Patxi Altuna

Josune Etxeberria (Uztarria)

 

KONTRAZALA - Patxi Goenaga

Azpeitiak euskaltzale prestu asko eman ditu. Horietako bat dugu Patxi Altuna, ‘Kanpaxa’, bere azpeitiartasunari sekula uko egin ez dion euskalari handia.

Elizgizon legez, ondo gogoratzen dituzte, adin batekoek behintzat, Donostiako Jesuiten elizan igande eguerdietan ematen zituen mezak. Isunak eta gartzela ere ezagutu zituen sermoi haien ondorioz.

Haren euskaltzaletasuna ere nabarmena dugu. Zenbat ote dira ‘Euskara, hire laguna’ metodoari esker euskara ikasi dutenak! Zenbat, liburu horri esker irakasle bihurtuak! Patxi Altunak ez baitzuen bakarrik euskara irakasteko metodo moderno bat prestatu, metodo hori erabiltzeko irakasleak ere trebatu zituen. Euskalduntze-alfabetatze lantegi honetan, guztiz aipagarriak ditugu haren ‘Euskal Aditza’ eta ‘Mitxelenaren idazlan hautatuak’ liburuak ere, bere ohiko zorroztasunez argitaratuak. Garaian garaiko premiei erantzun nahirik, euskara irakatsi beharra somatu eta horretara jarri zituen bere indar guztiak. Euskaltzain gisa ere, aditz batua finkatzeko orduan, han ikusten dugu Altuna. Gramatika batzordearen lanetan ere urte mordoa darama lanean.

Baina Patxi Altuna zerbait bada, filologoa da. Euskal Filologiari unibertsitatean leku egiteko ordua iritsi zen noizbait eta berari zor zaio, hein handi batean, ikasketa horiek unibertsitatean leku izatea. Latineko irakasle izan da bizi guztian, baina Euskal Filologiari eskaini dizkio bere onenak. Testu zaharren paratzaile gisa, hirukote ederra prestatu zigun lehenbizi: ‘Versificación de Dechepare. Métrica y pronunciación’ (1979), ‘Etxepareren hiztegia’ (1979) eta ‘Linguae Vasconum Primitiae’ obraren edizio kritikoa (1980). Gero etorri ziren beste autore batzuk: Etxeberri Ziburukoa, Tartas, Mendiburu, Fr. Bartolome, eta abar.

Hainbat tesigileren gidari eta zuzendari ere izan dugu Patxi Altuna. Gaurko euskalari askok ezin ordainduzko zorra dugu harekin, zeren, azken batean, Patxi Altuna, irakasle trebe ez ezik, irakasleen irakasle izan baita, askoren maixu. Orain irakasletza utzia du, baina maixu izaten segituko du bizi osoan: MAIXU, hizki handiz.