, ez zion errietarik egin, egundoko errespetua ziolako Joxeri, etxeko zaharrenari”.

Alpeetako tontorren bidea ere, beraz, irekia zegoen azpeitiarrentzat; Joxe Takolok irekia, hain zuzen.

Pako Lertxundiren ‘desgrazia’

Mont Blanc eta Cervino egin izanak indartu egin zuen Joxe Takolo. Konfiantza hartu zuen. Baina bazekien gehiago ikasi beharra zuela eta ezin zuela tarteka aritu eskalatzen, sarriago baizik. Hala, herriko gazte batzuekin hasi zen eskalatzen, aurrenik Aitz-bakarren eta gero Xoxoteko harrobian. Joxek esaten zuenez, lehendabizi Antonio Korta Auntxe-rekin hasi zen, baina lehendabiziko sokalaguna Pa-ko Agirre Pako Lertxundi izan zuen. “1968an ezagutu nuen nik Joxe –dio Pako Lertxundik–. Ni Soreasu auzoan bizi nintzen eta Xoxotera askotan joaten nintzen. Joxe ere han ikusten nuen, gora eta behera, sarri. Hala egin ginen ezagun, eta mendira irteteari ekin genion: Erniora, Aizkorrira... Gustura ibiltzen zen, baina igartzen nion gehiago behar zuela, Eus-kal Herriko mendietatik irten egin nahi zuela, eta, beraz, eskalatzen ondo ikasi behar zuela”.

Eta Pako Lertxundiri esan zion bere sokalagun izateko. “Eskalada kontu hura niretzat oso berria zen eta oso desberdina mendian ibiltzetik, baina or-duan Azpeitian inor ez zen ibiltzen eskalatzen eta neu hasi nintzen laguntzen Aitz-bakarren. Joxek beti nik baino gogo handiagoa izaten zuen, eta errietatxo batzuk aguantatu behar izan nituen; Joxe ni baino ia bederatzi urte zaharragoa zen eta errespetua sartzen zuen”. Pako Lertxundik gogoa besterik ez zuen eraman behar eskalatzera, beste guztia Joxek eramaten zuelako. Ezin ezetz esan, beraz. “Gainera, sasoi batez tailerrean elkarrekin egiten genuen lana eta ezin nion esan lanagatik-edo ezin nuela joan es-kalatzera. Joxek nahiago zukeen eskalatzaile hobea sokalagun, baina besterik ez zuenez, nik nahi ez ba-nuen ere joan beharra neukan”.

Eskerrak Pako Lertxundirentzat handik gutxira beste azpeitiar gazte batzuk azaldu zirela Joxeren mendiko bizitzan. Hain zuzen, 1970 aldera Joxe Luis Orgebozo, Jesus Mendizabal Errezil eta Joxe Mari Azpiazu azaldu ziren, eta 1972an Juan Mari Olaizola. Gozatu egiten zuten mendian, eskalatzen, herrian haien jarduna gehiegi ulertzen ez zen arren. “Zenbait garaitan –zioen Joxek– kalera irteten ere lotsatu egiten nintzen, jendeak zorotzat gintuelako horman zintzilik ibiltzeagatik. Jakina, orduan ia mutil gazte guztiek futbolean besterik ez zuten jokatzen, eta gu horrela ikustea ez zitzaien buruan sartzen. Baina guk zaletasun handia genuen, eta geureari segitu genion”.

Ekinaren ekinez, bi eskalada eskola ireki zituen Takolok: Aitz-bakar eta Xoxoteko marmolezko harrobi gorria. “Harrobia umetatik ezagutzen nuen, eta soldadu joan aurretik ibiltzen nintzen zintzilik, sokarik gabe. Baina gero, soldadutzatik etorri ostean, hara joan, bertako harria segurua dela ziurtatu, eta bideak irekitzeari ekin nion. Harrobian badira nik irekitako hamar bat bide”.

Erlon eroritako hegazkinari probetxua

Joxek-eta gero eta material hobea behar zuten ho-beto eskalatzeko. Joxek berak tailerrean bertan egiten zituen hiltzeak –dagoeneko Layaten hasia zen, gero Egigurenera pasatu zenean ere jardun zuen, baita Danonan ere–. Zerrarekin eta esmerilarekin prestatzen zituen, beretzat ez ezik, lagunentzat ere bai.

Hala ere, 1969ko egun baten ez zuen lantokitik kanpo material ona lortzeko aukera alferrikaldu; hain zuzen, Erlo mendian hegazkin pribatu txiki bat erori zeneko aukera. Hegazkin hura erregairik gabe geratu eta Erloko zulo batera erori zen; bertan zihoazen andre-gizonak, ordea, ez ziren hil. Azpeitiko eta Az-koitiko jendeak segituan izan zuen gertaeraren berri, eta asko igo ziren Erlora kuriositateak jota. Haien artean mendizale askotxo, aukera ikusi zutelako mendirako materiala lortzeko. Hala, azkoitiar batzuk istripuaren hurrengo egunean goraino gurdiarekin igo eta hegazkin txikiaren motorea harrapatu zuten. Hegazkinak aluminioko txapa zuen, eta Joxe Takolo errespetuko mutila zen, baina hark ere sartu zion eskua hegazkinari, eta motozerrarekin txapa ebaki, herrira jaitsi eta estriboak egin zituen gero.

Sokak ere behar zituen kuadrilak, eta behin Errezilek, Pako Lertxundik, Orbegozok eta Takolok 40 metroko soka erostea erabaki zuten. Aurretik beste soka batzuekin ibili ziren. Lehendabizi, espeleologo batzuek Azpeitira ekarritako soka zahar marroi batekin. Gero Lagun Onak Mendi Bazkunak lortu zuen bat, soka marroi handi aldrebes bat. Azkenean laurek beraientzat soka erosi zuten arte. Kolore arrosa eta urdinekoa zen. Antonio Alkorta Muno-k ere hartu zuen parte. Joxe Mari Azpiazuk ez. “Izan ere –dio Azpiazuk berak–, ni orduan ikasketak egiten ari nintzen eta ez neukan dirurik sokaren akzionista izateko. Min eman zidan. Joxek zera esan zidan arte: ‘Hi guztiok bezala haiz akzionista soka honetan, baina nik hiri nola kenduko diat ba dirua! Hik asko-asko ikas ezak, gero liburu asko-asko eros ezak, eta niri ekarri liburuak, bale?’. Halako arrazoiak ematen zituen”.

Joxek txirukekin eskalatzen zuen, gomazko eta telazko oinetako batzuekin. Eta hori bai: galtzak ja-sota, mahonezkoak maiz. Mendi ibilaldietan, berriz, mendiko botak janzten zituen sarri, eta botak eskasak izan arren, ez zen inoiz kexatzen. Eta baten bat kexatzen bazen, segituan izaten zuen lagunaren kexa amaitzeko arrazoiren bat. Behin Pako Ler-txundirekin bezala, honek kontatzen duenez: “Egun-doko buelta egin genuen behin biok Pirinioetan: Ordesatik irten, Gavarniera pasatu, Bayselancen zakuan lo pixka bat egin, zerbait gosaldu, Vigne-malen horma baten goizeko bederatzietan sartu ginen eta eguerdiko ordubietan heldu gora –igoeran harri bat ezkerreko behatz txikira erori zitzaidan eta min hartu nuen–, berriro Gavarniera jaitsi behar genuela esan zuen Joxek. Bitartean euria latz hasi zen eta mendizale beterano batek bere autoan lo egiteko esan zigun. Guk onartu, nola ez. Hurrengo egunean Gavarnietik Ordesara hamar orduko bidea geneukan. ‘Joxe, nik ezin diat, egundoko mina diat behatz txikian’. Segituan aurkitu zuen soluzioa hark: poltsikotik labana txiki bat atera zuen eta bota dena ireki zidan ezkerraldetik; behatza ere zulatu zidan, eta han irten zuen zikin mordoa! Joxek, ordea, lortu zuen ni hobeto iristea Ordesara, helburua hori baitzen, hara itzultzea ordurako. Hark lehentasunen artean lehendabizi helburua jartzen zuen eta gero osasuna”.

Atxarteko “paradisura” jauzia

Xoxoteko harrobian eta Aitz-bakarren eskalada saio onak egin eta gero, Hernanin Santa Barbaran ere ibili zen Joxe lagun azpeitiar haiekin. Amezketan Zazpi Iturrin ere bai... Eta Atxartera pasatzea erabaki zuten; beste maila bateko eskalada egitea, alegia. «Paradisura», zioten. 1971. urteko hasiera aldea zen.

“Igandeetan joaten ginen, goizeko seietako meza entzun ostean”, dio Pako Lertxundik. Erre-zilek, berriz: “Oinez baino makalago ibiltzen zen Elgoibarko autobusa hartu, Elgoibartik Durangora joan Ferrocarril del Norte trenean, handik Abadińora beste tren baten, eta handik oinez Atxartera Man-diolatik buelta. Goizeko zazpietan irten eta eguerdian iristen ginen Atxartera. Bide bat edo bi egiten genituen, eta batzuetan handik Arrasatera joaten gi-nen, Besaide aldetik oinez pare bat orduz. Han autobusa hartu eta Ońatira, handik Zumarragara edo Zumaiara, trena hartu eta etxera. Normalean buelta hori egiten genuen. Azpeitira iritsi, Gerrineko-ra joan, sobratutakoak jan eta etxera. Horrelakoak ziren gure igandeak”.

Errezilek berak gero R-8 bat erosi zuen, eta azkarragoak izaten ziren bidaiak. “Aurretik uste dut Atxarteraino zuzenean behin baino ez ginela iritsi, Lagun Onakek irteera antolatu zuen baten”, dio Azpiazuk. Larunbat arratsaldeetan ere joan izan ziren, “eta orduan lo hango beheko tabernan egiten genuen, Mandiola baserriko ganbaran”, oroitzen da Olaizola. Pago azpian ere egin izan zuten lo, eguraldi ona zutenean batik bat.

Nahiz eta Atxarten hasiberriak ziren, maila ona ematen zuten. Batez ere Joxe Takolok. “Sokan hura joaten zen beti aurrena, gehien zekielako. Arrastoa-rekin asko ikasi zuen”, esaten du Pako Lertxundik. “Han ere neu nintzen haren sokalaguna eta, beno, ez nion hutsegiten. Sokan bigarren izateko ni bezalakorik ez omen zegoen, Javier Mirallesekin eskalatzea gehiago gustatzen zitzaion arren. Beste lagunek ere ez zuten hutsegiten. Nik ez dakit nola baina gu sartzen ginen tokian pasatu egiten ginen. Mendizale asko harrituta geratzen ziren”. Bilbotarrak dezente ibiltzen ziren orduan Atxarten, Joxe Ramon Telleriaren gidaritzapean, eta onak omen ziren. Hango bideen artetik Takolori asko gustatzen zitzaion Labargorri hormako De Todos bidea Maria Tximinia-rekin lotzea, eta hori lortzea pauso handia zen, 120 metroko eskalada delako De Todos.

Arrastoarekin harremanetan artean

Eskalatzen ikasten Mikel Arrastoarekin hasi eta gero batik bat herriko gazteekin ibili bazen ere, Joxe Takolok ez zuen galdu harremana tolosar beterano harekin. Arrastoari “asko zor” ziola esaten zuen, hark “gidaturik” hasi zelako eskalatzen eta goi mendietan. Azpiazuk dioenez, “Arrastoarekin oso harreman handia egin zuen urte batzuk lehenago, Mont Blancera eta Cervinora joan zirenean, eta tolosar hark eragin handia eduki zuen Joxerengan. Aita bezalakoa zuen”. Arrastoak 1969rako Irurtzungo Bi Ahizpak eginak zituen, Txindokiko frontoia ere bai besteak beste, eta Joxek asko erreparatzen zion haren jardunari eta estiloari.

Mikel Arrastoak ere bazekien Joxe ona zela, eta, ondorioz, Goi Mendietako Eskola Nazionalean (ENAM, gazteleraz) sartu zuen azpeitiarra. “1967an –dio Arrastoak– euskal espedizio bat Andeetara joan zen, eta ikurrina erakutsi zuten. Zer egin zuten jakin zen hemen, eta Pedro Otegi Euskal Fede-razioko lehendakaria atxilotu egin zuten, eta federazioa eta ENAM desegin egin ziren. Euskal Federa-zioa 1971n sortu zen berriro, Pako Iriondo buru zuela, eta ENAM 1972. urtean sortu zen atzera. Neu jarri nintzen Gipuzkoako buruetako bat, Manolo Diazekin eta Javier Hijar Txapas-ekin batera. Euskal Federazioaren barruan eskaladako eskola sortzea zen helburua, orduan ibiltzen zen jenderako istripu asko gertatzen baitzen. Eta horrelaxe aukeratu nuen Joxe Gipuzkoako taldeko irakasleetako bat izateko, 1972tik bertatik. Errezil urtebetera sartu nuen. Gipuzkoako herrietako mendizaleak nahi nituen eta ez, lehen bezala, hiriburuko horrenbeste. Martin Zabaleta ere han zen. Guztira, hogei lagun pasatxo ginen”. Pako Iriondok eskolan sartzeko animatu zuen Joxe: “Harrian eskalatzen ondo ibiltzen zen, baina pixka bat urrutira heldu nahi bazuen, izotzean eskalatzen ikastea komeni zitzaiola esaten nion Takolori”.

Baldintza batzuk bete behar ziren eskolan sartzeko –besteak beste, inguruko hamar bide irekita edukitzea–, eta Joxek betetzen zituen, ona baitzen eskalatzen. Ikastaroak ematen hasi zen. “Joxe, ez gaituk fenomeno batzuk, baina dakiguna erakutsiko zieagu gazteei”, esaten zion Arrastoak. “Jende ugari ibili zen gurekin, eta Joxek beti ikasle euskaldunak eskatzen zizkidan”. Amezketan, Santa Barbaran, Etxaurin, Eginon, Arantzazun, Atxarten eta abar ibili ziren ikastaroak ematen 1970. hamarkada bukatu artean.

Orduan ere ‘aitaren’ paperean

Azpeitiko mendizale-eskalatzaile kuadrila hartan Joxe Takolo zen zaharrena, hurrengo zaharrenei –Orbegozori eta Pako Lertxundiri– zortzi urte kentzen zizkielako. Gazteenari –Olaizolari– hamalau. Tarteka beste azpeitiar batzuk ere joaten ziren haiekin, Joxeren adinekoak edota batik bat gazteagoak: Arantxa Aizpuru Etxahun, Joxe Luis Ruiz de Argan-dońa, Ina Olaizola, Antonio Muno.... Guztiek zioten errespetu handia Joxeri. Takolo ohartzen zen egoera hartaz, bazekien ez zela txantxetako jarduna sarri eskalatzen eta mendi handietan ibiltzea (Piedrafitan, Vignemalen, Gavarnien, Naranjon...), eta, hamabost urte zituela aita hil zitzaionean bezala, nolabait aitaren papera hartu zuen, besteez arduratzen baitzen. Esaterako, Juan Mari Olaizolak Takolo ezagutu zuenean –1972an–, Olaizolak hamazazpi urte zituen eta,“hi, txikito, hire gurasoek ba al dakite eskalatzen ibiltzen haizela?”, galdetu zion Joxek.

Joxe Mari Azpiazuri horrelakorik ez zion galdetu; zuzenean joan zen haren gurasoena. “1971n gertatu zen –dio Azpiazuk–. Nik hamazazpi urte nituen eta Naranjora joan behar genuen eskalatzera. Baina ez neukan eskalatzeko agiririk, hemezortzi urte behar zirelako horretarako. Beraz, ez neukan asegururik ateratzerik. Akordatzen naiz Joxe nola joan zen geure aitarena horretaz hitz egitera, nik es-kalatzen arazorik ez nuela esanez eta ez zela ezer gertatuko, baina badaezpada mesedez sinatzeko paper bat, ‘ni kartzelara eraman ez nazaten’. Sinatu zion gure aitak, Joxerekin txikitatik harreman handia zeukalako eta erabat fidatzen zelako.

Kanpora irteten zutenean Joxeri serio ibiltzea gustatzen zitzaion. Besteei ere bai, baina hauek noizean behin egiten zuten eskapadarik festaren batera, Joxeren amorrurako. 1975ean, adibidez, ibilaldi baten ondoren Gorizeko aterbera iritsi zen azpeitiar kuadrila eta, jatekoa falta zitzaiela-eta, Pako San Sebastian eta Azpiazu Torlara jaitsi ziren jan bila. Iritsi ziren herri hartara, eta festak. Biak han ibili zi-ren parrandan Cafeteria Espańan-eta –“oraindik gogoan dut hango batek nola jotzen zuen Espainia-ko ereserkia kutxarilarekin”, dio Azpiazuk–. Goizeko hiruretan ohartu ziren Gorizera itzuli beharra zutela, “Joxe honezkero muturrekin egongo baituk”. Seie-tan iritsi ziren aterbera, bidean zihoazela Lleidako bi mutil gazte Soasuko bailaran estuasun batetik atera behar izan zituztelako. Gorizeko aterbea itxita zuten eta atarian egin behar izan zuten lo. Joxe atera zen atarira zazpi eta erdietan eta: “Atzo afaldu gabe utzi gaituzue eta orain gosaldu gabe! Zuek dituzue potroak!”, egin zien oihu, batik bat Azpiazuri, honek dioenez “etxeko” sentitzen zuelako. Pako San Se-bastianek erreakzionatu zuen: “Joxe, izan ere, Lleidako bi mutil gazte erreskatatzen egon gaituk gauez”. Orduantxe baretu omen zen Joxe.

Harreman handia zuen Joxe Takolok Azpia-zurekin, eta errieta egiteaz gain, adarra ere jotzen zion noizbehinka. Joxek garai hartan ez zuen askorik irakurtzen, eta irakurtzen zuena Leonel Terrai frantziar mendizalearen idatziak eta liburuak ziren, frantziarrak mendiaz zeukan filosofia gustatzen zitzaiolako. Terrairen libururen bat frantsesez zegoenean, Joxek Azpiazuri esaten zion zatiak itzultzeko, ez baitzekien frantsesez. Azpiazuk Joxeri ere esaten zion inoiz bere gauzak, gogoetak, esperientziak kontatzeko, berak idatziko zituela-eta. Eta Joxek: “Barkaidak, baina mendia nik sentitzen dudan bezala hik ez daukak idazterik”.

Urrejolan egindako eskapada

“Mendian izadiak agintzen du, eta normala den bezala, han egoera txarretan zaudenean bakoitzak bere segurtasunari begiratzen dio”. Joxe Takoloren hitzak dira. Eskuzabala zen inondik inora, baina une larrietan bere buruari begiratzen zekiena. Ez beti, ordea, nahi gabe ere lagunei laguntzen zielako lehenik eta behin. Zorte ona ere izan zuen, ordea, inoiz ez zuelako izan lesio larri-larririk, izateko zorian egon arren batzuetan; elurjausi batek edo bestek harrapatu izan zuen Pirinioetan, nahiz eta berak ez kontatu.

“Nik uste dut Joxek –dio Azpiazuk– 1972ko ekainaren 2an pasatu zuela inoiz ez bezalako estuasuna, Urrejolako horman eskalatzen, Arantzazun. Neu nintzen harekin, eta Joxek barrutik pentsatu zuen orduantxe hilko zela”. Aurreko egunean joan ziren, Joxe Inazio Eliasen autoan. Ińaki Portilla ere joan zen, baina Portilla eta Elias Azpeitira itzuli ziren egunean bertan. Joxek eta Aizpuzuk txabola baten lo egin eta goizeko bost eta erdietarako Urrejolako horman ziren, 70 metroko horman. “Baina gaueko hamarrak jo zituenean artean horman geunden”, oroitzen da Azpiazu. “Joxek esan zidan errapela egin beharko nuela, beranduegi zelako”. Azpiazuk soka hankartetik pasatu zuen, gero bizkarretik, eta Takolok laguna aseguratu egin zuen goialdean tako zahar bat ahal zuen moduan sartuta. Baina uste zuten ez zela nahikoa izango, soka 60 metrokoa zelako. Ahal zuten bezala hamar bat metro jaitsi ziren, gero behera errapelean ondo iristeko. “Nik egin nuen errapela eta behetik metro eta erdira ge-ratu nintzen. Gaueko hamaikak ziren. Joxek, baina, han segitzen zuen, oso goian, tako zahar batetik zintzilik, ezin jaitsita, arrisku handia zuelako errapelatzen hasten bazen. Hantxe hilko zela pentsatzen zuen, ‘ezin diat, ezin diat’ esaten baitzidan”.

Joxe, baina, abildade handiko eta ordurako es-karmentu handiko eskalatzailea zen, eta motxila behera bota egin zuen eta pultsuan jaitsi zen. Behera heltzeko bost metro geratzen zitzaizkiola jauzi egin zuen belar gainera. “Nik ez dut behin ere horrelako traturik jaso –dio Azpiazuk–, eta Joxek ere egurra jaso zuen. Jaitsi ginen Ońatira, telefonoz deitu etxera eta taxisean etorri ginen Azpeitira. Oste-guna zen. Hurrengo egunerako Joxe hasi zen Urrejolako bidea bukatu egin behar zuela esanez. ‘Joxe, nik ez diat ba lagunduko’, bota nion”. Larunbatean Orbegozorekin joan zen, eta eguerdirako bukatu zuten bidea. Eguzkitzaneko tabernan zain egoteko esanez deitu zion Azpiazuri, gero Patxonera afaltzera joango zirela-eta. “Patxonean esan zidan gu biok Urrejolan goian geundela metro batera genuela gaineko aterabidea. Orduan, ordea, ez genuen ikusten, dena ilunduta zegoelako”.

Erreskateetan parte hartuz

Besteak estuasunetik batzuetan atera izan zituen Joxek, erreskateetan parte hartzen zuelako. “Izan ere, 1970eko hamarkadan mendizaleok hartzen genuen parte horrelakoetan, baita ondo prestatutako guardia zibil batzuek ere”, esaten zuen Takolok. Jendeak ondo apuntatua zuen orduan haren etxeko telefono zenbakia, eta larrialdiren baten azkar deitzen zioten. “Gauez ere deitzen zuten, eta ni joan, ez nuelako ezer behar izaten irteteko. Gainera, orduan ia mendizale guztiok ezagunak ginen, eta izena esan bezain pronto jakiten genuen zein zegoen larrialdian”.

Dena den, batzuetan ezin izaten zuen ezer egin jendearen bizitza salbatzeko, haiengana iris-tean hilda aurkitzen zituelako. Behin Naranjon (Asturias, Espainia) bezala. Hiru espainiar galdu zirela jakin zuen Joxek, haietako bat oso ezaguna zuen, eta hara heldu zenerako guardia zibilak erreskatea zuzentzen ari ziren. Joxek esan zien haiek esaten zuten tokian ez zirela egongo mendizaleak, bestela ordurako ikusiko zituztela eta izotz eremu baten sartuta egongo zirela, eta bera hara zihoala beste pare bat lagunekin. Guardia zubilek mespretxatu egin zuten Joxe, nora arraio zihoan galdezka. Takolok eduki arrazoia ordea, hiru gazteak berak pentsatzen zuen lekuan zeudelako. Jadanik izoztuta. Guardia zibilak txokatuta geratu ziren Joxeren jakituriarekin.

M1976an ere gazte bat hilda atera zuen, An-doainen, Juan Mari Olaizolak kontatzen duenez: “Joxe Luis Orbegozo ekainean hil ondoren, udazkenean Xoxoten haren aldeko harria ipini behar zen egunaren bezperan gertatu zen. Larunbat arratsaldea zen eta Joxeren abisua jaso nuen etxean. ‘Hi, Juan Mari, Andoainen mutil bat zulo batera erori omen da eta erreskatea egin behar zioagu. Goa-zen!’. Joxeren Simca 1.200 hura hartu eta han joan ginen”. Mutil gaztea zulo handi baten zegoen erorita, baina jendeak ez zekien non zen justu, eta baten batek zuloan sartu egin beharko zuela. “Eta zein sartuko eta Joxe; atzetik jende ugari jaitsi zen. Takolok gaztea hartu zuen bizkarrean, lotu, eta odoletan igo zuen. Mutila hilda zegoen jada. Goizeko laurak aldera atera zuten. Handik lau ordura Orbegozoren aldeko harria jartzeko geldituta geunden. Itzuli Azpeitira, gure etxera iritsi seietan, zeozer gosaldu, eta Xoxotera”.

Lagun Onak-en egoitza berria

Mendizaletasunaren alde ari zen Joxe Takolo, eskalako bideak irekiz, gazteei erakusten eta abar, baina herriko lana ez zuen ahaztu, eta biziki hartu zuen parte Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitza be-rriaren irekieran. Hain zuzen, 1973ko abenduaren 16an zabaldu zituen ateak egoitza berriak, Eliz Kalean, eta Lagun Onakeko zuzendaritza batzordeko kide zen Joxe orduan; Pako Txikiye, Mari Teresa Arrieta, Joxe Inazio Arrieta, Joxe Atxa, Inazio Atxa, Bernardo Azpitarte, Jesus Errezil, Jesus Rezabal Munatxo, Antonio Mendizabal, Bitoriano Zubiaurre Sanchez, Joxe Miguel Landa, Luis Mari Etxeberria Kafe, Joxe Inazio Agirre eta Jesus Zabaleta zituen batzordekide, eta Kepa Ibarzabal presidente. “Dudarik gabe Kepa izan zen proiektu haren buru”, esaten zuen Takolok.

Elkartea sortu zenetik Etxe-Zurineko tabernan biltzen zen Lagun Onak, eta bertako jabe Pedro Arrietak “asko” lagundu zien, baina “txikiegia” zuten toki hura eta “behar” zuten berri bat, handiago bat. “Eta propioa, elkarteari nortasuna emateko”. Beo-bidetarrei erosi zieten lokala. Lokalaren erosketa eta gero egin ziren obrak kontuan hartuta, denera lau milioi eta erdi pezetako kostua eduki zuten. “Herriak asko lagundu zigun dirua lortzeko garaian –zioen Takolok–, bazkideok ere bota genuen diru bat, kredituak lortu genituen, eta enpresa batzuek ere eman ziguten dirua; gehien, Danonak. Gainera, batzordekook lanean ibili ginen eta horrek kostua handiagoa ez izatea ahalbidetu zuen”. Kepa Ibarzabalek gogoratzen duenez, zuzendaritza taldeko guztiek “lan handia” egin zuten, “baina Joxe Takolorena izugarria izan zen. Beti pronto zegoen edozer gauzatarako. Lanetik irteten zuen eta egoitzara etortzen zen lanera, lokal propioaren premia ikusten baitzuen”.

Ireki ondoren lanean segitu zuten batzordekoek, beste bazkide batzuekin batera, dirua aurrezteko. Tabernari lanean, esate baterako. Bikoteka aritu ziren. Joxe Aizpitarte Irujo-k asko laguntzen zien, baina arratsaldeko zazpiak arte ez zuten irekitzen lokala, batzordekideak euren lantokietan zeudelako. Itxi, gaueko hamaiketan ixten zuten, ontziak-eta garbitu eta etxera. “Astebeteko txandak egiten genituen, aurreneko bi urtean geu egon ginen mostradore atzean, eta Joxe Luis Orbegozo izan zen nire bi-kotekidea”, zioen Takolok. “Joxeren izaera ezagututa, uste dut gehiago egoten zela sukalde ondoan ate ondoan baino”, dio Kepa Ibarzabalek txantxa artean.

Guztiak dira iritzi berekoak: egoitza berriak bultzada handia eman zion Lagun Onak Mendi Baz-kunari, Takolok zioen bezala “herritarrek mendiari buruz zuten mentalitatea aldatzen hasi zelako”. Be-raz, Takolo-eta jada ez ziren hain zoroak.

Lagun Onak herrigintzan hasi zen orduan, bestelako ekimenetan parte hartzen. 1974an danborradan irten zuen lehen aldiz, Joxe Takoloren kontrako iritziarekin. “Uste dut 500 bazkideren artetik ni bakarrik nengoela danborradan parte hartzearen kontra, elkartea mendizale elkartea zela esaten bainuen”. Joxek ez zuen irten danborradan. Gero, besteak beste Lagun Onaken ekimenez, 1984ko maiatzaren 27an Xoxote gainean aterbea ireki zenean ere ez zegoen ados erabakiarekin, ez zuelako gogokoa aterbea edo honen filosofia. Dena den, horrek guztiak ez zuen ezer aldatu, Joxek mendiko lanean gogor segitu zuelako: irteera batzuk antolatzen laguntzeaz gain, Azketako iturria jartzen eta konpontzen, hautsita zeuden buzoiak konpontzen, arbolak landatzen, Xoxoteko izozkailuko hesiak konpontzen eta pintatzen, Gabonetan Xoxoteko naximentua jartzen.... Mendizaleek haren beharra zuten.

Politikak ere ukitzen zion bihotza

Joxerentzat bere bizitzan mendia ia dena zen, baina ez guztia. Esate baterako, politikak ere ukitzen zion bihotza, batik bat gaztetan. 1970. hamarkada oso berezia izan zen, 1975ean hil zelako Francisco Franco Espainiako diktatorea, eta garai nahasiak izan ziren Euskal Herrian. Joxeri lehenagotik zetorkion, ordea, Euskal Herriarekiko maitasuna, aitona Juan Joxe “oso abertzalea” zuelako, berak kontatzen zuenez. Hala baieztatzen du Javier Urbieta anaiak: “Gure aitonak gogorrak pasatu zituen, Espainiako gerra zibilean heriotz zigorra eduki zuelako; zigorra nahikoa aurrera eramanda zuela salbatu egin zen. Gero, artean bizi zela eta Joxe baserrira joaten zenean, aitonak telebistan politikako albisteren bat ikusten bazuen, ‘zer, Joxe, nazionalista kontu hori zer? Indarrik ba al ditek?’, galdetzen zion. Eta Joxek ezetz, ez zutela indarrik, ‘bakoitza bere aldetik dabilelako’, erantzuten zion”.

Manifestazioak ugari ziren orduan, eta haietako baten, artean frankismoan, Donostiako manifestazio baten guardia zibilek tinta bota zuten, alde zaharrera sartzen ziren gazteak handik aldegiterakoan ikusteko zein ibili zen manifestazioan eta zein ez. Joxe izan zen tintak harrapatu zuen gazteetako bat eta elastikoa zikindu zion. “Oraintxe izorratu nauk!”, bo-ta zuen Takolok. Eskerrak etxekoandre batek beste elastiko bat eman ziona. “Estuegi neukan baina han irten nuen lasai antzean alde zaharretik”. Hurrengo baten itzuli zion elastikoa emakume hari, garbituta jakina, eta eskerrak eman zizkion

M1975ean Gernikara joan zen Aberri Egunera –gerra zibila bukatu zenetik 1963an hasi ziren berriro Aberri Egun jendetsuak ospatzen Euskal He-rrian–. 1975eko hartan, Gipuzkoatik zihoazenen trena Zornotzan gelditzen zen, ez lehenago Ger-nikan, hemen pasatu besterik ez zelako egiten, eta, beraz, Gernikatik pasatzean trenetik ezinbestean saltatu egin behar zuten. Guardia zibilak ezkutuan zeuden argazkiak ateratzen, Aberri Egunera zein joaten zen ikusteko. Modesto Urbieta lehengusu txikiak dioenez, Joxeri ere atera zioten argazkia, “atxilotutako ezagun batzuek gero esan zigutelako kuartelean gure argazkiak zeudela”.

Joxe bera ez zuten inoiz atxilotu, behin Azpei-tian bertan guardia zibilek oso gertu eduki zuten arren. “Kojuaneko taberna gaineko etxeak egiten ari ziren –dio Javier anaiak–, eta manifestazio baten Joxe etxe haietako obratan sartu zen, ihesean, guardia zibilak atzetik zituela. Ez zuten harrapatu. Joxek, izan ere, gorako irteera bazekien eta San-tutxo auzora atera zen. ‘Haiek ni han harrapatu? Ezta...!’, esaten zuen”.

Frankismoaren garaietan Ipar Euskal Herrira jendea pasatutakoa ere bazen Joxe. Oso ondo ezagutzen zuen muga menditsua, izugarri ibilia zelako paraje haietan, eta esku bat botatzen zien ezagunei.

M1976, Salcantay; hitz handiak

Azpeitia inguruko mendietatik hasi, Euskal Herrikoe-tatik segitu, Pirinioetatik pasatu eta Alpeetaraino helduta zegoen Joxe Takolo, gaitasuna bazuela frogatuz. Baina gehiago nahi zuen, ordurako erabat zuelako “mendizale mentalitatea”.

Orduan beste proposamen interesgarri bezain garrantzitsu bat jaso zuen: 1976an Salcantayra joateko –Andeetan dago, Perun, eta 6.271 metro ditu–. Hura ere ez zen nolanahiko mendia eta erronka, beraz. Aurretik, 1973an, Groenlandiako ibilaldi batekin bero-bero egon ziren Takolo-eta, baina nafar batzuek esan zieten ez zuela merezi eta utzi egin zuten. Ondoren, Azpiazuren bi lagun katalanek jakin zutenean azpeitiarrak lehen aldiz espedizio bat antolatu nahian zebiltzala, Alpamayo proposatu zieten, eta Errezil, Takolo, Azpiazu bera eta bi katalanak joango zirela. Aritu ziren entrenatzen, bildu izan ziren guztiak Gorizen, Takolo-eta hara Errezilen R-8an joanda, baina ideia bertan behera erori zen.

Horren ostean aukeratu zuten Salcantay, Az-piazuk dioenez: “Txiletar batek aholkatuta aukeratu genuen: Helenio Etxeberriak. Coloradon bizi zen, eta Pyrenaican idazten zuen. Ni mendiko liburu bat prestatzen ari nintzen orduan, eta gutunez egin nuen harremana Heleniorekin. Salcantay asko gustatzen zitzaiola esan zidan”.

Horrelaxe hasi ziren espedizioa prestatzen. 1975ean Pirinioetara joan ziren 25 egunerako, eta Piche Longe, Perdidoko iparra, Perdidoko beste bi-de bat, Talloneko iparra, Posset, Aneto... egin zituzten. Azkenean Salcantayko taldea osatu zuten arte: Takolo, Orbegozo eta Juan Mari Segues azpeitiarrak, Errezil errezildarra –Azpeitian bizi zen–, Jesus Suso Aiestaran donostiarra eta David Hernandez tolosarra –Donostian bizi zen– Azken biak ziren zaharrenak, 39 urterekin, eta David bera izango zen espedizioburua. Nahiz eta hara joateko aholkua txiletar hark eman, Davidek zeresan handia izan zuen Salcantay aukeratzerakoan, asko zekielako.

Guztia prest zuten abiatzeko. Baina Peru aldera irten baino zortzi egun lehenago –ekainaren 28an– ikaragarrizko kolpea jaso zuten: Orgebozo hil egin zen Vignemalen, Gaubeko aristan eskalatzen ari zela. Errezil zegoen harekin batera istripua gertatu zenean: “Vignemalera joan ginen Salcantay-rako pixka bat entrenatzera. Han geundela, Sebas-tian Sanchez ordiziarrarekin, Fernando Terradillos beasaindarrarekin eta beste bi ezagunekin elkartu ginen. Orgebozo sokan Sanchezekin eta Terradillo-sekin sartu zen horman eta ni beste biekin. Aurreko egunean ere Orbegozo eta biok eskalatzera atera ginen, baina hainbeste jende zebilen horman gora eta behera, goitik harriak erortzen zirena, eta segituan utzi genion, hurrengo egunerako utziz. Iritsi zen hurrengo eguna eta ni aurretik jarri nintzen beste bi haiekin, eta Orgebozo atzetik beste sokan. Ezustean, Sanchez, Terradillos eta Orgebozo behera erori ziren. Bloke bat soltatu omen zitzaien. Han-txe hil ziren”.

Takolo Aneton zegoen egun hartan, Pako Lertxundirekin batera. Segues eta Hernandez Madrilen, bidaiako materiala aireportura eramaten, Azpiazuri laguntzen. Suso Aiestaran, berriz, Donos-tian zen. Lurjota geratu ziren guztiak, baina espedizioa prestatuta zeukaten eta bertan behera ez uztea erabaki zuten. Orbegozoren ordezkoa izendatzea falta zen; Pako Lertxundi izan zen aukeratua. Az-piazu artean oso gaztea zen –21 urte– eta ezinezkoa zitzaion joatea, baina komunikazio eta propaganda alorrean lagundu zuen.

Errezili kostatu zitzaion gehien egoera gogor hari aurre egitea, Orbegozo hiltzen ikusi zuelako; “ez nuen lortu, gainera, egoerari buelta ematea”. Joxe Takolo ere jota gelditu zen, oso-oso laguna baitzuen Orbegozo. Salcantaytik etorri eta oso gutxira Vignemalera joan zen Takolo Joxe Luis Alzola errenteriarrarekin –soldadutzan egin zuen lagun–, eta gora iristean Gaubeko aristara joan zen bera bakarrik, laguna non hil zitzaion ikustera. “Ukituta zegoen artean”, dio Alzolak. Orgebozo hil ondoren Takolo bera ere izan zen Xoxoten haren omenez harri bat plakarekin jarri zuena –gero, herriko mendizaleak hiltzen ari zirela-eta, guztien omenez harri bakarra jartzearen alde atera zen Joxe, “bestela hilerria emango duelako goialde honek”–.

Uztailaren 6an atera ziren seirak Peru aldera. Urrutira. Hilabete eta erdi ingururako. Hala ere, ba-koitzak bere poltsikotik ez zuen diru askorik jarri. Joxek esaten zuenez, bakoitzak hamabost mila pezeta ipini zituen, Jorge Yańezek “izugarri” lagundu zielako diru laguntzak lortzeko garaian. Beasain-darra zen Yańez, mendizalea, ezagutzen zituen mendian ibiltzen ziren azpeitiarrak, eta 1970. ha-markadaren hasieran Azpeitiko Banco Guipuzcoa-nora destinatu zuten, zuzendari izendatuz. Haren eraginaz baliatu ziren Salcantayko espedizioko ki-deak herriko enpresetatik dirua eskuratzeko. “Or-duan Azpeitian lan kontua ongi zegoen eta Yańezek enpresak presionatu egin zituen guri dirua emateko”, zioen Joxe Takolok.

Donostiatik arratsaldeko lauretan Talgoan irten ziren Madrilera, han hegazkina hartzeko –bizian lehen aldiz Joxek– Rio Janeiroraino. Madrilera heldu eta goizeko ordubatean aireportuan zain zirela, es-painiar gazte kurioso bat hurbildu zitzaien, ea nora zihoazen galdezka. “Andeetara”, beraiek. Eta gazteak: “Eta nongoak zarete?”. “Azpeitiarrak”, erantzun. “Hara! Orduan ikurrina eramango duzue, ezta?”, gazteak. Joxe Takolori ez zitzaion batere gustatu galdera eta gaztearen jarrera hura, eta “hori ez da galdetzen”, esan –espainolez, jakina– eta elkarrizketa bukatu zuen. Balizko arazoak saihestu nahi zituen Takolok, ikurrina artean ez zegoelako legeztatua Espainiako Estatuan –1977an legeztatu zuten–, eta, gainera, Takolok bazekien 1967an euskal espedizio bat Andeetara joan zenean harako bidaian ikurrina bat agertu zela-eta egundoko arazoak sortu zituela, Pedro Otegi Euskal Federazioko presidentea atxilotuz eta eskalada eskola deseginez. Salcantayra zihoazenek ere, ordea, bazeramaten ikurrina. Ez, baina, osoa, kide batek trapu zuria eraman zuelako, besteak gorria eta beste batek berdea. Perun, Limako hotel bateko gelan josi zituzten trapuak Takolok berak eta Pako Lertxundik, ikurrin itxura emanez.

Limara iritsi bidean Txilen, Santiagoko aireportuan gelditu ziren espedizioko kideak. Tartea aprobetxatuz Valparaison izan ziren, eta Pako Lertxundik oraindik gogoan du han jan zuten mariskada, “behin ere ez bezalakoa”. Segituan hartu zuten beste he-gazkin bat Limara, eta Euskal Herritik irten zutenetik 40 orduko bidaiaren ostean iritsi ziren Peruko hiriburura, uztailaren 8an. Orduantxe atsedena.

Baina giroa tentsioa handikoa zen Perun, militarren estatu kolpe saioak zirela-eta. Urtebete lehenago, 1975ean, armadako sektore atzerakoienak al-txatu ziren Francisco Morales-Bermudez buru zela eta 1968an estatu kolpea jo eta erregimen militar populista ezarri zuen Juan Velasco Alvarado jenerala boteretik kendu zuten. Takolo-eta Limara iritsi zirenean beste jeneral militar bat estatu kolpea huts egin berri zen, eta armadak etxeratze agindua ezarria zuen gaueko hamarretatik aurrera. Haraino joan eta han ere, beraz, indar militarrak nagusi.

Dena den, Salcantayko beheko kanpamendura abiatu aurretik espediziokideek izan zuten tarterik turismo pixka bat egiteko, egun batzutan han izan zirelako. Pako Lertxundik eta Joxe Takolok –espedizioan biak askotan tokatu ziren elkarrekin– pelikula bat ikustera joatea erabaki zuten behin, eta zer ikusiko eta Tragedia Andeetan!

Uztailaren 20rako beheko kanpamendua –4.500 metrora– erabat muntatua zuten. Aurretik Limatik Cuzcora hegazkinean joanak ziren –Takolok eta David Hernandezek Salcantayri argazkiak ateratzen jardun zuten hegazkineko pilotuaren kabinatik–, eta Cuzcotik, kamioi baten animali batzuen artean, Mollepatara, gerturatze bideari ekiteko.

Uztailaren 28an jo zuten lehen erasoa David Hernandezek, Pako Lertxundik, Suso Aiestaranek eta Takolok. Euskal Herritik irten aurretik Seguesek esaten zuen Takolo izango zela “espedizioko gizonik indartsuena” eta ez zuen hutsik egin, lan gehien Takolok egin zuelako pioleta eta izotza hausteko mailua hartuta. Hain zuzen, behin, lehen kanpamendutik gora zihoala, pioleta hautsi egin zitzaion, eta izugarrizko pena hartu zuen, piolet hura Joxe Luis Orgebozo zenarena baitzen eta Joxek tontorrean uzteko asmoa baitzuen; handik aurrera berearekin ibili behar izan zuen.

Azkenerako Pako Lertxundi eta Takolo gelditu ziren tontorrerako saioa egiteko, eta uztailaren azkenean hirugarren kanpamendura heldu ziren, baina gorago ez, haizea oso handia zutelako. Abuztuaren 1ean eman zuten amore. “Azken gaua kanpin dendan sartuta egon ginen, dendari eusten, haizeak eraman ez zezan”, esan zuen Joxek.

Salcantayko tontorra egin gabe geratu ziren, eta penaz zegoen Takolo, “bete-betean aritu ginelako, lurrera erori arte sarri”. Hala ere, gaina lortzen zuten egunerako prest zituzten Rioja eta Terry botilak ireki zituzten, Andeetako esperientzia handi hura ospatzeko. Gogoeta ere egin zuen gerora Joxek: “Esperientzia falta zitzaigula ohartu nintzen”, esan zuen handik lau urtera.

Andeetako bidea ere, beraz, irekia zegoen azpeitiarrentzat; besteak beste Joxe Takolok irekia, hain zuzen.

Himalayarako zoro-zoro entrenatzen

Nahiz eta tontorra ez lortu, Salcantayko esperientziak oso indartuta utzi zuen Joxe Takolo, barruan poztasun handiarekin, Andeetara joan zelako eta sei mila metro parean ibili zelako. “Gainera –dio Azpia-zuk–, Joxeri izen bat eman zion espedizio hark, jada bazuelako abal bat. Gaur egun jende bat Pirinioe-tatik zuzenean pasatzen da Himalayara. Orduan ez; orduan Pirinioetatik Alpeetara, Alpeetatik Andeetara, eta Andeetatik Himalayara. Joxe prozesu logikoa ari zen segitzen eta Himalayarako pausoa ematea falta zitzaion soilik”.

Handik etortzean, Segues medikuarekin batera «ohatila-eramaile» Amerikara joan behar zuela esan zion arrebari –«Juani, ez iezaion inori esan, eh!»–, baina segituan jarri zuen beste helburu bat: Everes-tera joatea. 1974an euskal mendizale dezente munduko mendirik handienera joan ziren –Everestera–, eta Joxeren izena orduan ibili zen dantzan, baina ez zioten deitu azkenean. 1976rako euskal mendizale batzuk bilerak egiten hasiak ziren 1980an berriro Everestera joateko, eta Joxe Takolok taldean egon nahi zuen.

Takolo ordura arte bakarrik entrenatu izan zen, inolako aholkurik gabe, mendiko prestaketa fisikoko adituen laguntzarik gabe. Salcantaytik itzuli eta itxuragabeko entrenamenduak egiten hasi zen: tailerrean lana egin hamar bat ordu, irten, motxila harriz bete, eta Izarraitzera edo Erniora, batzutan mendi altuetako botekin, ohitzen joateko. “Izorratu egin nintzen, orduan”, zioen. “Ez nekien-eta nola entrenatu! Ez nuen inorekin hitz egiten, eta uste nuen ibiltzea zela kontua. Orain, gogor bai, eh! Fibra hutsa nintzen, bala bat bezala ibiltzen nintzen, baina azkenerako jo egin nuen”.

Joxe Mari Azpiazuk esan edo erregutu zion Juan Ignacio Lorente Everesteko espedizioko bu-ruarekin hitz egiteko, hark esango ziola nola entrenatu, “orain arteko hire entrenamenduek ez ditek-eta balio!”. Takolo pixka bat baretu zen, hasi zen gehiago dosifikatzen, baina ez zuen pentsaera aldatu: “Garrantzitsua da gimnastika egitea, lasterka egitea, elikadura gehiago zaintzea, baina mendigoizalea mendian oso gogor entrenatu behar da, han aurkitzen baitira gero aurkituko dituzun oztopoak eta egoerak”. Josu Bereziartua mendigoizale azpeitiarrak horretan arrazoia ematen dio, “hori baita entrenamendurik onena Himalayara joateko”. Alegia, bere ezjakintasunean asko zekiela Joxek.