Loiolarik ez balitz

Iņigo Aranbarri, Jose Luis Otamendi (Uztarria)

 

Atarian

Loiolarik ez balitz aspaldiko asmo bati lotzea izan da. Badira urte batzuk elkarri burua berotzen hasi gintzaizkiola. Eta baietz-ezezka ekinaz, kemen handirik gabeko akordaldiekin joan zaigu denbora, jario bizian, ohartu gabe ia. Halako batean, iazko udaberrian honetaz eta hartaz ari ginela, eta aukera hura azkena izan zitekeela iritzita, edo ohi baino odol-berritze indartsuagoa egokitu zitzaigulako akaso, heldu genion, eta halaxe hasi, tirriki-tarraka, ordura arteko apunte, ohar eta txatalei itxura ematen.

Loiolarik ez balitz hasieran beste zerbait zen, Azkoitian eta Azpeitian izan diren idazleen katalogo moduko bat, sotila, dibulgatiboa izan nahi zuena batez ere, erakusle, gure artean izan duguna amnesia kolektiboan gal ez zekigun. Burubide horrekin abiatu ginen, askorik ez geneukalakoan. Bagenituen, gogoa pizteko laineko arrasto batzuk, hari irakurritakotik eta honi entzundakotik. Gerora, ibili eta ibili hasi garenean, berehala konturatu gara, bat, gaia bazela nahikoa hartu genuen asmoa betetzeko, eta bi, zenbat den urteen alper harripean gorde, isildu eta ezkutatu zaiguna. Gaia dagoenean lana ateratzea ez da zaila ere, ezkutukoa azalera ekartzea gehiago kostatu ohi da beti. Esan diren batzuk, esan direnean erdizka baino ez direlako esan, beste asko isil-gordean propio eduki direlako, edota inon egon bai, baina aurkitzen oso zailak ziren tokietan utzi dizkigutelako, ilunen mende. Eta hala, batean bilatu, bestean miatu, urre gorri txikia franko atera zaigu bidera. Harria altxa hemen, eta ona. Bestea jaso harantzago, eta hosto beltxa. Datu baliagarriren bat, ņabardura gutxi entzuna, alderdi nahikoa ezezaguna. Lastoaren aldean garia bildu dugu asko. Suerteko ibili gara, biltzea ez zen nahikoa hala ere. Irakurri beharra zegoen esku artean genuen hura.

Etxeko literaturaren oinatzak bildu nahi genituen. Berehala ohartu ginen ordea, huts-hutsean baino, behar zutela idazle eta liburu haiek guztiek inguru bat, non idazten zuten bai, baina azaldu beharra zegoela era berean nola, zergatik, zerk eta nork bultzatuta. Hemen idatzi dena, hemengoek idatzi dutena edo hemengoez idatzi direnak bai, baina bere giroak, bere garaiak ezarritako orbanak agerian jarriz ahal genuen neurrian. Literaturaren historia soziala? Akaso asko esatea da, baina badu hortik. Eman nahi genion jantzi bat hemen egin denari, jantzi kritikoa.

Oharkabean, Loiolak jarri digu bidea. Loiola izan da Azkoitia eta Azpeitia elkarren ondora ekarri eta lotzeko giltzarria. Loiolak badu munduan entzutea eta oihartzuna, han-hemenka piztu ditu jakinmina, gorrotoa eta mirespena. Nabarmena da, bai Azkoitiak eta bai Azpeitiak izan duten bere historia eta bilakabidea, inolaz ere ulertzerik ez daudenak Loiolari begiratu gabe. Izan ere, hainbestekotxea izan da Loiolaren eragina, baita literaturan ere. Eta hortik nahi guk.

Euskal Herriko kulturaren eta ideologiaren produkzio eta hedapenean gako izan diren guneetako batean gaude. Beharrezkoa zen batzen genuen bitartean zergatia azaltzea, mito errazei itzuri eginez, oraindik ere askotan nagusitzen ikusten dugun txokokeria baztertuz. Literaturak, alde honetatik, aparteko materiala eskaintzen du gizartea ulertzeko.

Gero, bildutakoa irakurtzen hasi, eta nabarmena dena azalean: Loiola zer izan den galdetuz gero, biko erantzuna eman behar. Loiola zama izan da, eta hala izan den neurrian, baita akuilu ere. Garbi ikusten den zerbait da, eguneroko bizimodua ez ezik kultura ere goitik behera baldintzatu duen erraldoiaren itxuran ageri da kupula harro hori, itzal beltzeko irentzaile orain, horrexegatik ernegarri hurrengoan. Izan ere, jesuitak gabe, han-hemenka ezagutu ditugun apaiz, fraile eta mojak gabe, nola azaldu bailara honen izatea bera? Ezta, ordea, ez dago Loiola erakusterik oso antzean, bere maitasunak, ametsak eta nahigabeak eder adierazteko irrikaz bizi diren Azkoitia eta Azpeitia gabe, Euskal Herria eta bere zertzeladak gabe. Horra gu, hemengo eta edonongo.

Trento ondorengo giro hertsiak itotako bailara izan da gurea. Jauntxoen aristokrazia trinko batek luzaroan albain motxean lotuta izan duen ingurua, larderiaz gerizatu dituena bere pribilegioak. Eta esan gabe doa, gizarte patriarkalean txertatua zeharo. Nolabaiteko isolamendu geografikoarekin batera, Euskal Herriko integrismo katolikoren bihotz izateak markatu du erabat hemengo literatura. Ezaguna da zer izan garen. Egunero gogorarazten digute, oraindik ere, beste bazterretako adiskideek.

Eta hori onartuta ere, ezin esan genezake ez denik hemen literatur altxor oparoa mamitu. Munduko izan gara, asmatu du munduak Izarraizpeko bideak topatu eta guregana heltzen. Hona ere iritsi dira batean eta bestean nagusi izan diren joerak eta pentsakerak. Iritsi dira eta bertako egin dira, maiz oso era sui generisean, Loiolak moldatuta ia beti. Hala etorri ziren ilustrazioa, karlismoa, sindikalgintza, nazionalismoa... askotan, hutsak ere, salatari datoz, ez gara ibili denean osatuak.

Eta honetan, Loiolak ukitu duen guztiari ezarri dio bere kutsua, nola ez, baita literaturari ere. Jaso ditugunak elkarren ondotik irakurri ditugunean ohartu gara. Ikusi egiten da ibilia. Galderak datozkigu. Historiaren dolarean, ez dira, azken beltzean, Loiola eta San Inazio karlismoaren eta nazionalismoaren arteko katebegi galduak?

Hori izan nahi du Loiolarik ez balitz honek: mendeetako kultur ahalegin baten kontakizuna. Ez dezagun, horregatik, proselitismo asmoz idatzitako literatura katolikoa soilik ikusi. Hemen bada idatzi egin duen jendartea. Asmatzeko, dantza eta jolas egiteko, kantatzeko eta amets egiteko grina izan duena, itzalak itzal, irri eta negar, idatzi egin duena. Bertsoak, poemak, kantuak, kronikak, alegiak, ipuinak, eleberriak bizitzeko idazten dituena, eta ez ezein eliza, ez ezein alderdi, ez ezein hizkuntza bizi dadin.

Loiolarik ez balitz nahi horren liburua da.