Maite kanturik ederrena

Maite bat maitatzen det maitagarria
Begi ederra du ta guztiz arguia;
Daucat urruti,
*Bañan ezin quendu det buruti*
Aren ichura;
Saldu albaliteque pisura,
Urrearen truque
Norc erosi faltaco ez luque.
Norc erosi, etc.

Zenbaitentzat, oraindik ere, euskaraz inoiz idatzi den maite kanturik ederrena da Euskal Herri erdialdean hainbestetan kantatu izan den Kontxesi.

Hasi berria zen mendea, 1802 hartako maiatzaren 11an Juan Inazio Iztueta preso ekarri zutenean Azpeitiko kartzelara. Ordizian eduki zuten lehenbizi; handik Tolosara eraman zuten; eta Tolosatik, Azpeitira. Kargua: Gaintzako eskribau zen Martin Antonio Aldasororen etxean lapurreta egin izana. Eta hala egon zen gatibu Azpeitiko kartzela zaharrean, egun Aitonena I dagoen etxean, harik eta 1805eko otsailaren 24an koinatu zuen Joseph Armendarizek bermea eman eta Iztueta, osasun aldetik gaixo, etxean hartzea lortu zuen arte. Armendariz Iztuetaren arreba batekin zegoen ezkonduta, eta garaiko agiriek diotenez, Enparango errotaren ardura zeraman. Hala bada, gari, irin eta harriaren ibiliaren artean bete beharko zuen zigorra handik atzera Zaldibiko olerkariak.

Garai honetan ezagutu zuen Iztuetak Kontxesi. Maria Concepcion Bengoetxea donostiarra zen sortzez, eta hau ere Azpeitian zegoen gatibu “infanticidio” kasu bat zela-eta (abortua irakurri beharko genuke seguruenik), garbi ez badago ere kartzelan bertan ala Iztueta bezala, bermepean zuen norbaitek hau ere etxean. Ez dute elkarrekin luzaro egoteko aukerarik izango, ordea. 1806ko apirilean, Logroñoko kartzelara, olerkiak berak dioen bezala, Azpeititik hogeita lau legoara daramate Iztueta.

Ogueita lau leguaz nago aparte,
Bitartean ba dauzcat milloi bat ate,
Guztiac ichiric;
Nai arren ezin egon ixillic;
Beti negarrez,
Nere maite maitearen galdez:
Otedan bici,
Biotz-biotz nereco Contzeci,
Biotz-biotz nereco, etc.

Egunaz argui guchi, gauean illun,
*Consueloric ez da neretzat iñun*
Maitea gabe;
*Eguin ote nadiñ aren jabe*
Oroitutzean,
Zenbait pena nere biotzean
Ditut igaro:
Maite det eta ez da milagro,
Maite det eta, etc.

Han, faltan du Azpeitian geratu den maitea. Maitasun olerkiaren generoaren barruan, badu Iztuetaren eskuak geroago Bilintxek landuko digun moldearen antzik. Erreparatzekoa da darabilen neurri berezia, eten eta guzti. Gozoegi askotan, egoeraren gordinak egiten du eder poema. Maitaleen bereizketa, tristuraren handia, dena da halako erromantizismo exajeratu bat:

¡Ay au bacardadea eta tristura!
Nere biotz gaxoa ecin piztu da,
Ain dago illa;
Beti dabil consuelo billa,
Bere artean,
Banengo maitearen aldean,
Orducho bico,
Pena guztiac liraque ilco.
Pena guztiac liraque ilco, etc.

Nere maitea zuzaz ni oroitzen naiz
Egunaz ere baita gauetan chit maiz,
Lotan ere bay;
Zu icusitzera nic joan nai;
Libre banengo
Or nintzaque egun bigarrengo,
Naiz orduan ill,
*Ez nuque izango batere miñ*.
Ez nuque, etc.

.1806ko uztailaren 13an, gertaera batek aztoratuko du herria. Loiolako Aldekaitz baserrian, haur jaio berri bat aurkitu zen, bizirik, labe epelean norbaitek utzia. Iztueta koinatuaren etxetik atera eta Logroñora aurretik etxean bermepean izan zuen Juan Inazio Iparragirre aguazila izan zuen haurrak aita ponteko. Inazia deitu zuten.

Badirudi, hasiera batean Kontxesik ezkutuan gorde nahi izan zuela amatasuna. Gauzak nola ziren: umearen bataio erregistroa ia mende erdi bat atzeratu zen. Agiria sinatzerako, amak hogeita hemezortzi urte zeramatzan hilik. Dirudienez, Donostiara eraman zuten Inazia haztera. Bitartean, aita presoak ama du izar Logroñoko kartzelako gau ilunetan:

Leneco gau batean eguin det amets,
*Bañan pentsamentuac beti al reves*
Irteten dira;
Ustez nengoen zuri beguira,
Maite polita,
*Cofrearen gañean jarrita*,
Contu contari,
*Nai nuen bañan ez nintzan ari.*
*Nai nuen bañan, etc.*

Maite nerea daucat beti gogoan:
¡Ay orain banengo ni aren alboan
*Iñoiz bezala*!
Jaunac amets du cumpli dezala,
Balitz conbeni,
Consueloz ilco nintzaque ni
Nire ustean,
Maitechoren biotza icustean.
Maitechoren biotza, etc.

Nere maite polita ez da cer etsi,
Bigar ez pada ere or nazu etzi
Lengo lecuan,
Allegatutzen naizan orduan,
¡Ay ura poza
Nire maite maitecho biotza!
Zuri beguira,
Pena guztiac aztuco dira.
Pena guztiac, etc.

Ez da, orain arte, arrazoia argituko lukeen dokumenturik agertu. Kontua da, sei urteko zigorra bete gabe, 1806an bertan, abenduan, Azpeitian bertan dela berriz Iztueta, itxuraz libre. Herrian elkarrekin biak, 1808an ezkondu ziren Jose Inazio Iztueta eta Kontxesi Azpeitiko parrokian. Otsailak bederatzi egun zituen.

Eta hemen galtzen zaigu zenbait urtez idazlearen arrastoa. Frantsesak Gipuzkoan sartu dira berriz ere. Gerra urteak dira. Jesus Elosegik datu interesgarria ematen digu:

*Varios vecinos de Azpeitia, Iztueta entre otros, fueron mencionados y señalados... como individuos que en el año de la dominación francesa, 1809, mostraron la suficiente actividad como para merecer la nota de* “afrancesados” *que se les atrubuía por parte de numerosos vecinos de la villa.*

Ez dakigu herrian izan zuen presioarengatik izan zen, bai seguru, baina kontua da Azpeitiko Jose Domingo Vicuña idazkariak Iztuetaren aurkako prozesuan hartutako datuak egia izatera, 1810eko apirilean joan zela Donostiara bizitzera Kontxesi eta umeekin. Han, denda baten jabe egiten da. Eta gutxira, Herio ate joka: 1815eko martxoaren 15ean hil zen Kontxesi. 39 urte zituen.

Zure gauza polit oi det nerequin,
Izquidaturic dago letra birequin:
C ta B dira,
Ascotan nago oei beguira;
¡*Ain dira piñac*!
*Maitecho polita, zuc eguiñac*
Sedaz ederqui;
Colcoan gorderic dauzcat beti.
Colcoan gorderic, etc.

Hortik atzerakoa, ez zaigu hain interesgarri. Alargunduta, hirugarrenez ezkonduko da. Kontxesirekin izaniko hiru seme-alabetatik bi, Habanara joango zaizkio bizitzera. Berak, berriz, hainbat lanbidetan probatuko du Gipuzkoako hiriburu berrian. Zerga biltzaile izango da, polizia, Donostiako kartzelako zuzendari, nor, eta euskal literaturako maitasun poemarik ederrena preso zegoela idatzi zuen gizona. 1845ean hil zen, Arrasateko bainuetxera etorrita zegoen erret familiaren aurrean aritzeko dantzariak trebatzen ari zela, sorterrian bertan, Zaldibian.

Esperantzetan bici, maite gozoa,
Noizbait cumplituco da gure plazoa;
Eta orduan,
Gauza charrik ez artu buruan;
Lengoai utzi,
Ez degu pasatzen pena guchi;
Preso sei urtez
Onduco gaituzte nere ustez.
Onduco gaituzte nere ustez, etc.

“Contzeciri” 1825ean eman zen argitara aurreneko aldiz, Londresen, Pablo Mendibil erbesteratuaren gestioak direla tarteko. Gaztelerazko itzulpena ere egin zion Iztuetak berak, eta halaxe eman zen argitara, ohar bitxi eta argigarri honekin:

*El poeta vasco fue más feliz que el gallego, cuyos versos amorosos le acarrearon la muerte en la misma cárcel. Iztueta salió de ella e inmediatamente dió la mano de esposo a su esposa por quien tan apasionadamente suspiraba.*

The End.

Bibliografia:

ELOSEGUI, Jesus: Juan Ignacio de Iztueta Echeberria, Auñamendi, Donostia, 1969.

GARMENDIA, Jose: Iztuetaren olerkiak, Kardaberaz bilduma, Tolosa, 1978.