Zu zergatik etorri zara?

Kontxu bidaiari haundia izan da. Guatemalan ageri da. 
Bere bizitzan egin zuen lehen antzerki obran. 

Donostiara joan ziren bizitzera. Kontxuk irakaskuntzan jarraitzen zuen, baina beti, beti antzerkiari zeharka begira bizi zen, umetan mojek aukeratu izateko zain egoten zen ume haren itxaropen eta grina bere-tsuarekin. Imanol, bere senarrak, Herri Irratian egiten zuen lan, eta han umeentzako programak egiten zituzten, besteen artean Pako Sagarzazuk, Txaro Arteagak eta Enkarni Genuak. Gipuzkoako Kutxak haurrentzako programa bat patrozinatu nahi zuen, larunbata goizetan izango zena, eta Kontxuri deitu zioten. Orduan, Kutxaren aretoan ordubeteko emanaldiak prestatzen hasi ziren, eta gero hura irratiz ematen zuten. Dena prestatu beharra zegoen, gidoiak, esketxak, oso lan polita egiten zutela gogoratzen du Kontxuk.

Hartan ari zirela, bikoizketa eskola bat ireki zuten. Horrekin batera zurrumurru bat zabaldu zen: euskal telebista jarri behar zutela martxan. Kontxu bikoizketara joaten hasi zen. Xabier Lete zegoen arduradun, eta galdetu zion Kontxuri: ´Zu, andereņoa izanda, zergatik etorri zara hona?´ Eta Kontxuk: ´Hara, gauza bat esango dizut, Xabier, nik antzerkia egin nahi dut Donostian, baina inor ez dut ezagutzen, dauden talde txiki hauetan ez dago sartzerik, ez dakit nondik hasi, baina uste dut bikoizketan zerbait egin dezakedala, nire har hori behintzat lasaituko dut´. Eta hala hasi zen iluntzeetan bikoizketa ikasten.

Hura bukatzera zihoala enteratu zen Antzerti eskola irekitzera zihoazela, Euskal Gobernuaren babesean. Hantxe zeukan antzerki eskola bikaina eskura, bere lekua eskainiz, urte askotan edukitako zaletasuna behingoz baretzeko promesarekin. Hantxe ikusi zuen bere bizitzako aukera Kontxuk.

Senarrarengana joan eta galdetu zion: ´Aizu, Imanol, nire soldatarik gabe bizi al gintezke?´. Kontuak egin zituzten, eta gizonak: ´Bai, estu baino bai!´.

.36 urte zeuzkan Kontxuk, eta hiru ume txiki. Ama Ramona ere beraie kin bizi zuten Donostian, gaur egun bezalaxe. Eta soldata polita zeukan. ´Nik zer esan behar nion nire ume txikiei, eta gure amari? Pentsa haren mentalitatea nolakoa zen, zer esango zituen niregatik!´, dio gaur egun.

Antzertiko sarrera-azterketara aurkeztu zen, hartu egin zuten, eta orduan utzi egin zuen lana, utzi egin zuen soldata polita, eta han joan zen buru-belarri eskola ikastera berriro, 36 urterekin. Bere adineko gutxi zegoen: Mikel Garmendia, Felipe Barandiaran, Arantxa Gurmendi... Beste guztiak 20 urte inguruko gazteak ziren.

´Ez naiz behin ere damutu ikastola laga izanagatik. Orain da eguna ikusten dudana nire lagunak leher eginda daudela, ikastolakoa lan gogorra da oso, segurua bai, eta antzerkia ez da segurua, baina antzerkia interesgarriagoa da, gehiago ematen du. Urte honetan lana badaukazu, gero hurrengo bi urtetan igual ez daukazu lanik, baina beno, merezi du´.

Hala ere, hasieran bidea ez zuen hain garbi ikusten Kontxuk. ´Eskolak jarraipena izango ote zuen errezeloa bageneukan. Han nenbilela muntaietan parte hartu nuen. Hiru urte egin genituen, eta handik irtendakoan ba produktora batek, edo besteak, edo antzerki talde batek eskaintzen zizuten lana, eta lana, gehiago edo gutxiago, beti sortu izan zait. Bizitza beste ikuspegi batetik erakusten dizu horrek. Borroka egin behar duzu ikastolan baino gehiago, baina ardura zeurea da bakarrik. Ni mundillo honetan sartu nintzenean, esan nuen, ba, ni ondo bataiatuta nator ikastolako gerra horretatik, baina antzerkia diferentea da, hor borroka zeurekin bakarrik daukazu, pertsonajea ahal den ondoena egiteko, lana ondo egiteko, demostratzeko, eta jendeak esan dezala, jo, ze ondo egiten duen hori´.

Apustua egina zegoen. Salto latza. Lanpostua utzi eta hilean 20.000 pezetako beka batekin bizitzera pasa zen 36 urteko emakumea. Horra aktorearen seigarren oinarria: Ausardia, eta bere lana beste gauza guztien gainetik maitatzea.