Erraldoi bat Loiolan

Matxinadaren urtea izatekoa zen 1766koa. Urtarrilak 29 egun zituen Manuel Larramendik, hirurogeita hamabost urteko, azken hatsa Loiolako gelan eman zuenean. Ondoan zituen Agustin Kardaberaz eta Loiolako erretore zen Jose Joakin Mendizabal.

Mendizabalek baina, Larramendiri hiltzen laguntzeaz gainera bazuen beste egiteko bat, denborarik galdu gabe bete beharrekoa. Inoren ezkutuan, gela hartan ziren eskuizkribuak bahitu eta Valladolidera igorri behar zituen berehala, Idiakez probintzialaren aginduz.

Idiakezek aitortua zion ondo zekiela josulagun zendu berriaren idatziek gortean, estatu idazkaritzan, hizbidea jarria zutela, handia zela asaldura Madrilen. Ez ziren politikoki zuzenak nonbait Manuel Larramendiren idatzietako zenbait arrazoi.

Aztoramena sortu zutenen artean, 1757an idatzitako *Sobre los fueros de Guipúzcoa* liburua osatzen zutenak zeuden. Telletxea Idigorasek eman zituen ezagutzera 1983an. Esan daiteke Larramendiren ideario politikoaren funtsa biltzen dela hor.

Giro politikoa oso zen jesuiten kontrakoa Carlos III.aren gortean ordurako. Erregeak, diotenez Arandak eta beste ministro batzuk mixionatuta, zeharo galdu zuen jesuitenganako begikotasuna. Ez zetozkion garai gozoak lagundiari. Madrilen “Motín de Esquilache” izenarekin ezagutzen den matxinada piztu zen 1766ko martxoan. Jesuitak egin zituzten giroa gaiztotzearen arduradun.

Matxinada haren atzean erregea bera hiltzeko asmoa zegoela eta Ricci jesuiten jenerala konplot horretan sartzen zuen gutun bat ere zabaldu zen. Jesuitek Ameriketan, Paraguai aldean, errepublika bat eratu nahi omen zuteneko asmo ezkutuak ere, haiekiko etsaigoa areagotu besterik ez zuen egingo. Dena osatzeko, Azkoitiko eta Azpeitiko apirileko matxinada ez zitzaien aldeztuko, noski.

Portugaldik (1759), eta Frantziako erresumatik (1762) lehenago egina zuten bezala, Espainiatik eta Napolitik 1767an bota zituzten. Borboiek artean ez zituzten pareko. Europan indar hartu zuten iritzi antijesuitikoek eta joera horren gailurra erakusten du 1773. urtean Clemente XIV.a aitasantuak Ordena deuseztatu izanak.

Egin dezagun aurreko garaietara baina, Manuel Garagorri Larramendik nolatan egin ote zuen Loiolan laketzeko hautua. Salamancan filosofiako eta teologiako irakasle ospe handia beretu ondoren, horretarako jaiera berezirik ez bazuen ere, misioak ematen ere ibili zen Palentzian-eta.

Gero, hiru urtez Neoburgeko Mariana erregina zaharraren, Carlos II.a izandakoaren alargunaren konfesore jarri zen Baionan. Lapurdiko hiriburuan zeukaten deportatua erregina eta han gertatutako jazoerek erabat baldintzatu zuten, antza, Larramendiren bizitza.

Telletxea Idigorasek diosku, Baionako esamesak eta kontu itsusiak haizatu zirenean hartu zuela Larramendik erabakia Loiolan gordeta bizitzekoa. Hala, hogeita hamabi urteko erretiroa egin zuen Loiolan. Emaitzari begiratuta, joria gertatu zena, bestalde.

Eskandalu batek ekarri zuen Larramendi. Antonio de Hoces y Cordoba zegoen erreginaren maiordomo Baionan, berari esker jarri zen konfesore andoaindarra, elkarren oso hartuak baitziren. Baina bien arteko zerak aldi txartu eta gizon horixe izan zen erreginaren eta konfesorearen kontura berri laidogarriak lau haizetara zabaldu zituena, sexu grina ere tartean izango zutenak seguruago.

Felipe V.aren Sevillako gortera jo behar izan zuen Larramendik erreginaren ohorea eta bere izena garbituko bazituen. Lortu omen zuen helburua, baina ez zauri sakon saminak nozitu gabe. Erregina alargunak propio hala eskatu zuelako, Salamancan gorako bidea jarraitu behar zuen irakasleak, bizitza guztirako Loiolan bizitzeko baimena lortu eta hobetsi zuen. Historia eder eta triste bat ikusi nahi duenarentzat, bada hor nahikoa gai.

.1734an Loiolan dago. Fitaren lumatik dakigu, hona baino lehen argitaratuak zituela *De la antigüedad y universalidad del vascuence en España: de sus perfecciones y ventajas sobre otras muchas lenguas. Demostración previa al Arte que dará á luz desta lengua, 1728an eta El imposible vencido. Arte de la lengua vascongada,* 1729n, Salamancan biak ere.

Larramendi, ezagutu zuen giro intelektualean, eztabaida askotan zaildua zegoen, unibertsitate mailan, lagundian bertan, jansenismoaren eta galikanismoaren kontrako borroka teologikoan.

Espainiako eta Euskal Herriko plaza intelektualean euskararen eta euskaldunaren handitasuna erakusten lehiatu zen, gudari suhar baten kemenaz. Mariana historiagile espainiar “ofiziala” isildu nahi izan zuen El imposible vencido-rekin, hark esana baitzen, euskara “rudem et barbaram linguam, cultum abhorrentem” zela, hizkuntza barbaroa eta kultura lanetarako gaitu gabea.

Larramendi polemistak bere lanekin erantzuten die Mayansen, Armestoren, Islaren eta enparauen iritziei, baina bide batez ordura arte gure herriak ez zituen bezalako gramatika eta hiztegiak ondu zituen.

Madrilen, 1736an atera zuen *Discurso histórico sobre la antigua famosa Cantabria, hurrena berriz, 1745ean Donostian argitaratu zuen sona handiko Diccionario trilingüe del castellano, vascuence y latín. Bederatzi urte geroago, 1754an idatzi zuen Corografía o descripción general de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipúzcoa* bere probintzia kuttunaren deskribapen etnografiko ederretsi eta aberatsa.

Hor ageri da lehenbizikoz gipuzkoarrok “odol kastatik noble” garelako mitoa. Inongo desmasiarik ahaztu nahi izan gabe, Koldo Mitxelenaren iritziz, hain da liburu horren prosa txairoa eta bizia, hain oparoa eta mamitsua ematen duen informazioa, ongi merezia lukeela horrenbestez XVIII. mendeko Espainiako literaturan leku gailen bat.

Egia da, Larramendiren handitasuna euskararen alde erdaraz idatzitakotik datorrela batez ere, bere gramatikari eta hiztegiari esker gehien bat. Aurrekari handirik ez zegoenez, lanok hutsune larria betetzera heldu ziren.

Jesuitek, Trentoko arnasa bere eginez, XVI. mendearen hondarrerako euskaraz predikatzeko kezka hartua zuten. Izan zen Bernardo Recio zeritzan jesuita euskaldun berria, Oñatin latina irakatsi bitartean, Larramendiren hiztegia eta gramatikaren laguntzaz hiru hilabetetan euskaraz dotrina erakusteko adina ikasi zuena. Dena den, hizkuntza kontuetan jaioa izango zen Recio hori, Felipe V.aren hiletarako poema bat itxuratu baitzuen euskaraz. Aurrerago kitxua ikasi eta dotrina erakusten ibili zen Ameriketan.

Giroak zer indar duen. Konpainia lehenengoz bidali aurreko urte haietan munduan zen euskal liburuen gordailu oparoena Loiolan egon behar zuen. Motiboak ere bai, Kardaberaz zegoen Larramendiren aldameneko gelan, eta aurreko biak ez ezik, Ezterripa, Zubimendi eta Mendizabal josulagunek ere euskal liburu altxor ederrak zituzten. Atera kontuak, 1767an, koroak jesuitak bota eta Loiolako liburutegia inbentariatu zutenean 18.200 liburu eta dokumentu fitxatu zituzten. Erraz esaten da.

Larramendi autoritate handia zen zerabiltzan gai guztietan. Hamaika auzi erlijioso eta zibiletan jo zen haren aholkua, kritika, zentsura edo laguntasunaren eske. Jakituria, zorroztasun eta larderiazko erraldoi nekaezina begitantzen da askotan. Hala, euskarazko literaturaren eragile, euskararen apologista izatea onartu, denek onartzen diote, baina euskarazko lanari eman dion tarte txikia kritikatu izan zaio beti. Bien bitartean bera jotzen da, aldez edo moldez, Hego Euskal Herriko inoiz ez bezalako literatur loraldiaren sustatzaile. Kardaberazek, Mendiburuk, Ubillosek berotasun horren oldean eman zituzten bereak.

Telletxea Idigoras urrun doa euskarazko literaturaren ernatze horretaz hausnartzean. Larramendik, Kardaberazek eta Mendiburuk euskal literaturaren piztu aldian izan zuten protagonismoaren funtsezko arrazoia proselitismoa izan zela dio. Euskaldungoa kristautzea, eta areago, katolikotzea izan zuten xede. Abagune hartan euskara loratu bazen, ez Loiolan bakarrik, Elizaren aintzarako loratu zela uste du:

*Hubo un punto privilegiado de contacto entre nuestros tres hombres: el despertar del cultivo del euskera. El impulsor y el maestro indiscutible era Larramendi. A él dedica su primera obra euskérica Mendiburu; a él someterá Cardaveraz el manuscrito de un pequeño libro de devoción. Larramendi se siente gozosamente el padre de aquél despertar, que, no hay que olvidarlo, fue impulsado por graves razones pastorales. Cuando Cardaveraz escribe aquella frase profética, diciendo que Dios quiere que el euskera levante su cabeza, piensa primordialmente, como Larramendi y Mendiburu, en salvar almas, en cristianizar una lengua para que sirva de vehículo apropiado y usula del mensaje de Cristo a los hombres y de la respuesta de los euskaldunes a Dios; para predicar y para rezar. El euskera floreció e inició su primer renacimiento a la sombra y al servicio de la Iglesia.*

Sebastian Mendiburuk Loiolan idatzi zuen oso-osorik bere lehen liburu hori, 1747an eman zena argitara: Jesusen Bihotzaren Devocioa. Laudoriozko gutuna idatzi zion Larramendik Mendibururi zorionak emateko, eta liburuaren hitzaurrerako jarri zuten.

Ezin, ordea, inondik ere atzendu zentsore eta kritiko alderdia ere. Edukia eta forma albain motzez ibiliko ditu inoren lanak aztertu eta epaitzerakoan. Ohar emateko modukoa ere bada Larramendi zentsore lanetan ikustea, 1748a baino lehenago eliza galikanoaren gaineko idatzi bat jesuiten barne zentsurak kaleratzea galarazi ziola jakinik. Gerora izan ziren zapuztutako idatzi gehiago. Belchen konpainiaren logika ulertzea erraztu dezaketen alderdiak dira, guztiak ere etxe barruko trapuak. Eta zentsura beti dago zentsoreen gainetik.

Hala, Gandarari idatzitako gutun gogoangarrian, argitaratzeko baimenik ez zuten euskarazko testuak bazituela aitortzen zion.

*Ni hiruroguei ta amairugarren urtean sartua nabil, zartu naiz, ez ordea oraindican elzartu (chochotu, caduco): burua daucat soilla, baña fresco ta sendo, aurpeguia cimurric bague, aoa ortz [guciarequin] ederraquin, colorea zurigorri ederrarequin (ala esan oi didee nacustenak); escribitzen aztu etzait, eta ardoric iñoiz ez, beti ura edaten dedala. Orra, pintatu nai banazu, nire antza. Aspaldico urteetan equin diot nire eusqueraren bear, ta lan oni; eta cerbait arguitara ezpadet, gure Belchoc aimbeste etsaiez icaraturic, bidea ichi didate; idiqui dediñean, botaco ditugu calera. Hau nai dezu, eta hau esaten didazu. Nai daquizula bada beste edocein gaucetan agure oni cerchoren aguinduzea, icusi dezazun ez agura modrolloaren guisa, bai zaldun gazte baten leguez obedituco deutsudala. Orra, bucatu dot gutun necagarri hau zeuven escaraco verbeagaz. Escara gustioc dodaz maite, ta gozo!*

Baina, momentu batez bere lanak alde batera utzita, ikusten da gogotsu aritu zela besterenak epaitzen. Kritika gogorra eman zion Mendiburuk egindako Asteteren itzulpenari, bai hizkuntzaren eta itzulpenaren egokitasun ezaren aldetik, eta baita teologiaren aldetiko flakeziengatik ere. Hurrena, Kardaberazen Eusqueraren berri onac helduko da Larramendiren eskuetara. Epelak bota zizkion hari ere, arinkeriaz jokatzea egotzi zion hernaniarrari, erreferentzia historikoei dagokienean batez ere. Kardaberazi, jakina, nekagarria gertatu zitzaion zentsoreak ezarritako zuzenketak burutzeko lan hura. Nabari du ezten ironikoa erantzunean:

*Pido perdón y tengo voluntad de enmendarme. Mas no prometo el acierto, por falta de conocimiento práctico (...). Son muy pocos los que con rigor saben el bascuence según toda su extensión en nombres, verbos y la rarísima armonía de sus conjugaciones; ni soy de estos pocos y acaso será V. Rev. sólo y no hay más. Si con reñirme más y más de gana pudiera V. Rev. infundirme o meterme en esta mala y dolorida cabeza parte de su noticia y conocimiento de todo el bascuence, me haría un favor inestimable.(...) V. Rev. que ha escrito a la maravilla y tantos libros sobre el bascuence y del bascuence, ni uno ha escrito en bascuence*. ¡*Ojala huviera escrito muchos y muchos sermones y aun más doctrina! Nos hubiera hecho a todos otro favor mayor y nos huviera enseñado prácticamente a hablar, escribir, etc.*

Ez zuen txantxetan hartu ohi lana. Zarata handiagoa sortu zuten Mendi-bururekin, dantzengana erakutsi zuen jarrera zela eta, ibili zituen gorabehera bihurriek. Misioetan erasiaka ekiten zion Mendiburuk makurra eta galbidea besterik bilatzen ez zien garaiko dantzen kontra. Larramendik, aldiz, bestera joz, bai bere *Corografía-n eta bai zentsore ari denean, herri dantzak ontzat hartzen ditu. Christau Dotrin edo Catecismo* luzea da eztabaidaren muinean den liburua, Sebastian Mendiburuk 1764ean idatzi eta jesuiten joan-etorrietan galdua dagoena. Ikusten denez, Larramendi ez dago Mendiburuk dantzei buruz egiten duen juzku gaitzesgarria erraz irensteko:

*Oiartzuar hisiti, buru gogorra...setoso charra...inoiz ere baño sutuagoa ta amorratuagoa zaudena...zentza zaitez bada.*

Dantzen kontrako itsumen hori Mendibururen amorrazioaren fruitu jotzen du andoaindarrak. Mendiburu, berriz, Larramendiren argudioak funtsean bere kontrakoak direlakoan dago. Auzia zuzendu guran, probintzialak ere parte hartu zuen, bakea egite aldera. Azkenean kontu hori konpontzerako, biak joanak ziren mundu honetatik.

Kontraesan handi baten paradigma moduan aurkeztu izan da luzaroan Larramendi, euskaltzale izan den hainbatean euskaraz idazteko kapaz izan ez den sortzailea. Haren lana aztertu dutenek euskaraz emandako hamaika urre txiki eta pasarte gogoangarri bildu dituzte haatik. Idazle sena eta zaina zuen euskaraz, latinez edo gaztelaniaz idatzi. Goi mailako prosagilea ageri da bildu diren euskarazko testu bakanetan: direla sermoiak, direla gutunak, direla apologietako adibideak eta laginak. Poeta txartzat daukate adituek aho batez.

Hona eskuragarrien dauden euskal testuak: El imposible vencido-n txertatutako sei poema; Hiztegia-n sartu zituen euskarazko zatiak; *Corografía-ko euskaraz emandako atal eta adibideak; Sobre los fueros de Guipúzcoa-tik erauzitako euskarazko testuak; Mendibururi idatzitako gutuna (1747); Gandarari gutuna (1763); Otoitz biren itzulpenak; Azkoitiko sermoia (1737); San Agustin eguneko sermoia, Andoaingo sermoia, (1763) eta Burgosko Kristau Ikasbidea* (1747). Patxi Altunak 1990ean beste bost sermoiren zantzua igarria zuela esan zuen arren, ez diegu arrastoa jarraitu ahal izan. Mitxelenaren iritziz euskal prosaren antologian egotea mereziko lukete bere hainbat testuk.

Zergatik ez zuen euskaraz gehiago idatzi? Akaso bidegile lanari eder-iritziko zion, hazia erein eta uzta oparo baten amets gozotan bizitzeari. Beharbada, bere euskara idatziaren tamainako euskaldunik ez zela pentsatuko zuen. Prosa jori hori oso-osoan gozatuko zuen irakurlegorik ez zela juzkua eginda egongo zen. Beste garai bati idazten zion aierua izango zuen ausaz.

Denboraren joan-etorrian galdutakoari bere bidesaria aitortuta ere, askietsi ezinik dago Larramendiren euskal irakurlea, gose eta ase gabe. Ez dakigu zerk elkortu eta lehortuko zion euskarazko emana, hala ere, idazlearen pilpira bizia sumatuko dio egungo irakurleak.

Mendibururen Jesusen Bihotzaren Devocioa-ko hitzaurrean kexu da apaiz batzuenganako, pulpitutik euskarari erakusten dioten ardura eskasagatik:

*Gáyak berác eztia du, ta alderdi gucietatic eztia dário; eta arrezáz hitzeguiteco eztá munduan gure Eusquéra bézaiñ hizcúntza itsáscorrago, eztiágo, gozoágoric: ta eguia onén icusbidea zure libru hau izango da.(...)*

...*eztá lotsagarri hitzeguin bear digutela Euscáldunac Euscalerrietan, ez guzioc daquigun hizcúnzan, ez gure erricó, gure gurásoen hizcunzan, ez bularraréquin batean edósqui guenduen ta lembicico guinequién hizcúnzan, báicican Gaztelauen hizcúnza arrotzeán? Siñis nazazu, ereille gaistóetan dago azaró chárra, eta gueró uztá soillá ta utsa. Alabañan guchic daqui bere jayeterrico Eusqueraren erdiá, eta alpérrac diradén bézala, éztute icasi nai gueiago, ta éztie nai béren burúai atsecabéric emán. Baña onetatic cer guertatzen dá? Daquiten pisca arequin, hitz molcho, escúmen baten diña eztán arequin nola eciñ adierázo dituztén beren esacariac, badarasáte púlpituan hitzera naasi bat, beiñ Eusquéra, beiñ Erdéra, beiñ Latiñera, guciá lendatuá, ciquinduá, baraustuá: ceñean dirudién, igo diralá gaiñ artará enzúle gucien burlá eguitera: ta arritú oi naz, nolá ascó ta ascó, búlzaca ordú gaistoán áyentzat, bótatzen eztituztén andicán berá. Are gogaicarriena da, charlari óyek icústea ta aditzea, nolá daudén isecáz ta misinca Eusquéraz ederqui daquiénen jolasari, beiñ Nafarroaco* “mintzoa” *dela, gueró Bizcaico* “*verbá dongueá*”, bateanausaz ere” *Goyerricó hizqueta dezulá, béstean* “noasquiro” *Beterricoa; achurlárien ta necazarien hitzera dála hura, basérritarra dirudizúla, ta millá onelacó astaqueria. Eztute izen obeágoric mereci. Ayenatú bear guinituque guré hizcúntza ederrá gáltzen digúten hizjario motél charr óyec. Oraindik eztazáute, Euscáldunac Eusquéra duelá gauzaric ónena ta honragarriena; bada ari dichecalá, beti aguertúco du beré burua, den bézala, Españar uts utsá, anciñacoen ta are lembicicoen etórquia ta ondocoá, ta beragátic nastebáguea, garbiena, fiñena ta nobleena: daquielá, nondic ta noizdanic datorrén: ceña dan Euscaldun-ézac, itsuca baizic eztaquitena, ez eta jaquingo ere.*

Bibliografia:

ALTUNA, Patxi: “Mendiburu (1708-1782). Euskalduna, Jesuita, Idazlea” (hitzaurrea), Mendibururen idazlan argitaragabeak (Patxi Altunak paratutako edizio kritikoa), Euskaltzaindia, Bilbo, 1982.

ALTUNA, Patxi: “La auténtica biblioteca del P. Larramendi”, Muga, 28 zenbakia, 1984.

ARRIAGA, Jose Luis: “M. Larramendi, El Hombre”, Muga, 28 zenbakia, 1984.

FITA COLOME, Fidel: *Galería de jesuitas ilustres*. Madril, 1880.

LARRAMENDI, Manuel: *Sobre los Fueros de Guipúzcoa* (Jose Ignacio Tellechea Idigorasen edizioa), CAM, Donostia, 1983.

LARRAMENDI, Manuel: Manuel Larramendi. Euskal Testuak (prestatzaileak, Patxi Altuna eta Joseba Andoni Lakarra), Andoaingo Udala, Andoain, 1990.

MITXELENA, Koldo: “Mendiburu eta Larramendi”, Euskera XXVIII, 1983.

TELLECHEA IDIGORAS, Jose Ignacio: “El jesuita Manuel de Larramendi”, BRSVAP, Donostia, 1966.

TELLECHEA IDIGORAS, Jose Ignacio: Escritos breves (Obras del Padre Larramendi, IV), Kutxa, Donostia, 1990.