Zerua ukitzen

Hiru urtetan jarraian igoera eskura izan ondoren, azkenik 1982-83 denboraldian lortu zuen Iraurgiko talde seniorrak Hirugarren Mailara igotzea. Trena martxan jarria zen, eta ziztu bizian zihoan; ez zegoen hura geldituko zuenik.

Ikusgarriak izan ziren Betha-rramdarretako jolastokiak igoerako fasearen partidetan izan zituen betekadak. Bereziki zitalak izaten ziren Ordiziaren aurkako norgehiagokak; gero, urte luzeetan zehar, derbi klasikoan bilakatu ziren bi taldeen arteko partidak. Ordiziarrek beti oso talde borrokalaria izaten zuten: mutil handirik gabea baina tximistak bezala jokatzen zutenak, eta partida irabazteagatik edozer egiteko gai ziren. Iraurgik jende handiagoa zuen, eta batez ere Josu Arregiz eta Etxaniz baliatzen zen jokoa antolatzean. Bi taldeen norgehiagokak oso beroak izaten ziren. Xubik esan ohi zuen bezala, ez zitzaion “tia monjari ere barkatuko”.

Hain zuzen ere, ordiziarren aurka jokatutako igoera fasean garaile irtetean lortu zuen azkenean Iraurgik Hirugarren Mailara igotzea. Betharrametan bildu zen jendetza ikusgarria izan zen, eta Ordiziako elastikoa zeraman zerri bat atera zuten. Ospetsua egin zen neurketa hura, ezbairik gabe.