Nuarbetik Azpeitiko institutura

Hace de esto diez años. El rico caballero, que ahora vive aquí en Valladolid, aposentado en ancho y noble caserón, habitaba una mezquina casa en Toledo. No había en ella ni lapices ni muebles. El hidalgo no podía pagar el modesto alquiler; un día, entristecido, abandono la ciudad. Paso tras paso, vino a Valladolid. Le favoreció la fortuna; un pariente lejano le dejó por heredero de una modesta hacienda”. Horrela hasten da Angelek eta beste berrogeita hamarren bat lagunek Azpeitiko ‘Centro de Enseñanza Media y Profesional’ delakoan –Institutu Laboralean, hain zuzen— ikasketak egin ahal izateko egin zuten azterketa. Diktaketa hori idatzi, testu bera gramatika aldetik aztertu, eta hurrengo aritmetikako galderari erantzun behar izan zioten: “Si un cuartel está dotado con 95.305.003 pesetas, y hay 972 soldados. ¿Cuántas pesetas corresponden a cada uno?”. Horrez gain, ahozko azterketa bat ere egin zuten.

M1955eko azaroaren 17an egin zuen azterketa hori Angelek, eta “notable” notarekin gainditu zuen. Ordura arte, hamahiru-hamalau urte bete orduko lanean hasten ziren azpeitiar gehien-gehienak, herrian bertan ikasten jarraitzeko aukerarik ez zutelako. Baina, 1953ko martxoaren 30ean, Azpeitiko Udalak Institutu Laborala martxan jartzea erabaki zuen, eta hasiera batean Nekazal eta Abeltzaintza erakutsiko zela uste bazen ere, azkenean Industria ikasketak egiteko izango zela erabaki zuten. Ho-rrela, azpeitiarrek herrian bertan Batxilerra egiteko aukera zeukaten. 1955eko azaroan eginiko azterketa hori gainditu zuten ikasleak, hala, Batxilerra ikasten hasi ziren Institutu Laboralean.

Imanol Elias historialari eta idazleak gogoan du garai hura, hasierako urte haietan irakasle izan zelako: “1951n dagoeneko, herriko agintariak Ramon Martiarena arkitektuarekin harremanetan jarri ziren, Institutua nola egin aztertzeko. Ordurako eskola non egingo zen erabakita zegoen: Perdillegi baserriaren inguruko lurretan. Baina eskola berria egin bitartean beste lokal batzuk behar zirenez, lehenengo urteak orain Sindikatu Zaharra dagoen lekuan egin genituen”. Imanolek dioenez, orduan Institutua egitea aukera ederra zen azpeitar gazteentzat: “Garai hartan oso jende gutxik zeukan kanpora joateko aukera, garestia zelako. Medikuen seme-alabak-eta bakarrik joaten ziren kanpora, haiek bakarrik zeukaten Batxilerra egiteko aukera. Eta herrian hamalau urtetik gorakoentzako zerbait egin nahi zelako sortu zen Institutu Laborala”.

Sarrerako azterketa hori egin aurretik, German Alberdi Martinez medikuaren azterketa ere pasatu zuen Angelek, inolako arazorik gabe. Horrela dio mediku hark 1955eko urriaren 31n sinatutako ziurtagiriak: “Certifico que he reconocido a Angel Otaegui Echeverría, el cual no padece enfermedad infecciosa ni defecto físico alguno, gozando habitualmente de buena salud, y se halla vacunado y revacunado con vacuna antivariólica y una vacuna antidifitérica con resultado positivo”.

Beraz, beharrezko agiri guztiak aurkeztu eta 32 pezeta ordaindu ondoren, Angelek hurrengo zortzi ikasgaietan egin zuen matrikula: Nociones de Arit-mética y Geometría, Lengua Española, Geografía de España, Conocimiento elemental de Ciencias Naturales, Dibujo a mano alzada y trabajos manuales, Formación relijiosa, Educación Física, eta Formación del Espíritu Nacional.

‘Izpiritu nazionala’ formatzen

Angeli gutxien gustatzen zitzaion irakasgaia For-mación del Espíritu Nacional zen. Espainiatik etorritako irakasle falangista gazte baten esku zegoen Angelen-eta ‘izpiritu nazionalaren’ formazioa. Eta garai hartan normala zenez, egundokoak eta bi botatzen zituen irakasle falangistak.

Imanol Zinkunegi ere ikaslea zen orduan han, eta ez zaio sekula ahaztuko falangista harekin behin gertatutakoa: “Irakasle gaztea zen, eta soinketa ere ematen zigun. Behin, Espainiako Estatu osoa zeharkatzen ari ziren hiru falangista ekarri zituen klasera. Motxila eta guzti etorri ziren hiru gazteak. Orduan, irakaslea betiko erretolika botatzen hasi zen: ‘Estos son el futuro de España, estos son los chicos que van a engrandecer España’. Hori esan orduko, nik ‘¡hombres que comen viruta y cagan tablones!’, esan nuen builaka, zer esaten nuen arrastorik gabe. Eta Nuarbeko Artaberak bota zuen hurrengo buila: ‘¡Esos no son de nuestra calaña!’. Irakasle falangistari, jakina, ez zion batere graziarik egin horrek, eta ni bi egunerako etxera bidali ninduten eta Angel astebeterako”.

Ordurako Otaegik bazuen kontzientzia abertzalea, beste ikasleek baino handiagoa, Zinkunegik gogoratzen duenez: “Nik orduan ez nuen kontzientzia politiko handirik, eta beste gehien-gehienek ere ez. Izan ere, gurasoek etxean ez ziguten politika konturik egiten, Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo beldurra artean bazegoelako. Baina Artaberak bai, Artaberak ordurako abertzaletasunaren kon-tzientzia nonbaitetik hartuta zeukan, guk baino askoz ere barrenagoan zeukan abertzaletasuna”.

Angelen familia betidanik abertzalea izan zen, eta ziurrenik hortik zetorkion Euskal Herriarekiko maitasuna. Mertxe Otaegi izebaren arabera, “gu beti izan gara abertzaleak. Gure aita ere –Angelen aitona– halakoa genuen, abertzalea oso”. Angelen aitona Juan Mari Otaegi, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Bilbora joan zen, bi seme hartuta. Eta gainontzekoak, emakumeak eta anai gazteak, Nuarben geratu ziren, amarekin —Urrestillako Josefa zen Mertxeren-eta ama—. Baina, haiek ere Nuarbetik bidali egin zituzten; edo Bizkaira edo Nafarroara joateko esan zieten, eta garai hartan Bizkaira joatea arriskutsua zenez, Nafarroara joan ziren, Betelura hain justu, Juan Mari Otaegiren anaia bat han zegoelako. Mariak, Mertxek eta besteek hilabete inguru pasatu zuten Betelun, eta berriro Nuarbera itzuli ziren, Martin Epelde nuarbetarrarekin. “Karlistek beti izan zuten begitan hartuta gure familia”, dio Mertxek. Horregatik, Angeli hortik zetorkion abertzaletasuna, familiatik.

Baina, Angelen Institutuko lagun asko ere joan ziren, pixkanaka-pixkanaka, kontzientzia abertzalea jasotzen, Imanol Zinkunegik esaten duenez: “Guri kontzientzia abertzalea norbaitek sartu bazigun, irakasle falangista hark sartu zigun. Eta nola? Ba abertzaleengatik gaizki esaka jardunda. Klasean, ‘cuando Jose Antonio Aguirre estaba arengando las hordas marxistas en Bilbao, tenía el helicóptero preparado en la terraza del hotel Carlton...’. esaten zuenean, gu etxera joan orduko gurasoei galdezka hasten ginen, ea Jose Antonio Agirre hura nor zen jakin nahian. Eta hurrengo egunean, berriro irakasleak, ‘pero vosotros como vais a lograr la independencia, si no teneis ni trigo para hacer el pan; ¿con qué vais a hacer el pan?’, esaten zuenean, nik neure artean pentsatzen nuen: ‘Nire osabek-eta baditek ba baserrian garia...; eta ogia ere egiten ditek ba...’. Falan-gista hark esandakoen ondotik hasi ginen gu kontzientzia abertzalea hartzen. Izan ere, baten batek etxean informazio gehiago lortzen zuen, eta gero ikasleok Jose Antonio Agirre gora eta Jose Antonio Agirre behera jarduten genuen”.

Irakasle falangista gaztea joan zen, beraz, pixkanaka-pixkanaka azpeitiarren ‘izpiritu nazionala’ formatzen, baina justu hark nahi zuenaren kontrako bidetik.

Soriasis gaixotasuna atzeman ziotenekoa

Institutuan kirola dezente egiten zuten Angelek eta lagunek. Imanol Eliasek Formación Manual irakasgaia eman zion Angeli, Batxilerreko hirugarren ikasturtean. Eta gogoan du Angelek kirolerako zuen afizioa: “Oso kirol-zalea zen, eta gainera ona”. ‘For-mación del Espíritu Nacional’ ematen zien irakasle falangistak, berriz, pilota partiduak-eta antolatzen zituen, eta pilota partiduren bat bazegoen, Angel han izaten zen beti, jokatzeko prest: “Urtero Vista Alegreko pilotalekuan –gaur egun Izarraitz pilotalekua dagoen leku berean– jokatzen zen txapelketa bat, eta Angelek parte hartzen zuen. Garai hartan Kasinoa zegoen leku hartan, eta pilotalekua justu Kasinoaren kontra zegoenez, nahikoa gaizki ikusia zegoen han ibiltzea. Baina urteroko txapelketa hartarako baimena eskatzen zitzaien agintariei, eta Angel ere han izaten zen, besteekin batera pilotan”.

Kanpora ere joaten ziren kirola egitera; normalean, Donostiara, Anoetara. Asteburuetan joaten zen Institutuko talde bat lehiatzera; askotan larunbatean joan eta egun berean etortzen ziren. Baina behin asteburu osorako joan ziren Anoetako kirol-instalakuntzetan konpetitzera. Artean hamasei urte baino gehiago ez zeuzkan Angelek. Larunbat goizean joan ziren Donostiara, eta futbol partidu bat jokatu zuten eguerdian. Hurrengo egunean atletismo probak zeuzkatenez, gaua bertan pasatu zuten, Anoetako instalakuntzetan. Orduan agertu zitzaizkion aurpegian mantxa gorrixka batzuk, gerora hainbeste buruhauste eman zizkiotenak. Inazio Beldarrain laguna harekin zen orduan: “Afaltzera kolegio batera joan ginen, eta antxoak atera zizkiguten jateko. Antxoak jan genituen, eta Angelek antxoa haien ura ere edan egin zuen. Orduan mantxa gorrixka batzuk agertu zitzaizkion aurpegian, grano tankerako batzuk. Harrituta, kezkatuta geratu zen, lehenengo aldia zelako halakorik ikusten zuena. Hurrengo egunean pisu-jaurtiketako modalitatean parte hartu behar zuen, baina mantxa haiengatik parte hartzeke geratu zen, eta haren partez nik bota nuen pisua”. Igande hartan bertan etxera joan ziren guztiak, eta Otaegi medikuarengana eraman zuten.

Horrela, Angeli aurpegian azaldu zitzaizkion mantxa haiek soriasis izeneko gaixotasun baten ondorio zirela jakin zuten. Azaleko gaixotasun kronikoa da soriasis, eta azalean grano tankerakoak ateratzen ditu, urratu ezkatatsu batzuk. Medikuek ez dakite seguru-seguru zerk eragin dezakeen gaixotasun hori, eta orduan are gutxiago. Adituen arabera, soriasis gaixoen erdiek hamasei urte baino lehenago harrapatzen dute gaitz hori, eta gaur egun laguntza psikologikoa ematen diete soriasis duten gazteei. Izan ere, etengabe, eguna joan eta eguna etorri gaixotasun batekin bizitzea gogorra da, eta gogorra da, batik bat, gaitz hori mundu guztiak ikus dezakenean. Mediku eta adituek diotenez, gaitz horrek, aurpegian sortzen diren mantxengatik batez ere, nazka-edo eragiten du jendearegan.

Soriasisagatik, Espainiako Armadan soldadutza egitetik libratu zen Angel –joan orduko libre geratu zen–, baina gaixotasunak buruhausteak eragin zizkion, konplexu dezentekoa zuelako Angelek soriasisagatik; hamasei urtetik hil zen arte (33) konplexu horrekin bizi izan zen. Institututik atera zenean, garai batean arrantzale ere ibili zen, eta itsasotik bueltatzen zenean aurpegiko mantxak dena hobetuta ekartzen zituen –“itsasoko urak mesede egingo zidak niri”, esan ohi zuen Angelek berak, Mertxe izebak gogoratzen duenez–. Baina, bestela, nahiko lata eman zion gaitz horrek, eta Salamancara (Espainia) ere makina bat buelta egin zituen mediku batengana.

Imanol Zinkunegik gogoan du Angelen “gaixotasun madarikatua”, eta aurpegiko grano haiengatik konplexuz beteta zegoela gogoratzen du: “Adin onenean agertu zitzaion gaitza, eta aurpegia gorri-gorri jartzen zitzaion. Orduan erromerietara-eta asko joaten ginen; zein neska aterako dantzara, beti erronkan. Eta justu garai hartan soriasisa agertzea ere... Min fisikoa emango zion, hazkura-eta izango zuen beharbada, baina, batik bat, min psikologikoa eman zion soriasisak”. Aurpegiko granoak azaldu arte nesken artean askoz sueltoago ibiltzen zen Otaegi, hala dio Imanol Zinkunegik: “Angel egundoko maitagarria zen, eta neskak oso gustura ibiltzen ziren harekin. Eta gerora ere neskak harekin gustura ibiliko ziren, hori seguru, baina hari konplexu puntu handia su-matzen zitzaion”.

Angelek ez zuen andregairik eduki serio antzean, nahiz eta Azkoitiko baten batekin zerbait izan zuen, lagunek kontatzen dutenez. Neskak gogoko zituen, gustatzen zitzaizkion, baina ez zuen harreman seriorik bilatu. Jexux Aranburu Pattar lagun-minak behin Angelen ama Maria Otaegiri esan zion bezala, “Angelek nahiago du andregai bat serio antzean edukitzea baino iltze bat hanka azpian sartzea».

Ikasteko gogo gutxi, baina ‘matrikulatzen’ lehenengoak

Institutuan ikasten jardun zuen, bai, Angelek. Baina eskolara joan eta ikasteko gogo gutxi zuen, garai hartan gehientsuenek bezala. Nahi bazuen erraz ikasten zuen Angelek, erraz sartzen zitzaion buruan azaltzen ziotena; baina ez zuen nahi. Eta gaztelerarekin ere izan zuen arazoren bat edo beste, Imanol Eliasek gogoratzen duen moduan: “Bere hizkuntzan azaldutako gauzak segituan ikasten zituen, eta gazteleraz erakutsitakoak ere ikasten zituen; baina gero hori gazteleraz azaltzea kostatu egiten zitzaion. Nik askotan egiten nion euskaraz –nahiz eta orduan irakasleok debekatuta genuen–, azalpen asko ematen nizkion euskaraz”.

Bestela, nota txar-txarrak ere ez zituen atera lehenengo urteetan. Esaterako, lehenengo ikasturtea azterketa extraordinarioen beharrik gabe atera zuen, aurrenekoan. Bigarren urtetik aurrera hasi zen noten kontua okertzen. Baina ez zitzaion gehiegi ere axola; Imanol Eliasek hala uste du: “Lasaia zen, eta garai hartan ondo pasatzea inporta zitzaion, besterik ez; nota txarrengatik ez zen gehiegi kezkatzen”.

Irakasleak imitatzen ona zen Angel, asko gustatzen zitzaion irakasleak imitatu eta jendeari barre eginaraztea. Batik bat, Jose Maria Rivas irakaslea imitatzen zuen ondo. Rivas katalana zen, eta Joxe Aranburu Ariztondoren arabera, “nahikoa zorrotza zen irakasle hura ikasleokin”. Irakasle hark bazuen ohitura zelebre bat: azterketa txar-txarra egin zuenari ez zion 0 nota jartzen, 0,05 baizik. “Angel, le voy a poner un 0,05, porque si le pongo un 0, queda muy feo”, esaten zion Rivasek Angeli. Eta honek gero, lagunen aurrean Rivasek esandakoak errepikatzen zituen, azento katalana imitatuz; “denok barrez lehertzen egoten ginen”, dio Joxe Aranburuk.

Batxilerreko hirugarren ikasturtera ailegatu zen Angel, baina hura izan zuen azkenengoa. Jadanik nota txarragoak ateratzen hasi zen, azterketa batzuetara ez zen agertu, eta pare bat deialdi extraordinario ere ez zituen gainditu. Zigorrak ere bata bestearen atzetik jasotzen zituen; esaterako, hamazazpi urte egin zituen egunean, 1959ko urtarrilaren 13an, Azkoitian egin zen kirol froga batera ez azaltzeagatik zigortu egin zuten, Institutuko Angelen fitxan ipintzen duenez.

Imanol Eliasek esandakoa: ondo pasatzea inporta zitzaion Angeli, ikasteko batere gogorik ez zeukan. Eta ondo pasatzeko koadrila ona zeukan: Jexus Aranburu Pattar zena, Abel Izagirre Txapa Txikiye, Joxe Aranburu Txata, Luis Mari Galdos, Imanol Zinkunegi... Institutuko beteranoak haiek ziren —“Institutuko nagusiak”, Joxe Aranburu lagunak dioenez—, nahi zutena egiten zuten. Eta jakina, gero, gaiztakeriaren baten ondotik, zigortu egiten zituzten, Imanol Eliasek berak ere bai askotan: “Igande goizetan behin baino gehiagotan edukitzen nituen zigortuta, eta ni neu ere haiek zaintzera joaten nintzen; behin baino gehiagotan egon nintzen haien koadrila zaintzen. Adin bertsua genuen —nik Angelek baino lau urte gehiago baino ez nituen—, eta oso ondo konpontzen ginen. Matematikako ariketak-eta jartzen nizkien egiteko, eta beti kexuka jarduten zuten, ‘jo, Imanol, hau ez zagok egiterik’ esanez”. Goiza zigortuta pasatu, eta segituan kalera joaten ziren irakaslea eta ikasleak, elkarrekin txikito batzuk hartzera, artean oso gazteak ziren arren.

Izan ere, Angel, Pattar eta hauek gazterik hasi ziren parrandan, goiz heldu zioten txikiteoan ibiltze horri. Hamabost urte egiterako taberna batean baino gehiagotan ezagutzen zituzten. Horregatik, Insti-tutuko gaztexeagoak beti haiei begira egoten ziren, Institutuko beteranoei begira, Joxe Aranbururi Ariztondori berari, kasu: “Gu haiek baino pare bat urte gazteagoak ginen, baina bi urteren aldea baino gehiago kentzen ziguten. Orduan zigarroa erretzea eta pattarra edatea gizonagoa izatea zen, eta haiek horretan azkarrak izan ziren”.

Institutua hamazazpi urterekin utzi zuen Angelek, bukatu gabe. Baina Artabera eta bere lagunak, kaleko eta tabernako irakasgaia ikasten azkarrak izan ziren. Horretan, “matrikulatzen lehenengoak izan ziren”, Joxe Aranburuk dioenez