Eliteak euskaraz

Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondeak dohain franko zuen bere garairako. Jaio zen ohean jaiotzea izan zen, jakina, berebizikoena. Markina ondoko Etxebarritik helduak ziren munibetarrak ez ziren, ez zirenez, edonor. Aita Real Compañía Guipuzcoana de Caracas merkataritza elkartearen fundatzailea zuen. 1729an sortua, Okzitaniako Tolosako jesuitetan formatua, hogei urterako Azkoitiko alkate izan zen Xabier Maria, eta hogeita bat zituen Gipuzkoak sasoi hartan izan ohi zituen lau diputatuetatik bat izatea lortu zuenean. Hogeita hamar betetzerako, legebiltzarkide zen Espainiako Gorteetan. Etxe eta baserri askoren jabeak ziren Peñafloridako kondeak, eta zituzten errentengatik, herrian kargu publikoak betetzeko eskatzen ziren baldintza ekonomikoak bete zitzaketen bakarrenetakoak.

Dohain horiek gabe, nahiak nahi, ezin Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, gerora euskaraz Euskalerriaren Adiskideen Elkartea deitu izan dena sortu. Lan horretarako lagunak herrian bertan aurkituta, Inazio Manuel Altuna Portu eta Joakin Egia, Narrosko markesarekin batera, hirurek osatuko dute “Azkoitiko Zalduntxoen” muina eta arima. Ondorengo urteetan asmatuko dute garaiko beste zenbait erreformazale ere biltzen hasierako asmoetara: Olabide, Samaniego, Foronda, Villahermosa, Menendez Valdes...

Intxausti jauregiko batzarrek beste batzuei zabaldu zieten bidea. Hala, 1763an aurkeztu ziren Elkartearen egitasmoak eta hurrengo hilabetetan mamitu hauek Bergaran. Ondoren Azkoitian, Gasteizen eta Markinan eraturiko Batzar Orokorrek sendotuta osatu zen sorrera saioa 1765ean.

“Irurac bat”, hots, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba borboitarren modernitatean bidean jartzeko, lau izan ziren Elkartetik bereziki bultzatu nahi izan ziren arloak: Nekazaritza; Zientziak eta Arte Praktikoak; Industria eta Merkataritza; eta azkenik, Politika eta Letra Ederrak.

Ilustrazioaren bidean ibiliagatik, ez ziren, ordea, inondik ere antiklerikalak. Ezin aipatu gabe utzi Menendez y Pelayoren *Historia de los heterodoxos españoles* (1880-1882) liburuaren argitalpena zela-eta, eta Santanderko ikerlariak beste zenbait gauzen artean Azkoitiko zalduntxoak “voltairzale” zirela zioen salaketaren aurrean, nola atera zen hauen defentsan nor eta Julio Urkijo bera. *Un juicio sujeto a revisión. Menéndez y Pelayo y los Caballeritos de Azcoitia* (1925) lanean ohiko zuen estiloan argitzen ditu Urkijok ordura arteko gaizki esanak, txorakeriarik gabe, zehatz, indartsu, aurrerantzean ez dadin inor gehiago errazkerian erori. Gustuko lana izan zen, itxura, Azkoitiko indar tradizionalistentzat, handik urte batzuetara kale berri baten izena eskainiko baitzitzaion Deustuko bibliofiloari.

Elkartea eratu zen garai horretakoak edota pixka bat lehenagokoak ditu Peñafloridak bere literatur lanak, bai euskarazkoak, baita gaztelerazkoak ere. Guztien artean Kondea izan zen, dudarik gabe, Elkartearen baitan letren inguruko lan teoriko nagusia burutu zuena.

Hor ditugu, esate baterako, 1766an Elkartearen Batzarretan aurkeztu zuen hitzaldia, El buen gusto en la literatura, non besteak beste, Horazio, Zizeron, Montesquieu, Voltaire eta Luzan-en asmo estetikoak batzen dituen; Aita Islarekin izaniko hika-miken gora-beherak jasotzen dituen *Historia del famoso predicador fray Gerundio de Campazas, alias Zotes: los aldeanos críticos o Cartas críticas sobre lo que se verá saioa (1758), edota gaur egun galdutzat jotzen den Observaciones sobre la poesía vascongada*.

Euskaraz, berriz, esan dezagun Elkartea osatu zenerako, Peñafloridak bazuela aski eskarmenturik. 1762an Gabonetan kantatzeko bertso batzuk eman ziren argitara Azkoitiko Miserikordian: Gavon Sariac edo aurtengo Gavonetan Azcoytico Eleiza Nagusian cantatuco diran Gavon-Cantaac edo Otsaldiac. Luisa Misericordiacoac sinaturik kaleratuagatik, ez zen ondorengo belaunaldietan jabetzaren inguruko interpretaziorik falta izan.

Jose Manterola izan zen Peñafloridako Kondearen izena ematen aurrena. Aita Aranak izen bereko moja bat zela esan zuen; Manuel Lekuonak Larramendiren itzala ikusi zuen ustez; Peñafloridaren alde egin zuten berriz Aizkibelek eta Mitxelenak... Nahaste handia 1966an Telletxea Idigorasek, Larramendiren beraren lekukotasuna aipatuta, Kondearen egiletza behin betiko finkatu zuen arte.

Bertsoak segidillak dira, ariak, koplak. Obrak Bibliaren eta Virgilioren aipamenak dakartza, eta heltzear dagoen mundu zoragarri bat iragartzen du, borrokarik eta istilurik gabeko locus amenus eder, atsegin, bakeosoa, eta Kondearen kasuan katolikotasunari loturik agertzen den aurrerapenaren paradisua lurrean. Natura Ederrean —ezen ez Natura hutsean— idoro nahi duen halako utopia moderno bat, inondik ere. Alde honetatik, euskal literaturan Ilustrazioari hasiera ematen dion liburua da Gavon Sariac.

Essagun du Munduak
Jesus jaio dena;
ain dago mudatua,
ez dirudi lena:
Len gucia zan pena
negar, nai bagueac;
ta orain atzeguin, gusto
Algara, farreac.

Gorroto, errierta,
*auciac, ta guerrà,*
gaitzac, gosse, guezur, ta
*intencio oquerrác:*
juanic: yaezdago
ecerren bildurric
*ta à la dago Mundua*
*Ceru bat eguiñic*.

Abogadu, Escribau,
eta Merioac,
*Medicu, Barberò, ta*
Boticarioac,
ez dira bear; ta argatic
izango da sarri
Hipocrates gajoa
*sagûen janari*.

Espatac, Lanzaac, eta
beste arma guciac
erossitzen dituste
Errementariac:
ta alferrican ez dedin
*galdù burnia ura*
empleatzera diaz
gure provechura.

*Achur, Burdiñara, ta*
golde biurturic,
*Necazari languiñac*
ongui guiaturic:
Emango ditu lurrac
Garia, ta Artoa;
*gastaña, sagardoa*
ta ardoa naicoa.

Garia, eta Artoa
merque ta ugariro
*gastaña ta sagarra*
berriz urte oro:
Ta Ardoac galdurican
lengo malicia
ez gaitu moscortuco,
edan cia, cia.

Ez da ones quero essango
guezurric batere,
egia essango dute
Dendariac ere:
Juanda emendic trampa
ta fede gaistoa,
ya ur bague saltzenda
Tabernan ardoa.

Bassa arteco Pistiac
*malso, malso eguiñic*
ez dute ya alcar jaten,
ta ain guichi guizonic:
Bat eguinic guciac
elcarren artean
vicidira etzai gabe
contentuz baquean.

Otssoa, eta ardia
Celai zabalean
sarri ecusten dira
biac jolassean:
Alberdanian chita
aizariarequin
Portuguesa lastanga
Gastelubarequin.

Aujen bai dala eguiaz
dembora urrescoa,
ta ez len Coplari zarrac
eraussitacoa:
*Oraiñ aien amessac*
eguia sorturic
ecusten adiguera
pozaz zoraturic.

*Baña canta berriau*
gueicho luzatu da
nere eztarri tristea
*y à urratuda*:
Nai agodet issildu
*catarratu baño*
Agur nere genteac
*urrengo urteraño*

Bada ondorengo urteetan Azkoitiko Miserikordiak Gabon inguruan argitara emandako antzeko liburuxka gehiago, Azkibelen arabera Peñafloridarenak direnak, baina aski estilo desberdinekoak eta nahiko aztertu gabeak oraindik: Jesusen jaiotzako bersuak eta Erregeen adorazioko bersuak Azkoitiko Santa Marian kantatuak.

Baina ilustratuentzat teoria literarioa eta kantua beharrazkoa bada, are beharrezkoagoa da teoriaren aplikazioa eta kantuaren libertimendua uztartuko dituen generoa: antzerkia. Azken batean, antzerkiaren bidez irakatsiko da, denbora-pasean gainera. Kasik oharkabean, teatroak, teatro moralak aldatuko ditu ohitura zabarrak, hala bihurtuko astoak gizon, basoak hiri; Peñafloridaren beraren hitzak euskaratuta, “antzerkia bertuteen eskola izan dadin, eta ez bizioena”.

Antzerkizale amorratua, zuzendari, aktore, itzultzaile, idazle, gazteleraz emango du gehiena Kondeak. Euskaraz zarzuela erako komedia baten egile dugu. El borracho burlado 1764ko uztailaren hasieran antzeztu zen jende aurrean estreinakoz, Azkoitian bertan, Quetant-ek idatzi eta Peñafloridak itzulitako El mariscal en su fragua eta Narrosek gaztelerara eramandako La clemencia de Tito-rekin batera.

Ondo erakusten du emanaldiaren egitarau honek zein zen, hain zuzen, garaiko moda: bertan sortutako ikuskizunak baino gehiago ziren Frantziatik ekarri eta itzulita ematen ziren antzezlanak.

El borracho burlado, oharrak barne, gazteleraz dago idatzia ia oso-osoan, euskara kantuetarako uzten dela. Zati hauek, gazteleraz ere ematen dira, “hizkuntza hau ez dakitenek obra uler dezaten”. 1764ko abuztu hartan Bergarako emanaldiaren karira argitara emandako liburuxkaren hitzaurrean, Peñafloridak aitortzen du bere asmoa obra osoa euskaraz ematea zela, baina Gipuzkoako azpieuskalki baten eta besteren arteko diferentziek eta honek aktoreengan sor zitzakeen buruhausteek bota omen zuten errekara hasierako asmo ona:

*Digo, pues, que mi primera idea fue de que toda esta ópera fuese en vascuence; pero luego me saltó la dificultad del dialecto de que me había de servir en ella. Si me valía del de Azcoytia hubiera sido poco grato a todo el resto del País hasta la frontera de Francia, por la preocupación que tienen contra el vascuence o dialecto de Goi-erri, y si quería usar del dialecto de Tolosa, Hernani, San Sebastian, &c. Exponía a los actores a hacerse ridículos; pues sería dificil que todos pudiesen imitarle bien. Por esta razón, pues, me hube de contentar con reservar el vascuence para lo cantado, haciendo que todo lo representado fuese en castellano*.

Kontua da, eman zen bezala eman zela azkenik, Azkoitiko euskaratik aski aldendurik, garai hartan Loiolan ziren Larramendiren eta Kardaberazen ereduari apur bat atxikiago, nola halako gipuzkera literario batean, herriko hizkeraz zikindurik, hala ere.

Hogeita hamabost eszenatan antolatutako jokaldi bakarrekoa, argumentua, oso garaikoa du. Bereak ditu antzerki molde barrokoaren ezaugarrietako asko. Hara kontatzen den istorioa: Txanton Garrote mozkor eta jokalari ezaguna da. Emaztea, Maritxo, tabernaz taberna dabil, senarra aurkitu eta etxera erretiratzeko asmoz. Halako batean topatzen duenean, zemai egiten dio emazteak, nazkatuta dagoela eta agintarien aurrera eramango duela, zigor dezaten. Senarrak, hordi, burlaz eta barrez hartzen ditu emaztearen hitzak. Txanton Garroterentzat betirako eskarmentua izango dena nola egin pentsatzen hasten da Maritxo. Don Diego zalduntxoaren zerbitzariaren laguntzaz, dotore jantzi eta markes bat dela sinestarazten diote Txanton mozkorrari. Lurrunaren gozoan, horra non sartzen den Don Diego gelan. Honek, lapurtzat hartzen du gizon hordia, urkamendira eramango duela diotso. Txantoni, berehala pasatzen zaio mozkorra, ez duela berriz egingo zin egiten du, ez duela gehiago edango agintzen dio publikoari. Honela garbitzen du hordiak bere bekatua eta honela amaitzen da antzezlana. Julio Urkijok esatera, ikusleek txalo batean hartu omen zuen obra Intxaustiko jauregiko aretoan.

Ez da harritzekoa ere. Peñafloridaren antzerkia, Elkarteak burutuko dituen obra guztiak bezala, ez zen herri xehearentzat egina. Ez dugu zalantza izpirik euskal elite hark algara batean hartuko zuela euren gisara jantzi eta nabarmanki neurririk ematen ez zuen arlotearen figura hura. Algarak hemen, txistuak han, hanka hotsak eta oihuak edonon... exagerazioak nonahi. Fartsak, genero gisa, badu hori. Krudeltasunik ere ikus dakioke obrari, ondorengo gertakariak aintzat hartzen baditugu behintzat. El borracho burlado antzeztu eta bi urtera, Azkoitia-Azpeitietako matxinada dugu ate joka. Kondea izango da jendetza gosetuaren errepresioan ardura izango duenetako bat.

Inoiz, historiak izua sortzerainoko gertaerak elkartzen ditu bere liburu handian. Antzerkiaren bidez ez bada bestela, masa ezjakinei erakusteko gertu beti elitea...

Bibliografia:

ALTZIBAR, Xabier: “Euskara Adiskideen Elkartean”, Symbolae L. Mitxelena Septuagenio oblatae, J.L. Mena (ed.), Gasteiz, 1985.

ARETA, Luis Maria: *Obra literaria de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País*, Caja de Ahorros de Vitoria, Gasteiz, 1976.

AREJITA, Adolfo: “Peñafloridaren literaturaz eta hizkera ekarriaz”, Euskera XLIV, 1999.

MUNIBE, Xabier Maria: Gabon Sariak/El Borracho burlado (Xabier Altzibarren edizioa), Eusko Legebiltzarra, Gasteiz, 1991.

ZELAI: “Azkoiti’ko Zalduntxoak eta Pablo Olabide-Jauregi, Europako kultur-edatzalle”, Euzko-Gogoa 34, 1959.