1801eko udaberrian Euskal Herrian barrena egindako bidaia bateko oharpenak

Wilhelm Freicher Von Humboldt hizkuntzalari eta idazle prusiarrak bi bidaia egin zituen Euskal Herrira mende artean lauroinka:1799an aurrena eta 1801ean bigarrena. Gurean izan zen hilabeteetan, euskal testuekiko arreta ez ezik biztanleenganakoa ere ez zuen nolanahikoa erakutsi, haren idatzietan ondo ikusten den bezala. Adiskide handiak egin zituen orduko idazle eta hizkuntzalarien artean, hala nola Mogel edo Astarloa, eta berea da halaber euskara izan zela Espainia guztiko antzinako hizkuntza dioen teoria, vascoiberismoa. Berlingo Unibertsitatearen sortzaile, hari zor diogu, neurri handi batean, euskararekiko eta euskaldunenganako interesa Europan barrena zabaldu izana XIX. mendean.

Ez da Loiolatik pasatu eta gogoetak idatzita utzi dituen lehen bidaiaria. Ez asko, baina badu aitzindaririk, Loiolako txokolatearen fama lau haizetara zabaldu nahi duen Saint Simongo dukea, esaterako. Ez da dudarik, ordea, zuten itzalagatik, Humboldten idatziek beste bidaiari eta idazle asko jarri zituztela hona bidean, haien artean, Azkoitia-Azpeitietako jendearen orduko bizimoduaz datu politak ematen dituzten ibiltari erromantikoak.

Ondarroa ostetik berriz sartua nintzen Gipuzkoan, eta Elgoibartik Azkoitirako baso bidea gozoagoa da eta atseginagoa Bizkaia latzagoko paisaiak baino. Luzaroan zaldi gainean ibilita ezagutu nuen Izarraitz bakarrik da haitzezko labarra, aizkoraz bezala moztua, gorria eta garaia, marmolezko harrobiak nonahi, baina landarerik gabea alderik goitituenean. Azkoitia eta Azpeitia euskal ongizatearen irudirik biziena dira. Ordu laurden batek besterik ez ditu bereizten, eta biak batzeko Urola ibaiaren ertzetik oinezkoentzat egindako harrizko espaloi luzea duela, esan liteke herri bakarra direla. Bakoitzak bere parrokia handia du, dotore eraikia, eta etxeen jiteak, kaleen garbitasunak, ongi kokatutako pasera tokiak, dena da bertako biztanleen bizi maila onaren erakusgarri. Hala ere, ez dira nekazarien bi herri txiki besterik, baina egia esan behar bada, Gipuzkoako lurrik emankorrenetan.

Hemen ere kexu dira batez ere basoentzat kaltegarri diren partzuergoak direla eta. Azkarregi saltzen da, batez ere udalerriarentzat diru beharren bat sortzen denean, administrazioak behar den bezala zaindu ez, eta utzikeriaz jokatzeagatik, galzorian eta lapurretarako moduan dira. Ez dira alorrak behar bezala zaintzen. Aberriaren aldeko asmoz, gizon batzuk ahalegindu dira gehiegikeria hauen kontra, baina gaur arte gauza handirik lortu gabe.

Azkoitia eta Azpeitia artean, Izarraitz aurrez aurre eta Urolako ibaiertz joria bertan duela, ordeka bat dago. Bertan dago Loiolako Inazioaren jesuiten lehengo eskola, duen dotoreziagatik Espainia guztian izena duen eraikina. Dotorezian, utzi egin behar zaio, baina maiteago izango du bidaiariak Izarraiztik ugariro ekarritako marmolen koloreen eman zoragarria. Eta era berean, faltan izango du gustu ona eta estilo noblezia. Proportzioek ez dute ezer sinpletik eta zoragarritik, kupula du beharbada onena, gertatzen dena da, beste guztia bezala, zirrimarra eta apainduraz beteegi dagoela. Gainera, asko falta du amaitzeko oraindik. Jesuitak bidali zituztenetik (berebiziko neurria eta garrantzia eman nahi izan zioten institutu honi, izan ere hona ekartzen zituzten adineko jesuitak hemen emateko amaiera euren bizialdiari), ez da ezertxo ere egin hemen, eta dena haiek utzi zuten bezalaxe dago. Azken gerran frantsesek euren etxetik bidali zituzten fraide premonstratense batzuei utzi die erregeak etxea orain. Santuaren zilarrezko irudia, berriz, Gaztelara eramanda salbatu da.

Ikusgarriena santuaren etxetik zutik gelditzen dena da, hor ikusten da kapera oraindik. Beronen aldamenean jaso da eraikin berriaren aurrealdea. Etxe garaia da, horiz margotua, leihatilekin eta apaingarri txertatuekin, leihoen azpian lerroz-lerro. Hemen bizi izan zen gizon harrigarri hau, bere garaiko zaldunen izaeraren abentura asmoak erlijio gorespenekin nahastu zituena, eta egundo ere asmatuko ez zukeena zenbaterainoko handitasunera eta burgoitasunera helduko zen eta zenbateraino itxuragabetuko berak sortutako ordena.

Azpeititik normalean kontrabandistek eta nekazariren batzuek baino erabiltzen ez duten inor gabeko bidezidor bat hartu nuen. Baso zarratuan barrena mendian gora zihoan bide gogorra, mendi errekek zaratatsu eteten zutena. Etxeetan, berriz, benta bat edo beste baino ez. Goren dagoena Iturriozkoa da. Honen atzean herrialde guztia ikusten da, Orioko bokalea, Donostia eta itsasoa.

Bibliografia:

ABBE DE LAPORTE: *Le voyageur français*, Cellot, Paris, 1755.

ARTECHE ELEJALDE, Ignacio: Historias de Azpeitia, Azpeitiko Udala, Azpeitia, 1998.

AZORIN: Los Pueblos, 1905.

BAROJA, Pio: El caballero de Erlaiz, Caro Raggio, 1943.
*El País Vasco*, Destino, Bartzelona, 1953.

DE PAULA MADRAZO, Francisco: *Guipúzcoa en el verano de 1848*, Imprenta de don Gabriel Gil, Madril, 1849.

HUMBOLDT, Wilhelm: *Los Vascos. Apuntaciones sobre un viaje por el País Vasco en primavera del año 1801*, Auñamendi, Donostia, 1975.

LOUIS-LANDE, L.: Basques et Navarrais. Souvenirs dun Voyage dans le Nord de lEspagne par L. Louis-Lande, Paris,1878.

MAÑÉ I FLAQUER, Juan: *El Oasis. Viaje al país de los fueros*, Imprenta Jaime Jepús, Bartzelona, 1879.

MENASSADE, E.A.: A travers le Guipuzcoa, 1897.

MITXELENA, Eneko: Viajeros extranjeros en Vasconia, Ekin, Buenos Aires, 1942.

PEREZ GALDOS, Benito: Episodios nacionales, 1897.

PLANTE, Adrien: San Sebastian, notes de voyage, Ribaut, Pau, 1886.