Isil-harrira

Izen hori har lezake Loiolako Santutegian erabilitako harriak, isil-harria. Bi mende oso beharko dira 1688ko martxoan lehen harria jarri zenetik, denbora eta hamaika neke eta gertaera lagun, lanak amaitutzat jo ziren arte, XIX. gizaldiaren hondarretan (1888-1889an bedeinkatu zituzten aldareak).

Harriaren lanketa zaratatsua da, bere kantua du. Gerora, harlanduak horma, kantoi edo giltzadura antzea hartzen duenean, zoru puska, kalostra edo jarleku bilakatzen dutenean hasten da lekuko isil bihurtzen, urteen joan-etorri kalapitatsua isiltasunean metatzen.

Loiola eraiki zuten harginak, igeltseroak, arotzak eta artisauak “Azpeitiko Matxinada” bezala ezaguna den gertaera asaldagarrien begi-begian ibili ziren. Bi aldiren arteko zubi jo daiteke garai hori: azkenetan zen aro zaharkitu baten aztarnak bistakoak dira batetik, eta aldi berean, erne nahian datorren mundu berri baten erdiminak antzematen dira bestetik.

Ez ahazteko moduko urtea gertatu zen 1766koa. Baina argitasun gutxi aurkituko luke Azpeitiko udaleko akta liburuetan matxinadako jazoera haiek garaiko agirietan berritu nahi lituzkeenak. Ildefonso Gurrutxagak hala diosku, esku batek baino gehiagok dituela bere lanak ederki eginak, errebolta hark ekarri zituen lorpenen berririk txikiena ere artxiboetatik zeharo ezabatzeko. Ahozko tradizioak, berriz, orduko kontuak ahaztuak ditu eta oihartzun oso lausoak besterik ez ditu gorde.

Eta dakigunaren iturburua berriro Loiolan dago. Hango txosten batean oinarritzen dira matxinadaren kontakizunari lotu nahi zaizkienak. Isiltasun osin horretan zerbait jakin nahi duenak jesuitek emandakotik jakin beharko du. Non aukeratu handirik ez da beraz.

Azpeitian, Azkoitian, Loiolan gertatukoak oihartzun zabala hartu zuen hemendik hara ere, eta 1767an, Carlos III.a, Espainiako erregeak bere jabetzapeko lurretatik egotzi zituen lagundiko kideak, beste arrazoi batzuen osagarri Izarraizpeko matxinoak aitzaki hartuta.

Azkoitiko erretoreak, igandeko mezetan eskatu zien aleen jabe ziren eliztarrei, ez saltzeko herritik kanpora ez garirik eta ez artorik, premia handia zegoela bertan-eta. Biharamunean, apirilak 14 zituela, alea ateratzen ari ziren zamariak geldiarazi zituen buila batean Azkoitiko zapatagile eta perratzaile talde batek. Kanpai hotsean jendea erruz bildu zen, tartean zaldun jendea, eta alea bere jabeei itzulita eskatu zieten merkeago saltzeko handik atzera. Gariaren eta artoaren prezioa laurdena eta herena artean jaitsita denak etxera joan ziren bakean.

Azpeitira ere iritsi zen Azkoitiko berri. Jauntxoek, parekoak zituzten baserritarrak armatu, jaten eta edaten oparo eman, eta Azpeitia defenditzeko gertu egon zitezen agindu zieten zer gerta ere. Gainera, Loiolako langileak erabili nahi izan zituen Bizente Basazabal alkateak asmo berberarekin, baina haiek esan zioten alea merkatzea on zela eurentzat ere, eta ezetz. Gauzak onbideratuak zirela ikusita Azpeitiko agintariek etxera bidali nahi izan zituzten baserritarrak. Orduan, benetan zertara ekarri zituzten jakin nahi izan zuten, eta motiboa argitzearekin batera giroa berotu egin zen, herritar mordoa elkartu zitzaielarik. Kaleko herritarrak ziren, baserrietakoak eta Urrestillako matxinoak. Txistu eta danbolina aurretik zituztela jendetza handi harekin bat egin zuten Loiolako langileek eta ordurako bare zegoen Azkoitia atzera aztoratu zuten auzo herrietakoek eta bertakoek. Han ez zen xakela eta zapoa bereizten, gehiegikeriak kitatzeko borrokak senidetuak zituen haxek eta hayek.

Ilun zegoen denak Azpeitira itzuli zirenean, buruan, gogoz kontra, zaldun bat eta hiru apaiz zetozela, bandera bat eta lastargiak hartuta. Alondegia arpilatu zuten, okindegi eta ardandegi batzuetan sartu eta jan-edanean pasatu omen zuten gaua. Jauntxo eta zaldun batzuen etxeetan txikizioak burutu bide zituzten. Antonio Gorostizu zerga eta ale biltzailea nahikoa era txarrean erabiliko zuten onik irten zen arren. Beste hainbat handi jende ere mehatxatu eta izutuko zuten, noski. Denda eta aberatsen etxeetatik aleak neurtzeko erabiltzen ziren pisuak atera eta plazan apurtu zituzten, batzuk, txikiagoak, saltzekoak baitziren eta besteak, aldiz, karga handiagokoak, erostekoak.

Astearte goizean jendea lo handirik egin gabe zebilen, matxinoek iraultzaren ezpal sendoagoa ezarri nahi izan zioten bezperako oldarraldi beroari. Bezperan urratzen hasitako bidea sakonago egin nahiko zuten altxatuek, eta horrexek atera zituen bere onetik Gipuzkoako eta inguruetako handikiak, hala zibilak nola elizakoak.

Udala elkarrarazi zuten matxinatuek “Azpeitiko Kapitulazioak” onar zitzan. Eragin handia izan zuten hango erabakiek, eredu moduan baliatu baitzituzten matxinatu ziren herri askok eta askok Gipuzkoa-Bizkaietan. Baina, tamalez, isil-harrian idatzita behar dute haiek ere, eta ematen du suntsitu egin zirela betiko. Dena dela, badakigu bilera hartan gariaren eta artoaren salneurriak ia erdira jaitsi zirela agorrileko uzta heldu bitartean. Saltzeko eta erosteko neurri bera ezarri zen pisu guztietan. Horiez aparte hamarrena eta bestelako elizako zenbait negozio ere arautu zituzten.

Matxinatuek udal iraultzailea eratu eta 1766. urte hasieratik udalak txiroen kalterako hartutako zenbait akordio bertan behera utzi zituen: etxean abereak hazteko debekua, herri baratzen eta lurren errenta igotzea, mistela-eta libre saltzeko galerazpena...

Argiaren mendea esan izan zaio XVIII.ari, kulturak, pentsamenduak, edergintzak arrazoiaren argitasuna kausitu zuelakoan orduan. Euskal Herrian 1765ean abiatu zen, Xabier Munibe Peñafloridako kondea aurrelari zuela, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea jendea sineskerien eta ezjakintasunaren ilunpetatik atera eta zientziari eta ekonomiari bultzada eman asmoz. Isla jesuitak isekaz asmatutako “Azkoitiko Zalduntxoak” taldeari aitortzen zaio euskal ilustrazio edo argiztapenaren aitzindaritza. Europako erret gorteetan boladan zebilen erreformismoa hona txertatzen saiatu zirenak munibetarrak, egiatarrak, altuna-portutarrak izan ziren, pertsona ikasiak, ederzaleak, jakintsuak denak ere. Eta aristokrata aberats gose garaietan.

Ildefonso Gurrutxagari kasu egitekotan, XVIII. mendea izan zen ezagutu zen txarrena hemengo nekazaritzarentzat Erdi Aroaz geroztik, Espainiaren gainbehera orokorrak lagunduta, ekonomiaren krisiak sektore guztiei erasan baitzien. Berebiziko garrantzia zuten burdinolek gure bailaran eta behea jotzeko zorian ziren etengabeko gerrateek eta estatu askotan ezarri zen aduana-babes merkantilistak horretaratuta. Maizterrek gero eta gehiago ordaindu behar zuten generotan. Hori guztia nahikoa ez, eta udala txandan-txandan hogeitaka gizonek gobernatzen zuten urteak joan eta urteak etorri. Zaldunak ziren, edo “pelukak” jende xeheak erabiltzea nahiago zuen burla-izenez, ileordea ibiltzea gustuko baitzuten moda frantsesari jarraiki.

Europako haizeak askatasunaren aldeko aldarriak zekartzan, non eta ekonomian. Laboreen zirkulazio eta salneurri librea ezarri ziren legez 1765ean. Uzta txarreko aldiak ziren eta gariak berrogei erreal egiten zituen anegak eta hogeita hamar artoak, behargin soil batek egunean lauzpabost erreal besterik irabazten ez zituenean.

Jauntxoek, oro har, usteko zuten aurrerapenaren kalterako zirela merkatu libreari mugak edo trabak jartzen zizkioten legeak, eta horien artean foru sistemaren hainbat alderdi. Horrek azaltzen du, neurri handi batean behintzat, zergatik jarriko diren foruen auzian mutur banatan agintari jendea eta herri xehea. Hain modu sinplean esplikatzerik ez dagoen arren, handizka esanda karlistadetan ere joko hori berritua ikusiko dugu funtsean gure inguruan, agintariak eta ondo-biziak liberalekin, eta herri xehea eta ezeukiak karlisten alde. Giro erori horretan eman zituen Loiolan Manuel Larramendik azken egunak “tullido de piernas y con la proa de sus pensamientos vuelta acia la eternidad”, Andoaingo idazlearen hitz ederrekin adierazteko.

.1766ko hartan jesuiten probintzia buru Frantzisko Xabier Idiakez zegoen, jesuita sartu ez balitz Granadako kondea izango zatekeena premutza legez. Osaba Xabier, Peñafloridako kondea, jende seinalatuaren artean topatuko dugu 1764an, Sebastian Mendiburuk Azkoitian eman zituen misioetan, jarrera elizkoi beroa erakutsiz, ozen kantari.

Sermolari bikaina genuen oiartzuarra. Azpeitiko misioetan dabilela Loiolako erretoreari kexu ageri zaio jende nabarmena joaten zaiola (gutxien behar duena bestalde, Mendibururen ustez), baina jende xeheagoa bilatzen duela eskas, bereziki Loiola eraikitzen ari diren beharginen bezeria:

*El vacío de los que han ido es muy pequeño en el auditorio y el de los oficiales y caseros muy notable; sería menor, si VR. (y esta es la especie) *quisiese hacerme el favor de decir por medio de Ibero a los peones y oficiales, que mientras dure la mision trabajen solo hasta medio día por medio jornal*.

Bistan da: orduan ere bazekiten langileei proposamen erakargarriak nola egin. Itzul gaitezen baina 1766ko apirileko egunetara. Patxi Altuna mintzo da:

*Hilaren 24an horra non sartzen diren Azpeitian 300 soldadu eta mila edo Donostia eta inguruetako herriko jende, denak armaz horniturik eta Manuel Arriola buru dutelarik. Matxinada haren kabia eta eragileak Loiola eta Loiolako langileak izan zirelakoan, hara doaz guztiak arratsaldeko 7etan, Azpeitiko korrejidorea gidari dutela. Langileak lanean aritzen ziren lekuetan sartu eta bana-bana guziak hatzeman zituzten. Aita Ezterripa, ordea, han gertuan suertatu zen halabeharrez eta dena ikusi zuen; baita korrejidoreari kopeta eman eta eup egin ere. Langileak hatzeman zituzten tokiak sagaratuak zirela eta ez zirela, auzia sortu zen: Aita Ezterripa eta jesuitek baietz, hala zirela; Azpeitiko eta Azkoitiko jauntxo eta zaldunek, ezetz. Eta auzia Iruñera*.

*Bienbitartean jauntxo eta zaldunek ertsiki idatzi zioten Aita Idiakezi, Aita Ezterripa Loiolatik urrun igor zezan eskatuz, bakerik nahi bazuen. Mehatxuz eta zemaiez limurturik, Logroñora bidali zuen gainerako jesuiten onbeharrez (...). Hona nortzuk nabarmendu ziren gehien borroka hartan: Mendibururen misiora urte eta erdiz lehenago joan ziren jauntxoak*: “*D, Joaquin de Eguia Marques de Narros... Este Caballero y D. Xavier de Munive Conde de Peñaflorida y D. Joaquin de Emparan diputado fueron los maiores contrarios en la causa*”.

Manuel Arriola Donostiako alkatea zen handikien erantzunaren buru egin zuena. Donostiatik Andoainera, Asteasura eta Iturriozko bentatik zehar iritsi ziren indar armatuek lehen atxiloketak egin zituzten Azpeitian, Loiolan eta Azkoitian. Loiolako harginen artean 74 altxatu zituzten preso. Inguruko zaldunek begitan hartuak zituzten menera gaitzagoak zirelako besteak baino, asko ziren hauen artean kanpotarrak (galegoak erabat) eta lana aise aldatzen zutenak. Menpean hartzen zailak.

Maiatzean Azpeitiko eta Azkoitiko kartzeletatik Donostiara eraman zituzten 70 matxino, kliku, kliku, kliku apo edo xakel ziren inporta gabe. Berezko heriotzez hil omen zen bidean Azkoitiko zapatagile bat, beste bati, berriz, baioneta sastada txarra eman zioten ermita bateko sagaratuaren babesa lortzeko galdu-gordean zihoala.

Jende askori ezarri zitzaizkion isunak epaiketan. Erregearen galeretan bete zuen zigorra hainbatek, beste zenbait Zaragozara soldadu eraman zuten. Emakume batzuk Gipuzkoatik desterratu zituzten eta istiluen buru jo zituztenak Ceutako presondegira zigortu zituzten.

Udalek eta Diputazioak hartutako erabakien kontra hitz egitea galarazi zen. Gainera, bizi baldintzak laztu zitzaizkien herrian bizi ziren kanpotarrei. Erret ebazpen batek apaizei elizetan herritarrengan erregeenganako, erret familia eta gobernuarenganako maitasuna sustatzeko agintzen zien.

Jesuitak 1767ko apirilaren 3an atera zituzten Loiolatik; Kardaberaz zen euretako bat, soldadu artean Donostiara joaki. Handik itsasoz Italiarako bidean jarri zituzten. Ez ziren 1816ra arte itzuli. Erregearekin leial ez jokatzea egozten zieten, matxinadak sustatzea. Kardaberaz Toscanako herrixka batean hil zen, Castello San Giovanni-n; Mendiburu, berriz, Bolonian bertan.

Matxinadaren urtean ez zen saninaziotan zezenik izan. Eta ez 1766an, eta ez hurrengo urteetan ere ezin izan zen jendartean hitz egin gertatu zirenen gainean. Bat eta bi baino gehiago izan ziren horregatik auzipetuak.

Harrezkero isil-harri tonak eta tonak jarri dira bata bestearen gainean, azkoitiarrek eta azpeitiarrek elkar hartu zuteneko gertaera multzo hura Loiolako eraikin erraldoiaren azpian gera dadin atzendua, zapuztua betiko. Bere mamutzarrean Loiolak lotzen ditu hainbeste oinazez eta elkartasunez etxe-zahar handi hori eraiki zutenak. Isil-harriari ahal bezala kopeta emanez kliku, kliku... xakel eta zapo.

Bibliografia:

ALTUNA, Patxi: “Mendiburu (1708-1782). Euskalduna, Jesuita, Idazlea” (hitzaurrea), Mendibururen idazlan argitaragabeak (Patxi Altunak paratutako edizio kritikoa), Euskaltzaindia, Bilbo, 1982.

GURRUTXAGA, Ildefonso: “Las Machinadas del año 1766 en Azpeitia (sus causas y desarrollo)”, Ildefondo Gurrutxaga: Aprendamos nuestra historia, (Maria Luisa San Miguelek paratutako edizioa), Editorial Saturrarán S.L., Donostia, 2002.

LOYARTE, Adrian de: *Las grandes infamias. Los que han combatido a la Compañía de Jesús*, Donostia, 1956.