Mutilaren Mobylettea

Josu Arregi Txapao Bilbotik herriratzen zenean, ezin zen saskibaloian aritu gabe egon, eta gazteak entrenatzen saiatzen zen. Betharramdarretako frontoi txikian aritzen ziren minibasketeko saskietan. Josu Azkoitira joaten zen Mobylettearekin hango gazteak Azpeitira ekartzeko; parrilean bat zuela itzultzen zen Azpeitira, eta beste gazteak oinez abiatzen ziren zintzo-zintzo, eta Josu Azpeitira iritsi bezain pronto, beste bat ekartzera itzultzen zen. Farik ere jardun zuen gazteak entrenatzen; ondo oroitzen da nola entrenatu zuen Jose Miguel Etxaniz, honek bederatzi urte zituenean, minibasketean, Betharramdarretako frontoi txikian.

Josu goi mailako talde batean zegoen —Aguilasen—, eta saskibaloi klub baten egitura nolakoa izan behar zen ongi zekien: nola entrenatu arlo teknikoa, nola taktikoa...; baina udak ez zion gehiegirako ematen. Bailarako eskolen artean ere —Betharram, Jesuitinak, Institutua, Profesionala, Floreaga...— saskibaloian beste kiroletan bezala jokatzen hasi ziren neska-mutilak. Aipamen berezia merezi du Jesuitinetan osatu zen Gailurra taldeak, gero urte askoan saskibaloian aritu ziren neskak zirelako parte hartu zutenak.

Orduan ere denen artean aise nabarmentzen ziren kirolerako berezko egokitasuna zuten gazteak. Hau da, edozein kirol zela, berehala jartzen ziren haiek: mutilen kasuan gehienetan futbolerako bidea hartzen zuten, eta nesketan, berriz, onartzen zitzaien kirol etorkizun guztia aparteko emaztea izatea itxarotea zen.