Imanol Elias

Mailo Oiarzabal (Uztarria)

 

KONTRAZALA: Joxe Mari Iriondo

1960ko hamarkada hasieran zen. Berrogei urte pasatu dira, beraz, ezagutzen dudala. Antzerki saio baterako prestaketa lanetan ikusi nuen lehenengo aldiz. Ondo edo gaizki, Imanolen argazki antzekoa egin nuen, honelatsu: langile handia da, langilerik bada. Izu bainoago bakarti. Otsoa eta inurriak biak batean. Lagunartean, irribarrea ezpainetan. Kalean gora edo behera bakarrik ikusiz gero, kopetilun eta pentsakor. Beti lanari lotuta, ari eta ari, artxibo zokoak miatu eta aztertzen. Behin aitortu zidanez, goizeko zazpietan hasi eta arratsa arte askotan, hemen hasi eta han segitu, paper zaharretan ahal duena irakurri eta gero argitara emanez. Hiztuna da, baina idazle oparoagoa. Etsitzen ez duen horietakoa, lanerako tematia...

Inoiz Imanolekin izan dudan pasadizoren bat aipatzearren, Loiolako Herri Irratirako idazten zuen "Andre-gizonak" irratsaio harena gogoratu behar. 1962ko udazkena zen, eguerdia. Ustekabean, artean inoiz entzun ez nuen saio hura ez zuela idatziko esan omen zuela Imanolek, eta neuk prestatu beharko nuela agindu zidaten. Areago: hogei minutu nituela horretarako. Haserreak haserre, idatzi nuen. Eta gero, ondo irten eta ondo kontatu. Baina larrialdi hura nekez ahantz nezake. Une hartan eskura harrapatu izan banu Imanol!

Antzezlan eta ipuin idazle, olerkari, herriko kronikari eta istorio biltzaile nekaezina, eta garairik gordinenean herriko alkate ere izan zen Imanol Eliasi hasieran nion errespetu eta itzal hura, mirespen bihurtu zitzaidan behin batean. Imanolek lanerako duen ausardia eta adorea zinez miresten ditut.