Ibilaldiak

BERTAKO MENDIETAN BARRENA: Aitor Unanue

Eguzkia dantzan ateratzen den udaberriko egunsenti liluragarriek, zuhaiztien udazkeneko jantzi koloretsuek, inguruko mendi eta bailaren gainetik jarriz, hauek kontenplatzeak edo besterik gabe izadiaren erdian lagunarteaz gozatzeak bultzaturik, gizaldi erdi batez mendi irteerak antolatzen ari da Lagun Onak-eko mendi elkarte hau. Urteko iganderik gehienetan aspaldian, goizeko zazpietan edo zortzietan, eta bederatzietan umeentzat denean, San Agustinpetik irten eta goiz buelta, egunpasa edo pare bat egunerako joaten gara mendi aldera. 1946ko irailaren 29an Arauntzara eginiko irteerarekin eman zitzaien hasiera. Urte hartan bi irteera besterik izan ez baziren ere, hurrengo urtean zazpi egin ziren. Ondorengo urteetan beste hamaika mendi ere zapaldu ziren, eta ez gertukoak soilik.

Baina, urrutiko intxaurrak bertara joandakoan 14 izaten baditu ere, guk herriko eta inguruko mendi irteeren berri eman nahi dugu atal honetan, azkenaldian eman zaien garrantzia baino handiagoa merezi dutelakoan.

Lau urtaroetan banaturiko eguzkiaren itzulia, elurrez, lorez, ilargiz, nahiz landarez margotua, hemen aipatzen diren zazpi irteerez ere bizi ohi dugu. Zortzigarrena, zuen esku.