Maria Luisa hilda, Kontxu biziko al da?

Azpeitiko tanborradan kantinera bezala, 1962an. Ezkerrekoa da. 

Hau esan zuen Kontxuk aldizkari batean: ´Miramonera heldu bezain laister Maria Luisa naiz egun guztirako. Badakit nire aurpegiak, nire ahotsak eta nire indarrak pertsonaiari laguntzen diotela, baina ez nuke bizi guztirako Maria Luisaren etiketarekin geratu nahi´.

Deian zioen: ´Agradecería que el próximo personaje que me ofreciesen fuese totalmente diferente´.

Niri ere aipatu zidan arrakastaren alderdi gaizto hori. ´Bestalde pena bat badaukat. Telebistan hainbeste denboran pertsonaje hori egiten egonda, ni enkasillatuta nago. Egia da demostratu dudala barre eginarazten ere badakidala, baina nik orain telebistan zer lan egingo nuke? Oso zaila izango da niri berriz telebistan horrelako paper bat ez eskaintzea. Lantokiak enkasillatu egiten gaitu denok, eta gure munduan, segun eta zer lan egiten duzun, segituan esaten dute ´horretantxe funtzionatzen du andre horrek ondo´. Hau penagarria da aktore batentzat, baina beste erremediorik ez dago, ezin da ihes egin hortik´.

Beldur eta kezka hauen harira beste aldizkari batean irakurri niona datorkit gogora. ´Etapa´n izan zen. Kontxuk orduan 52 urte zeuzkan, eta galdetzen zioten ea bere bizitzako zein unetan zegoen. ´Estoy en una etapa un poco extraña, es una edad rara. Por una parte el reconocimiento personal y profesional, y por otra parte te vas encontrando un poco gorda, un poco fea´.

Orain 5 urte gehiago dauzka, eta neuri ere aipatu zizkidan denboraren igarotzeak dakarren moldatu-beharrak sortzen dituen ikarak. ´Lanak erne mantentzen du zure burua, baina urte batzuek badaude orain, eta ni urte horietan sartzera nihoa, plost geratzen zarena, esanez, bueno, hots egin diezadatela, eta ikusiko dut. Baina ez zara mugitzen ezertara, moteldu egiten zara´.

Kontzientziaz bizi du oraina Kontxuk, eta gauzak bere lekuan jarri eta aztertzeko ahalmen harrigarria ageri du. ´Ulertzen dut deskantsuak inportanteak direla, hau estresantea da askotan, nerbioak airean edukitzen dituzu, askotan gainezka ere egiten duzu, histeria sortzen da batzuetan, birao bat botatzen duzu, kristorenak esan ere bai, azkenean negarrez bukatu ere bai, baina gero baretzen zara, eta barkatu esan, pasatu zait eta benga, hasi lanean. Pazientzia ere batzutan asko daukat, baina beste batzuetan lehertu egiten naiz. Igual ez naizelako hotza izango, eta orain aldatzea zaila izango da´.

Bere ahulaldiak agertu ondoren, ezin ordea urte peligroso hauen baitan nolako etorkizuna ikusten duen aztertu gabe utzi. ´Aktore batek beti eduki ditzake paperak, bizitza erakusten den momentutik zaharrak ere bizitzaren zati direlako, baina zuk fisikoki ondo egon behar duzu horretarako. Telebistan errazagoa da lana egitea, errepikatzeko aukera daukazu, eta beste gauza asko. Orain, antzoki batean, zahartu eta gero oso zaila da lana ondo egitea. Gazte batek, zaharrez disfrazatuta, hobeto egingo du benetako zahar batek baino. Kapazidadea galtzen duzu, memoria, indarra, garbi ahoskatzeko ahalmena, antzerkiak epe bat dauka. Niri esaten didatenean ´jo, esa actriz, tan mayor y hay que ver la energia que tiene´, niri pena ematen dit halako aktore zahar bat ezinean dabilela ikustea, batzuek belarrian pinganilloa daramate, handik testua entzuteko. Neure burua ez nuke horrela ikusi nahi. Lanik gabe geratzea ere ez da ederra. Nik, neure burua kapazidadearekin ikusten badut eta lanean jarraitzeko modua badut, jarraitu egingo dut´.

Kontxu ez du beldurrak, hala ere, gauzak nola diren ez ikusteraino itsutzen; garbi dauka egin beharrekoa. ´Orain, nekatuta sentitzen banaiz, ezin baldin badut, erretiratu egin beharko dut. Neure burua Rafaela Aparicio bezala ez nuke ikusi nahi, Euskal Herrian antzerkia egiten zahartuta´.

Eta behin ispiluaren aurrean jarrita, jarraitzen du etorkizunari, eta iraganari, argitasun guztiz aurrez-aurre begira. ´Ni kontziente naiz nere urterik onenak eman ditudala lanean. Telebistan, burua ondo badaukat, fisikoki ondo banago, eskaintzen badidate lanik jarraituko dut tirriki-tarraka, ez dut esaten ardura handiko gauzak egiten, baina gustatuko litzaidake zerbait egiten jarraitzea. Etorkizuna Barbara Goenagak dauka, esate baterako. 19 urte, txiki-txikitatik lanean hasia, telebistara joan da, zinea eskaini diote, antzerkirako ahalmena badauka. Baina nik, 57 urterekin... igual oraindik lan dexente aterako zait, baina ez dago jakiterik´.

Eta bere autoargazki hau amaitzera doanean, begiak pizten zaizkio berriro. Zer okurritu ote zaio? ´Hori bai, proiektu berri batekin ilusionatzeko beti prest egoten naiz. Bat dagoenean, orduan dena jartzen dut, buru-belarri sartzen naiz, eta naizen dena ematen dut. Zoratzen egoten naiz´.

Hamalau urterekin egin zenuen lehenengo obra hartan bezala?

´Bai, lehenengoa balitz bezalaxe´.