Puerto Lapicera bidean

Don Quijote de la Mancha eta Cervantes aipatzeko bi aitzakia aski izango al dira. Alde batetik, Don Kijoteren VIII eta IX. ataletan horrenbesteko indarra hartuko duen Sancho de Azpeitiak Azpeitikoa behar zuela, esan gabe doa; bestetik, Azkoitiko Madariagan apaiz egon zen Pedro Berrondo oiartzuarra izan zela Cervantesen lanik gorena euskaraz eman zuena 1976an.

*Ba zeuden bada bi burrukalariak, kementsuak eta aserretuak biok, ezpata zorrotzak gora jasota; ba zirudian, zeruari, lurrari ta lurpeari desafioka ari zirala, alakoxe aserre-itxura bizia zeukaten. Eta euskaldun sutsua izan zen lenbiziko kolpea eman zuana; eta alako eriosuan ta indarrez, ezpata arunzkoan baztertu ez balitzaio, kolpetzar ura aski izango zan borroka zital ura bere artan amaitzeko; eta baita gure zaldunaren burrukaizun guziak ere; baiña on-beharrak, zenbait eginkizun aundiagotarako gordeta zeukanak, bestalderatu zuan etsaiaren ezpata, eta onela, ezkerreko lepa-gaiñean jo zuan bai, baiña alde ura guzia eten*’azi beste kalterik ez zion egin, belarri-erdia ta zelatarik geiena eramanaz beerakoan; lurrera erori zan ura guzia, arrigarrizko jauzian erabat ondatu-ta utzirik. Jainkoa lagun! gure Mantxako’*aren biotzean sartu zan aserrearen bizia, bere burua era artan ikusi zuanean; zeiñ izango ote, berri ori eman aalgo duana? Onela bada, ta besteak beste, igo zan berriro estribo-gaiñera, eta bi eskuekin estuago elduaz ezpatari, eman zion euskaldunari goitik-bera aserre bizian, eta buru-gaiñean, burukian, jo zuan pare-parean; babesgarri ona zan bai, baiña mendiren bat gaiñera etorri balitzaio bezela, odola zariola asi zan, sudurretik, aotik eta belarrietatik; eta mando-gaiñetik beera erorka antzean, ta eroriko zan dudarik gabe lepotik besarkatuaz eldu ez balio; baiña, alaz ta guzi, oiñak beren lokera-xokotik atera zituan, eta besoak zabaldu; eta mandoa, alako kolpetzar aretaz izutu-ta, landan barrena abiatu zen korrika, eta ipur-jauzka gutxitan lurrera bota zuan bere jabea. Begira zegokion Don Kijote lasai-aski; eta erori zala ikusi zuanean, bere zalditik jaitxi-ta arin-ariñ urbildu zitzaion, eta ezpataren punta begi-gaiñean ipiñiaz, errenditzeko agindu zion, edo-ta bestela lepoa moztuko ziola. Izu-izu egiña zegon euskalduna, itzik erantzuteko gauza ez zala; eta gaizki ibilli bearko zuan, aintxen itsutua bait-zegon Don Kijote, baldin-ta karroxako andere aiek, an zegon tokira joan ez balira; eta arren ta arren eskatu ez baliote, faborez mesede orixen egiteko, beren ezkutariari bizia barkatzeko alegia.*

Ciudad Realgo Puerto Lapicera bidean, Don Kijotek eta Santxo Panzak, haize errotekin izandako borrokaldi entzutetsua amaitu berritan, vizcaino (euskaldun) talde batekin egingo dute topo besteak beste. Emakume bat zihoan karroxan Sevillara segizioarekin, andrazko zerbitzari bat, lau-bost gizaseme zaldizko eta oinezko bi mutil. Haiek agertu aurretxoan ere, liskar batean ibili zen Don Kijote. Hala ere, bere barne sumina eta zuzentasun gosea errenditu ezinean, euskaldunei bidea ixten ziela, aurrera pasatzen utzi nahi ezta jarri zitzaien, etorritako bidetik bueltatu behar zutela aginduz. Nola ez, laster sortu zen sesioa, berriz.

Munduan beste asko bezala —guztiak ez berdintzearren—, Espainiako Urre Aroko literaturan ere maiz ageri dira barregarri itxura fisiko xelebre, jatorri susmagarriko edo mintzo traketseko pertsonaiak: beltzak, juduak, musulmanak edo euskaldunak. Han bezala hemen, ia denean, beti txarrak besteak dira. Halaxe ageri da euskalduna Don Kijoteri aurpegi ematen, “en mala lengua castellana y peor vizcaína” erasoko diola.

—*Anda, caballero que mal andes; por el Dios que crióme, que, si no dejas coche, así te matas como estás ahí vizcaíno*.

Zalantza gutxi dago. Cervantesek (1605ekoa da Don Quijote de la Mancha-ren I partearen aurreneko edizioa), garaiko literaturan nahiko ohikoa zenez, gaztelaniaz mintzo direnean euskaldun ez ikasiek (gaztelania ikasi gabeek, noski) darabilten sintaxi modua nahi izan zuela aldatu, pasadizoari komikotasuna areagotzeko.

Bada oraindik, ordea, kontu jakingarriago bat Cervantesen eleberri handi horretan erakargarri egiten duena. Madariagako apaiz ohiak euskaratutako liburuan, IX. atalburuko sarreran topatuko ditugu hitzok:

Lenengo paper-sortan, Don Kijotek euskaldunaren aurka egindako borroka zetorren, beren bere-artan marratua; kondairak dion bezalako eran jarriak biok, ezpatak gora jasoak, rodelaz babestua bata, ta burukiaz bestea, eta ain bere-berean euskaldunaren mandoa, urrutitik (ballesta-tiroarenatik) ezagun zitzaion alkilerrekoa zana. Onoko titulu au zeukan euskaldunak, bere oinpean idatzirik: “Azpeitiako Don Santxo”; dudarik gabe, orixe zan nonbait bere izena; eta Rozinanteren oinpean beste au, “Don Kijoteziona.

Antza, edizio zaharrenetan “Don Sancho de Azpetia” (sic) moduan ageri den arren, bistakoa da Azpeitia dela Miguel de Cervantesek adierazi nahi duena. Eta bazituen nonbait euskaldun guztien artean Don Kijoterekin aurrez aurre borrokan jartzeko euskaldun jakin eta zehatz batekin gogoratzeko adina motibo.

Zergatik aukeratu ote zuen azpeitiar bat, arlote eran bada ere, galtzaile fanfarroi eta gizajo samar baten eran bada ere, literatura unibertsalaren orrietan betikotzeko?

Azpeitiko Don Santxo hori izatez Juan Perez Alzega zen, handikia eta Felipe II.aren gortean karguduna. Perez Alzega jaun hori loiolatarren eta bikuñatarren leinukoa da, Leopoldo Etxeberria ikerlari urrestildarrak berri ematen duenez.

Cervantesek izango zuen, Juan Perez Alzegaren ezagupidea, eta horren karietara bihurtuko du gizona bere eleberriko Azpeitiko Santxo. Izan ere, asmamenaren erresuma oparoko gudu zelaian elkartu aurretik, cervantestarrek eta Azpeitiko zaldunak izan zuten bestelako tirabirarik auzitegietako areto larderiatsuetan. Tartean ohorea eta dirua izan zirela, gauza garbia ematen du. Maitasun kontuetan nahastuta ibili bide ziren Magdalena Pimentel, Miguel de Cervantesen arreba, eta azpeitiar jauntxoa Valladolid aldean. Grinaren suak, ordea, beroarena kenduta itzaltzen hasi eta zauri biziak laga zituen gordin antzean.

Magdalena Pimentelek 1581 inguruan epai bidean jarri zuen Perez Alzega, emandako ezkontzeko hitza bete zezala eskatuz. Auziak dena den ez zuen aurrera egin, alde biek konponketa adostu zutelako. Badakigu diruarekin, garaiko hirurehun dukaten aldera berdindu zituztela Cervantesen arrebak eta Perez Alzegak euren arteko malkarrak.

Lehen aipatu bezala, aurrena izan ez bazen ere, Azpeitiko Santxoren kontura Cervantesek ezarri zuen euskaldunaren estereotipoa da, guztien artean, arraskatarik handiena izango duena, *vizcaíno*-aren topikoari egundo ez bezalako indarra eman ziona.

Baina Don Kijote Mantxako euskaraz irakurtzeko moduan bagara, Pedro Berrondo apaiz oiartzuarrak euskaratu eta 1976an argitaratu zuelako da. Ez zuen Pedro Berrondok Urola bailaran itzuli liburua. Baina izan zuen ez ahazteko moduko hartu-emana inguru hauekin, Azkoitiko Madariagako apaiz lanetan jardun baitzuen gazte denboran. Gerora ere, ez ditu izango saltzeko Izarraizpeko herriak. Hizpide izan dugun euskaldunaren topikoaren osagarri, horrela mintzo zen Berrondo jauna 1980an emandako elkarrizketa batean:

*Euskal Herriko bihotza duk Urola eta gainera Izarraizko harriak badik, badik halako dohain bat. Esan ezak gero Cervantesek ez zekiela ezer euskal gauzetan, el caballero vizcaíno Sancho de Azpeitia, jarri zin harek. Apustu zaleak, emakume zaleak ere bai, eta halaberean elizkoiak. Dohain berezia dik Izarraizko harriak*.

Noski, topikoak ez dira ernetzen etxetik kanpora bakarrik, azkenean guk geuk gustuko duguna erraz sinesteko joera daukagu, edozer gauza ulertzen da errazago norbere gogoaren neurriko galgan lotuz gero.

Kaikuaren eta arlotearen figura euskaldunok puztua da, XIX. mende hondarrean eta XX.aren lehen erdian, arlotadena literatur azpigenero bihurtzeraino. Erdal literaturaren eskutik askotan (gaztelaniaz zein frantsesez emandakoan) baina baita XIX. mende amaierako Donostiako euskal antzerkiaren pizkundearen eskutik ere (Soroa, Altzaga, Baroja...), irrigai izan da erdaraz gaizki egiten zuen euskalduna. Herritar euskaldun apala, ia beti baserri girokoa, irrigarri jartze horrek modatik baino areago izango du ondo gaztelaniatuaren edo frantsestuaren homologatu beharretik eta labela erakutsi beharretik, etengabe barbaro edo arrotz izan ginen garai basati haiek atzean utziak garela frogatu beharra balego bezala.

Gisa honetan amaitu zituen gure bailarakidearekikoak Cervantesek edo Don Kijotek, karroxako andere euskaldunak, erruki eske, *vizcaíno*-aren bizia barkatzeko arrenka hurbildu zitzaizkionean.

Don Kijotek aundiki-antzean, astiro, erantzun:

—*Ara bai, andere ederrok, benetan gogo onez egingo dut eskatzen didazutena; baiña ordain-kondizio bat bearko da, auxe: zaldun onek, Toboso aldera joango dala agindu bear dit, eta paregabeko Dulzinea*’rengana aurkeztuko dala; arek onekin, gogoa ematen diona egin dezan.

Andere gaixo aiek, dardaraz ta negarrez, Don Kijote’*k eskatu ziena ikuskatu gabe ta Dulzinea zeiñ ote zan galde-egiteke, baietz esan zioten, ezkutariak egingo zuala ark agindutako guzia*.

—*Itz orreri sinetsiaz, bada, ez diot kalte geiagorik egingo; ongi aski merezia zuan baiña*.

Hortik atzerakorik ez dakigu, eta bakoitzaren baitarako geratuko da lana. Auskalo Azpeitiko Santxok euskaldun andereek emandako hitza betetzeko lana hartuko zuen, batek daki Dulzinea ederretsiarenganainoko bidea egin bazuen zer apeta edo aldarte izango zuen, zer aginduko zizkion edo zer ez zizkion aginduko Don Kijote bihotz zabala kupitu zitzaion azpeitiarrari.

Apunte gertuagoko bat amaitu aurretik, Jesus Guridik 1915ean “Una aventura de Don Quijote” hamabi minutuko poema sinfonikoa idatzi zuen. Madrilgo Price Zirkoaren Antzokian estreinatu zen 1916ko azaroaren 17an. Madrilgo Orkestra Sinfonikoak eman zuen Bartolome Perez Casasen zuzendaritzapean. Musikariak Don Kijoteren eta Azpeitiko Santxoren arteko borrokaldian hartu zuen oinarri lan hori burutzeko.

Bibliografia:

CERVANTES, Miguel: Don Kijote Manchako, (Pedro Berrondoren itzulpena) Itxaropena, Zarautz, 1976.

ETXAGÜE BURGOS, Jorge: “De los vizcaínos a los arlotes. Sobre el empleo humorístico del español hablado por los vascos”, Cuadernos Cervantes 43. zenbakia, 2004 (www.cuadernoscervantes.com).

ETXEBERRIA, Leopoldo: “Juan Perez de Alcega, Don Quijotek barkatu dion Santxo Azpeitiarra”, Azpeitiko San Inazio festetako Udalaren egitaraua, Azpeitia, 1978.

“Solasean: Aita Berrondo”, Oh! Euzkadi 2. zenbakia, 1980 ekaina.