Mendizale ospetsuak Azpeitian

Lagun Onak Mendi Bazkuneak gonbidatuta, jende ospetsua etorri izan da Azpeitira azken urteetan. Batez ere, azkenaldian, Mendiko Astea dela medio, euren proiekzioak azpeitiarrei eskaintzera makina bat mendizale sonatu etorri baita. 1980an hasi zen jende ospetsuan hona etortzen. Urte hartan, Everestera joan zen euskal espedizioko kideak hemen izan ziren (Martin Zabaleta, Felix Uriarte...), Xabier Erro izan ezik, ezin izan zuelako. Hau, ordea, 1981an izan zen, sherpekin batera. Esaten dutenez, sherpek ez omen zuten haragirik jaten han Nepalen, baina hemen pila bat jan omen zuten. 1983an, Xoxoteko aterpeko lehen harria ipintzen, Jordi Pons kataluniarra izan zen, eta inaugurazioan, 1984an, John Bachard eta Miguel Angel Gallego. Proiekzioetan, bestalde, hemen argazkietan azaltzen ez diren Juanito Oiarzabal, Koke Lasa, Rafa Berasategi eta beste hainbat mendigoizale ere etorri izan da azken urteetan. Eta etorriko direnak oraindik, Azpeitia gune garrantzitsua baita mendiari dagokionez, eta kanpoko jendeari asko interesatzen zaio gure herriko gonbidea jasotzea.