Baloia eskuan hartzea ez da bekatua

Liburuko lehenengo atal hau, antropologia kutsukoa da; Gipuzkoa sakoneko Urola bailara itxi honetan, baloia eskuan hartu eta saskira begiratzen ausartu ziren estreinako gizaki haien ibilerak aurkeztu nahi dira. Eta, hain zuzen ere, gaur egungo saskibaloiak —eta bizitzak, oro har— duen erosotasunetik begiratuta, kutsu surrealista nabarmena darien hamaika pasarte biltzen dira aurreneko atal honetan.

Aztarna guztiek diotenez, 1960. hamarkadaren hasieran eman ziren Urola bailaran saskibaloian federatuta jokatzeko lehenengo tentaldiak. Sasoi hartan ere futbola zen bailarako kirol federatu nagusia. Gaur horrek berdin jarraitzen duela bistakoa da, baina bada desberdintasun garrantzitsu bat egun kirolak gurean bizi duen egoerarekin alderatuta; alegia, orduan futbolean federatuta jokatzeko aukeratuak izaten ez ziren mutilek oso aukera txikia zutela federatutako beste kirol batean aritzeko. Mutilen egoera horrelakoa bazen, nesken egoera askoz larriagoa zela zer esanik ez, eskoletatik kanpo ez baitzen pentsatu ere egiten neskek kirola egiteko mutilen eskubide berbera dutela.