Lanbideak ikasiz

Saskibaloia Gipuzkoa sakoneko bailaran kirol berria zenez, taldekoei etengabe sortzen zitzaizkien arazoak ahal zuten bezala zuzendu beharrean izaten ziren. Buruhauste berezia izan ohi zuten taularekin. Esan bezala, Betharramdarretako jolastokia estali gabekoa izanik, haizearen eraginez edo saskia batetik bestera mugitzean erori zitzaielako, tarteka taulak hautsi egiten ziren, eta aldatu beharra zuten norgehiagoka jokatzeko. Entrenamendurik egin gabe pasa zezaketen, baina asteroko partida jokatzea sakratua zen gureentzat. Beraz, burua nekatu beharrean izaten ziren. Autoan Pogu Azpeitiko tailerrera joan eta batek perretxikotan balebil bezala inguruak zaintzen zituen; arriskurik ez zegoela ikustean, autoan zeuden taldekideei jokaldia markatuko zien: haiek autotik atera eta Poguko atarian egoten ziren aglomeratuzko taulak lotzen zituen alanbrea askatu, bat hartu, autoaren sabai gainean kokatu, atzeko leihoetatik besoa atera eta, taulari helduz, disimuloz eraman ohi zuten Betha-rramdarretaraino. Gero etortzen zen arotz lanaren unea: taula moztu behar izaten zen, birbikinez zulatu... Margolariek beren lana betetzean, saskia lotzen zioten taulari, hurrengo haize eguna etortzen zen arte. Berehala ikasi zuten, hala ere, ordezko taula batzuk prest edukitzen. Eta saskian sareak ere sarri ipintzen ziren, eskaileratan gora igota; abildadea galanta! Beharko!

Kanpotik etortzen zirenentzako aldalekuak, Aiarzaren baimenari esker, Betharram Ikastetxeko azkeneko solairuan zeuden; garai hartan gida-baimena ateratzeko azterketak egiten ziren gela beraietan, hain zuzen. Aldalekuak, literalki esanda; beraz, kanpotik etorritakoak behin ere ezin ziren kexatu beste leku askotan gertatzen zen bezala dutxako ura hotza zegoela-eta... dutxatzeko aukerarik ez baitzen eskaintzen.

PATXONEKO ESERLEKUAK

Ordezko jokalariak esertzeko bankuak, hamaiketakoa eginez, Patxo Azpeitiko jatetxean eskatzen ziren. Bestetik, Otero familia osorik etorri ohi zen norgehiagoka zuzentzera: aitak txistua hartzen zuen eta emaztea eta alabek betetzen zituzten mahaiko lanak.

Taldearen maila apala zen. Donostiatik etortzen ziren taldeen ondoan teknikoki maila eskasa zen hemengoena. Izan ere, soilik larunbat goizetan entrenatzen ziren; biltzen zirenean, noski. Lagunartean saskibaloian aritzeko izpiritua zen nagusi, eta partaideak ez zuten, oraindik, diziplina estuegirik. Lan saioa beti oso antzekoa izaten zen: eskuinetik sarrera batzuk egiten zituzten, baina azkar asko hasten ziren gelditu eta jaurtiketak egiten, eta gehiegi nekatzerako partida, ahal baldin bazen haserretu gabe.

Hiriburutik Azpeitira, Betharramdarretara jokatzera zetozen taldeak egitura sendokoak ziren, ikastetxeen babesean hazitakoak, urte asko lanean zeramatzatenak, behar bezalako instalakuntzak zituztenak, eta arlo teknikoa eta taktikoa gogotik lantzen zituztenak. Gureak, aldiz, teknikoki arlote aurkitzen ziren. Hala ere, taldeak gogotsu jokatzen zuen beti; gogor, eta hiritik zetozenei ere estali gabeko tokian jokatzea neketsua suertatzen zitzaienez, partidak orekatu egiten ziren. Dena den, zementuzko plaka ez zen ureztatzen etxeko taldearen mesederako; mangerarik ez zegoelako, bestela...