Aurkezpena

Azpeitiko Antzerki Topaketak ate ondora datozkigu eta gainera aurtengo honetan edizio borobil bat betetzen dute XX. Edizioa hain zuzen ere.

Aurreko urteko ildoari jarraituz antzerkigintzan aritu izan den, diharduen eta arituko den itxaropenaz, pertsonaia bati omenaldi xume bat egin nahi diogu eta ezaugarri honi Azpeitiarra izatearen ezaugarria gehitu behar diogu. Pista hauek emanik ez da zaila Kontxu Odriozolari buruz mintzo garela asmatzea.

Nork ez du ezagutzen "Maria Luisa Galardi"? Beno Kontxu Odriozola esan beharko genuke baina emakume bikain hau begi aurrean agertu orduko guztioi "Maria Luisa" izena datorkigu burura ziurrenik.

Azken urteotan etxeko hainbat txoko ezberdinetan dugun karratutxoan egunero izan dugu istorio ezberdin batekin, batzutan barrez, hurrena triste eta nola ez askotan bere jenio bizia azalduz. Jakina da ordea aktoresa handi honek Goenkalez gain hainbat paper eta lan ezberdin egin dituela.

Laburpen txiki bat eginez esan genezake, Kontxu Azpeitian jaio zela 1945ean. Aktore izan aurretik irakasle izan zen baino beti ibili izan zen bere artista senari irtenbidea eman nahian. Beste askoren antzera amateur gisa hasi zen eta obra ezberdin eta lan bikain askoren ondoren aski ezaguna bilakatu dela gaur egun ezagutzen dugun "Maria Luisa" izan arte, eta dagoeneko ezin dugu beste "Maria Luisa"-rik imajinatu Kontxuk hain maisuki antzezten duena baino.

Oso labur hemen adierazten dizuet nire aurkezpen edo sarreratxoa zeren herritarra dugun emakume handi batetaz mintzo gara. Zerbait gehiago jakin nahi duenak bere ahotik ateratako hotsak Pako Aristiren idatzi bilakatu diren hurrengo orrialdeak irakurtzea besterik ez du.

AITOR GORROTXATEGI LARRAŅAGA
KULTURA ZINEGOTZIA
AZPEITIKO UDALA