Xoxoteko Aterbea

HERRITARREN IZERDIAREKIN EGINDAKOA

1984ko Xoxoteko egunean ireki zen aterpea, maiatzaren 27an, eta geroztik, arazoak arazo, komeriak komeri, hutsik egin gabe izan dugu han goian. Ez zen erraza izan, ordea, aterpea eraikitzea Xoxoteko puntan.

Aterpea egiteko benetako asmoa, gailurrean zegoen txabola erre zenean sortu zen. “1970eko hamarkadaren amaiera aldera –dio Mikel Ibarzabalek-, Bildotxola artzainak erabiltzen zuen txabola erre egin zen Xoxoten, orain aterpea dagoen parean zegoen txabola hain zuzen. Erre zenean, elkartean ibiltzen ginenok pentsatu genuen hantxe bertan borda bat eraikitzea, txabolaren estilokoa”.

Asmoa, beraz, sortua zen. “Herriko koadrila batzuk zioten aterpeak partikularra izan beharko zuela, baina asmo hori berehala baztertu zen”, esan du Inazio Orbegozo Txitxa-k. Eta han-hemenka ziren borda eta aterpeak begiratzen hasi ziren Lagun Onak-ekoak. Agian gehien arduratu zen Juan Mendizabalek dioenez, “Zarautzera joan nintzen, Pagoetako borda ikustera. Bagenekien borda ederra zela hura, eta estilo hartakoa egitea pentsatua geneukan”. Ia edonon bezala, ordea, arazo latzarekin topatu ziren, diruarekin alegia.

Txabolaren funtziorik nagusiena, gora iristen zen jendeari jateko eta edateko pixkat zerbitzatzea zen. Gipuzkoako Diputazioari filosofia hori agertuz gero, baina, dirurik eskuratzea ezinaren hurrengoa litzatekeela ederki asko zekiten Mendizabal eta hauek. “Planifikazio bat aurkeztu beharra zenien, bestela jai zeneukan”. Baina topatu zuten soluziorik: aterpearen eginbeharrik nagusiena umeei eskainiko zitzaien arreta izango zen. Nolabait esateko, umeentzako aterpea litzateke hein handi batean. “Horixe izan zen gakoa dirua lortzeko”, dio Mendizabalek.

Hasiera batean izan zen oztoporik. Euskal Federazioa Piedrafitako aterpearekin murgildua zebilen erabat, egin beharra zegoela esanez behin eta berriz. Mendizabalek esaten duen bezala, “Urola-Kostako mendizaleok genion Piedrafitako aterpeak ez zuela lehentasuna izan behar, hemengo aterpeek baizik. Gainera, jakinda 80 milioi pezeta xahutu zirela azkenean, guk uste genuen diru harekin hemen zazpi aterpe egin zitezkeela”.

Baina Lagun Onak-ekoek aurrera segitu zuten ideiarekin. Umeak aterpeko ardatz izango zirela planteiatzeak arrakasta lortu zuen Gipuzkoako Diputazioaren aurrean, eta, ondorioz, babes ekonomikoa bazegoen. 80ko hamarkadaren hasiera-hasiera zen. Planoak, aurrekontuak eta abar egiten hasi beharra zegoen.

Estanislao Narbaiza Guridi izan zen Xoxoteko aterpearen ingeniaria. Esperientziako gizona zen, aurretik antzeko lanak ere egindakoa zelako. 1982ko urrirako planoa egina zegoen, baita onartua ere, orduantxe bota baitzuten euren sinadura Narbaizak berak eta arkitekto teknikoa zen Inazio Olaizolak.

Urte bereko azarorako berriz, kanpoko estrukturaren aurrekontua egin zegoen. `Altuna y Uria S.A.´arduratu zen horretaz, eta aurkeztu zuen aurrekontua hauxe izan zen: 4.521.202 pezeta. Horren baitan ziren lurren mugimendua (98.425 pezeta), hormak eta igeltsaritza (3.590.040), arotz eta kristal lanak (384.612) eta iturgintza (273.833). I.G.T.E-ren %4 gehituz gero, beraz, aipaturiko kopurua irten zuen azkenean.

Aurrekontua onartu bezain azkar, Euskal Herriko Mendizale Federazioak ere aztertu zuen Lagun Onak-en diru eskaera. Honelaxe dio 1982ko abenduaren 23ko aktako hirugarren puntuko zati batek: “Lagun Onak Mendi Elkarteak Xoxoten (Izarraitzeko mendikatean) aterpea egin nahi du, eta horretarako dirulaguntza eskatu du. Dirulaguntza eman aurretik, ordea, zenbait gauza argitu egin beharko dira: aterpera federatu guztiak sartu ahal izango dira; hitzarmena hitzartu beharko da eta funtzionamenduko baldintzak ikusi; nolako interesa duten federatuek...Puntu hauek guztiak aztertzeko bilera bat egingo da hurrena, eta interesgarria balitz, akordiora iritsiko ginateke”. Eta bilera egin zen, eta akordiora heldu ziren. Euskal Federazioaren babesa ere, lortua. Lanean jo eta fuego hasteko garaia zen.