Maria Luisa bezalakoa al da Kontxu?

Azpeitiko euskal jaietan pinporoxa asko. 

Hainbatek galdetu dit hori Kontxu elkarrizketatzera nindoala esaten nuenean: Kontxu zer da, Maria Luisa bezalakoxea, ezta? Hona Kontxuren erantzuna: ┤Ni holakoa banintz, pentsatzen duen guztia esaten duena, ez dago kristaurik ni agoantatuko nindukeenik!┤

Bera ez da horrelakoa, baina identifikazioa sortzen duen pertsonaia bat egin du. Jende askok esaten dio Kontxuri: ┤Nik badut suegra bat holakoxea┤, edo ┤Ene, gure etxean ere badago Maria Luisa bat┤, edota ┤Nik badaukat koinata zu bezalakoxea┤, alegia, Maria Luisa bezalakoxea.

Horra aktorearen bederatzigarren oinarria: pertsonaia sinesgarriak egitea, gizarteko arketipoak jasotzea, identifikazioa sortuz.

Kontxu ez zen konbentzimendu handiarekin hasi Goenkalean. Bi lan eginak zituen ordurako telebistan, ┤Herriko Plaza┤ eta ┤Flamingo Berria┤, eta erreta zegoen. Antzerkia egin nahi zuen. Orduan ari ziren ┤Mephisto┤ obra prestatzen. Castinga osatuta zeukaten, baina hala ere proba bat egin zioten Kontxuri. Deituko ziotela. Bitartean Pausokakoak, Goenkale prestatzen ari zen produktorakoak, deika zeuzkan. Baina Kontxuk esana zien: ┤Ni antzerkian hartzen banaute ahaztu nirekin┤.

Antzerkitik deitu zioten ezezkoa emateko. Orduan, Kontxuk Pausokakoei deitu zien derrepente. ┤Derrigorrean hasi nintzen. Zuk lana egin nahi duzunean, txarrena da aukeratzeko beste ezer ez edukitzea. Zuk baldin badauzkazu telesail bat eta bi antzerki obra mahai gainean, ba aukeratzen duzu. Nik telebista ezagutzen nuen lehendik, eta ordaindu ere, ez dute jendeak uste bezainbat ordaintzen. Antzerkian, berriz, pertsonaje polit bat emanez gero, zapla hartuko nuke bi aldiz pentsatu gabe, baina holakorik ez dago hemen. Goenkalen sartu nintzen etxean gelditu baino lehen edozer gauza hobe delako. Goenkalen ari nintzela eskaini izan dizkidate pare bat antzerki lan, baina niri zaila egiten zait bi lan antolatzea, batean murgilduta banago ezin dut beste batean sartu┤.

Gogo handirik gabe hasi bazen ere, denborarekin Maria Luisa maitatzera iritsi da. Errekonozimendurik handiena eman dion pertsonaia da. Eta hainbeste urtetan Maria Luisari aurpegia, ahotsa, jenioa eta atsekabez eta oinazez betetako begiratu hori jarri ondoren, ikusleentzat bat eta bera bilakatu dira aktorea eta pertsonaia. Alabaina, ez da lan erraza izan Kontxurentzat Maria Luisa sortzea. Askotan sinpleenak diruditen gauzak baitira gehien kostatzen direnak. Maria Luisa ikusita, inork ez daukagu zalantzarik: Horrelaxe behar du emakume horrek. Baina horretara iristeko, ordea, Kontxuk lan asko egin du. ┤Maria Luisak azkar hitz egiten du, dena segurtasunarekin esaten du, egia balitz bezala. Horrek esan nahi du testua zeharo gaindituta eduki behar duzula, gauzak dudarik gabe esan behar dituzu, eta horretarako zuk testua buruan eduki behar duzu aita gurea bezala, ondo estudiatuta. Pertsonaje gris eta epel bat egin behar baduzu, ematen dizu aukera zalantzarekin hitz egiteko, etenaldiekin eta abar, baina pertsonaje energiko bat egiteko zalantzarik gabe hitz egin behar duzu. Segituan antzematen da aktore bat noiz ari den asmatzen, edo testua gogoratzen esan aurretik, eta hori ezin da egin. Maria Luisa baino pertsonaje errazagoak asko egin ditut, energia erdiarekin. Maria Luisarekin leher egiten dut, hustu egiten naiz┤.

Eta ez da testua bakarrik. ┤Nik klabe batzuk ematen dizkiot ikusleari. Maria Luisak azkazalak zorrozten ditu paparraren kontra borrokarako prestatzen denean, edo gezurretan ari denean belarri atzeko ilea mugitzen du. Keinu horiek ikusita jendeak badaki, automatikoki, zer gertatzen den. Nik ezer esan aurretik, jendea ari da pentsatzen: ┤A, orain gezurretan ari da┤, edo ┤A, orain egundokoak esango dizkio┤.

Beste ezberdintasun bat badago telebista antzerkia baino nekagarriagoa egiten duena. Antzerkiak gauza bat dauka ona: behin aktoreak testua ikasten duenean, hura errepikatu besterik ez dauka emanaldi guztietan, energiarekin eta gogoarekin. Goenkalen, ordea, beti testu ikasten. ┤Zapatua bakarrik edukitzen dut libre. Igandean asteleheneko atalak ikasi behar. 24 ordu honentzako bizitzen pasatzen ditut nik, eta gainera, testua ikasi gabe badaukat, ongi mamitu gabe, ezin dut lorik egin. Pedro Otaegiri ere horixe gertatzen zaio. Berak esaten du: Hau den marka, batzuek erdia ikasita ere ederki joaten ditun grabatzera. Hori ez da norberaren nahia. Garen bezalakoak gara eta kito┤.

Kontxuk langile fama dauka bere ┤gremioaren┤ barruan. ┤Hori seguru dakit, zeren denek esan ohi didate, eta denak gezurretan ez dira ariko┤. Baina langilea izateaz aparte, oso kritikoa da telebistan dagoen lana egiteko moduarekin.