Hogei urteko bolloa banintz!

Greziara egindako bidai batean. 

Kontxuk gaztetan hainbeste miresten zuen zineak ez du maite izan Kontxu. Ez dugu apenas pantaila handian ikusi. Oso gutxi. Ez diote paperik eskaini. Hau zioen Kontxuk, duela urte batzuk, gaztelerazko ´Etapa´ aldizkarian: ´Todos los actores sueñan con ver su cara en la gran pantalla que es el cine, pero eso es casi imposible. Yo daría cualquier cosa por trabajar en el cine. El teatro es un amor verdadero; el cine es lo que te puede llevar al cielo; y la televisión te hace popular cien por cien´.

Hiru filmetan hartu du parte Kontxuk: ´Hamaseigarrenean aidanez´en, ´Albaniako Konkista´n eta ´Crónica de las guerras carlistas´en. Azken bietan sekundarioa zen, eta ´Hamaseigarrenean aidanez´en protagonista, Mikel Garmendia eta Felipe Barandiaranekin batera.

´Zinera berandu iritsi naiz, urte gehiegirekin. Zinean sartzeko gazterik hasi behar duzu. Kastingetan beti gazteak hartzen dituzte, eta zaharrak sekundarioak izaten dira, eta zaharrak hartzekotan izen handia daukatenak hartzen dituzte, eta nik ez daukat halako izenik. Niri gustatuko litzaidake zinean lan asko egitea, dudarik gabe, baina eskaini izan didatenean izan da agertu eta egunon esateko. Ni hori egitera ez noa, frustrantea da niretzat. Papertxo askori esan diot ezetz. Aktore nagusiak kanpotik ekarri, eta gero papertxoak eskaini guri? Ez, ez, eta kitto. Deitzen didate eta galdetzen diet ea zenbateko lana daukadan, eta egun batean erraz egingo dudala, hori ez da paper bat eta ez ezer. Zergatik joango naiz txorakeria horiek egitera?´.

Hala ere, zinearekin daukan frustrazio eta guzti, ez du ahazten beste alor askotan izan duen zortea. ´Nik pertsonaje ezberdinak egin ditut, kantatu egin dut, aktuatu, pertsonaje koitaduak egin ditut, edo marizikin bat izan behar bazen ba horixe, eta moja izan behar banuen ba moja, hori da aktore batek eduki dezakeen erregalorik handiena. Ni lan horiek egitera iristen naizen bitartean aberatsa sentitzen naiz. Ez dudala lortu errekonozimendu bat Espaina mailan? Beno, zer egingo dugu ba. Nik ezagutu ditut makina bat aktore onak behin ere ezer egitera iritsi ez direnak, ez diotelako aukerarik eman. Hau basamortua da batzuetan. Jende asko dago balio duena baina ez duena aukerarik izan. Horregatik ni ez naiz negarrez hasiko´.

Hala ere, Kontxuren hitzik gogorrenak zinearen gaia aipatuta datoz. Antzerkiarekiko agertu duen lilurarik eta maitasunik ez dago hemen. Aktore eta produkzio enpresen arteko harremanak ere nahiko garratz ageri ditu. ´Mundu hau oso gogorra da. Hemen mafia txiki askok funtzionatzen dute. Ondo kokatua ez bazaude, iluntzetan ez baduzu hori lantzen... Nik uste niri deitu didatenean lan bat egiteko izan dela, nire beharra zeukatelako, baina ez da izan erreguka ibili naizelako, edo peloteoa egiten, wiskyak edatera gonbidatzen inor, ez naiz igurtzi eta igurtzi ibili. Eta hori asko dago mundu honetan. Edo ´aste bukaera bat pasatzera etorri zaitez nirekin´, esaten dizute, edo ´te invito a cenar´, hori beti egon izan da´.

Egoera horren aurrean edadea bere alde izango zuela aipatu nion, zinera 40 urteren bueltan iritsi zelako. ´Kontu horietan nire alde izan da ni hogei urteko bollo bat ez izatea. Niri galdetu izan didate ea gizonarekin ondo arreglatzen al nintzen. Alde horretatik errespetu gehiago izan dut nik. Nik ezagutu ditut neskak, 18 edo 19 urtekoak, Madriletik buelta egin dutenak, esanez ´yo me he dejado hacer de todo y no he conseguido nada´. Hori oso gogorra da´.

Hala ere, Madril ezinbesteko jomugatzat dauka Kontxuk zinearen munduan sartu nahi lukeenarentzat. ´18 urteko neska batek Madrileko abentura pasa beharra dauka, hemen geldituta ez daukalako ezer´. Besteak beste euskal zinema, bere ustez, ez delako existitzen. Eginahalak egon ziren, ´Hamaisegarrenean aidez´, ´Zergatik panpox´ eta filme haiekin, bertako testuak ziren, bertako argumentuak, baina gaur egun Madrileko enpresek kolonizatuta gauzkatela uste dut. ´Hemengo filmetan ere, paper nagusiak Madrileko jendeari ematen zaizkio. Hemengo dirua Madrilera doa. Horrek tripak aztoratzen dizkit. Niri esaten badidate ´Airbag´ zine vasco dela, barre egiten dut. Edo ´Perdita Durango´. Euskal labela daukan zinerik ez dago gaur egun. Irlandako zineak labela daukan bezala, edo Noruegakoak. Zuk ikusten duzu filme noruego bat, eta badakizu hango zerbait ikusten ari zarela, industria txikia izango da baina zer nolako filmeak egiten dituzten´.