Ingurumenaren astea

INGURUNEA ZAINDUZ

Mendia, beste inguru giroarekin batera azken urteetan jasaten ari den beherakada ikusirik, dituen erasoen aurrean mugitzen hasteko garaia aspaldi iritsi zen. 1995eko ekainean antolatu zen lehen Ingurugiro Astea, berau lau ekitaldiz osatuz: aurrenekoan, Azkoitiko ikastetxean, Udalaren laguntzaz, azken urteetan aurrera daramaten ingurugiro heziketa aurkeztu zigun Artelatz ingurugiro heziketa taldeak. Bigarren ekitaldian, Abiadura Handiko Trenak Euskal Herriko mendi eta ingurugiroan egingo duen txikizio eta eragin kaltegarriaz hitz egin ziguten AHTren aurkako batzordekoek. Hirugarren ekitaldian, Gipuzkoako Mendi Federazioko mendi garbiketa kanpainaren proiekzioa eskaini zigun kanpaina horretako partaide batek. Eta azkenik, laugarren ekitaldian, Itoizko urtegiaren berri eman zigun koordinakundeko beste partaide batek. Ekintza berri hau, aurrera begira dugun apustu bat gehiago litzateke.

ATZERA ETA AURRERA BEGIRA

Jo dezagun atzera, 200 urte. Ea nori bururatzen zaion, itzuli bat ematera bakarrik joatea arratsalde edo egunpasa Xoxotera, Arauntzera, Urrakira, Oņatzera, Xixtil errekara, Erlora, Izazpira, Samiņora nahiz beste edozein mendi edo bazterretara? Burutik sano zegoen edonori ez, behintzat. Horrelako leku aldapatsu, haizetsu, askotan ez biderik, ez urik…Eta, nori bururatzen zaio etxetik milaka kilometro egin eta elur eta izotzez beteriko mendietatik zehar, hotzak eta arriskuan ibiltzea? Edo, mendi, larre eta harkaitzetatik zehar ibiltzera Pirinio, Pikos, Aralar, Aizkorri, Anboto edo urrutiagoko lekuetara joatea?

Gaur egun, ordea, inork ez du ukatuko inguru natural hauetatik zehar bertako animali, landare, erreka eta aire garbiaz gozatuz ibiltzeak on egiten digunik, ezta inguru hauen beharra eta egarria gero eta nabarmenagoa denik ere. Hainbeste aldatu ote gara 200 urtean? Orain 200 urte ez zegoen inora joan beharrik aire garbia arnasteko, nahikoa zelako lehiotik burua ateratzea. Ez zegoen urrutira joan beharrik zuhaiztietan ibili edo bertan egoteko, etxe aurrean baitzeuden zuhaiztiak eta larreak. Ez zegoen itsasora joan beharrik uretan kalterik gabe bainatzeko, nahikoa baitzen Urola edo Ibaiederren putzu bat bilatzea. Ez zegoen isiltasuna bilatzeko asko ibili beharrik, nahikoa zelako herri ingurutik pasiatzea. Hainbat animali eta arrain ikusteko arazorik ez zen, bertako baso eta ibaietan zeuden eta.

Azken urteetako bat bateko garapen industrial eta ekonomikoak, beste ondorioen artean, ingurugiroaren suntsiketa eragin du: ibai eta erreken kutsadura (Urola, Ibaieder, Xixtil erreka...), airearen kutsadura, mendien apurtzea harrobi eta bideen bidez (Xixtil erreka, Eskusta, Zestoa nahiz Urretxuko kanterak eta Xoxoterako landabidea), zuhaizti, landaretza eta fauna autoktonoen murriztea eta desagerpena...Mendietako isiltasuna ere galdu da. Kontaezinak dira gure herri eta bailarako inguru naturalak jasan dituen galerak. Gizona, ordea, ez da hainbeste aldatu, bere izadiarekiko lotura ez da apurtu, eta berekiko duen beharra ere ez du galdu. Ondorioz, etxean, herrian edo inguruan aurkitzen ez duena, beste nonbait bilatu beharrean, urrutira doa, autoan, hegazkinean, trenean, itsasontzian edo ahal duen bezala; oporretan, asteburuetan, urte guztian edo ahal duenean; Urbasara, Aralarrera, Pirinioetara, Alpeetara, Andeetara, Himalayara edo ahal duen lekura. Horrela, inguru naturalak ez dira edonoren eskura gelditu, bizitza maila altua dutenen eskura edo diruaren mende baizik. Bestalde, inguru horietako jende pilaketak, gelditzen diren inguru naturalen galera eragiten du.

Honengatik, eta Lagun Onak M.B.-ren betiko ahalegina mendia eta ingurune naturalak herritar guztien eskura jartzea izanik, gaur eta biharko apustua dugu bertako ingurune naturalen kontserbazioa eta berreskurapena.