"...ez gaitezke Loiolan deskantsuban bizi"

Asko dira batean eta bestean Loiolari, jesuitei eta San Inaziori eskaini zaizkien bertso sailak. Antonio Zabalak, Frantzesteko Bertsoak liburuan, bi sorta jasoak ditu San Inazioren zilarrezko irudiaren joan-etorrien eta ibileren gaia hartuta, bertsoen nondik norakoez ohar mamitsuak osagarri dituela.

Loiolak kare harrizko mamutzar astunaren itxura badu ere, ikus pasada arin batekin eman lezakeena baino nabariago nozitu ditu historiaren zafraldiak. Zilarrezko estatua eta josulagunen ordena bera behin eta berriz hara eta hona, galdu-gordean ibili beharrean suertatu dira unean uneko egoera politikoak eta sozialak horretaratuta. Erraldoiaren orekak hauskorrak izan ditu maiz oinak. Ezer ez da betiko.

Hizpide dugun hogeita zazpi bertsoko sortaren bost bat argitalpen bildu ditu Zabalak, horietako pare bat Bonaparte printzearen paperen artean Chicagoko New Libraryn, Azpeitiko Pablo Martinezen moldiztegian jaulkitakoak. Txabalategi bertsolari hernaniarrak jarri bide zituen, 1818an.

Egun Loiolako basilikako aldare nagusian ageri den Loiolako Inazioren irudi dirdaitsua Real Compañía Guipuzcoana de Caracas-ek opari emana da 1758an. Erroman egin eta urte bereko Santo Tomas egunez iritsi zen Loiolara.

Historian zehar irudiaren ibilerak eta jesuitenak pare samarreko gertatuko diren arren, labur bada ere, komeni da adieraztea batak nola besteek izan dituzten gorabehera nagusienak. Jesuitek, lege aginduak tarteko, zortzi bider hustu behar izan dute Loiola. Hona kanporaketen egutegi urgente bat:

—1767. Espainiako Carlos III.aren aginduz jesuitak bota egin zituzten, erregearen aurkako konspirazio batean zerikusia zutela argudiatuta. Aitasantuak Konpainia desegin zuen 1773an, eta hurrena, berriz, Pio VII.ak jarri zuen indarrean 1814an. Josulagunak 1816an bueltatu ziren Loiolara, ia berrogeita hamar urteko erbestealdia jiratuta.

—1820an, Madrilgo gorte liberalek ordena desegin zuten eta jesuitak sakabanatu. Loiolatik kanpora ibiliko dira 1823an itzuli arte.

—1835ean, Espainiako gobernuak jesuitak disolbatu zituen, baina Loiola karlisten eremuan zegoenez, bertan jarraitu zuten harik eta CarlosV.aren aldekoek gerra galduta, 1840an, euren jabetzez gabetuta, alde egin behar izan zuten arte. Loiola Azpeitiko erretorearen kargu geratu zen. 1852an Loiolan dira atzera berriz jesuitak, misiolari kolegio baten ardura hartuta.

—1854an, laugarren kanporaketa gertatu zen, “biurteko progresista”-ren garaian. Jesuita pare bat gelditu omen zen kapilau lanetan. 1856an bueltatu ziren, gobernu moderatua jarri zenean agintzen.

—1868an, Isabel II.a bota zuen iraultzaren aldian, jesuitak desegin egin zituzten, hala ere, Loiolako kolegioak martxan segi zuen. Loiola beste etxe askotatik botatako jesuiten aterpe izan zen.

—1870ean, Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren erabakiz, berriz bidali zituzten, Agustin Jauregi apaiza buru izan zuen Azkoiti-Azpeitiko altxamendu saio karlista zapuztuari laguntzeagatik, zigor gisa. 1873tik atzera, gerra betean, Loiola Gipuzkoako karlismoaren bihotz eta erromesen bilgune bihurtu zen. Lizarraga jeneralak, 1873ko abuztuan, Loiolako giltzak bueltatu zizkien jesuitei.

—1876an, Canovas del Castilloren gobernuak zazpigarrenez bota zituen jesuitak Loiolatik, azken karlistaldian Carlos VII.a aldeztu zutelako nabarmen. 1877ko udaberrian etorri ziren bueltan batzuk, eta 1880an gainerakoak.

—1932an, II. Errepublikak deuseztu zuen Konpainia azkenekoz. Josulagunek duten aitasantuari obeditzeko botoa, atzerriko potentzia batenganako mendekotasuna zela arrazoituta hartu zuen erabaki hori Espainiako gobernuak. Hurrengo urtean hauteskundeak eskuinak irabazi zituen. 1937an, gerra garaian, jarri ziren Loiolan bizitzen Azkoitian eta Azpeitian sakabanatuta zeuden jesuitak. Francok ezarri zuen berriro ere Konpainia lege barruan 1938an, dekretuz.

Datu eta urte dantza zorabiagarri hau gutxi ez dela, San Inazioren zilarrezko estatuaren ibilerak ere jakingarri dira. Denboraren orratzek markatzen dutena bazterrera utzi gabe, irudi preziatuak egindako txangoen krokis halako bat on litzateke bidez bide ez galtzeko. Kanporatzeak eta irudia hortxe-hortxe ibiliko dira, jo goiak eta jo beheak, elkarri eskua emanda bezala. Baina Jose Joakin Erroizenea Txabalategi-k zilarrezko santuaren atzera-aurrerak herdoil handirik gabe kontatu zituen bertsotan.

1794an Loiolaz jabetu ziren soldadu frantsesak —tartean, noski, izango zen euskaldun bat baino gehiago, Harispe marexal baigorriarraren chausseurs basques haiek ez ziren urruti ibiliko— Konbentzioko gerra ekintzen barruan. Han altxor ederrik bazelako juzkua eginda, Gipuzkoako Diputazioak Elgoibarko Pedro Larrunbideri agindu zion komando erasoa antolatzeko eta, berrehunen bat bolondresen laguntzaz, balioko ahalik eta gauza gehienak aska zitzala Loiolatik. Hamabi kutxa erreskatatu omen zituzten, haietako batean eraman zuten santu despiezatua Elgoibarra aurrena eta Madrilera gero.

Hor dator berriz, 1797an Inazio aldarean leku eske, Frantziak eta Espainiak bakea egin eta bi urtera. Barealdiaren ostean, hala ere, laster makurtuko da egoera. 1808an frantsesteko gerra hasi eta Loiolako zaintzaile zegoen Miguel Pizarrok, bere semeen eta bertako ostatuko nagusiaren-eta laguntzaz, pareta batean gorde zituzten pitxirik kuttunenak.

Santu glorioso hau
pareten artean
kolejiyoan gorde
zuten presentean.
Gero pentsatu zuten,
andik irtetean,
para obeko zela
kajatxo batean,
bestela gaur Frantzian
egon zitekean.

Hainbeste estimatzen diren ondasunak galtzeko beldurrak zauri gaizto samarra behar du, eta segurantziarik ematen ez duena. Hala, handik puska batera horma hartatik atera eta balioko trepeta guztiok Loiolako baratzean landatu zituzten. Baina lau mila frantses soldadu sartu ziren Azpeitian 1812ko abuztuaren bian. Biharamunean baratza ederki aitzurtuko zuten gudari-nekazariek, eta ia-ian ibili ere bai.

Aguztuko egunean
illaren iruan
parisiyua franko
badu inguruan.
Ustez egonagatik
toki seguruan,
ez geiegi fiatu
oraingo munduan,
galdutzeko lau beatz
falta etzenduan.

Gordetakoen artean erlikia berezi bat ere bazen. Zer izango, eta San Inazioren lau ez, baina behatz bat bai, perlaz-eta apainduta, balio erantsi eta guzti. Hori Pizarrok ez zuen bere eskutik joaten utzi. 1812. urte hartantxe frantsesen kontrako gerrillak indarraldia hartu zuen Urola bailara inguru hauetan. Pizarrok hitz egin du Gipuzkoako Diputazioarekin Azkoitian, eta gauzak dauden bezala, Loiola segurua ez dela ebatzi.

Aita San Inazio,
guazen igesi,
ez gaitezke Loiolan
deskantsuban bizi.
Sinplemente galtzia
ez luke merezi,
badaki dirala orain
frantzesak nagusi,
etsaien eskuetan
bere burua utzi.

Mendizabal jeneralak Diputazioari galdatu zion gipuzkoar batailoien zaindari bat izenda zezala. Militarrak San Inazio hobetsi zuenez, aurrerantzean zilarrezko irudi horrek iristen den toki guztietan kapitan jeneralaren ohoreak jasoko ditu.

Hurrengo urtean, 1813an hasi ziren santu alderraiaren peskizan frantsesak berriro, baina ordurako dezente ibilia zen baratzetik hara. Aurrena Azkoitira atera zuten, handik Mutrikura, Lekeitiora ondoren, Bilbora eta Santanderra gero. Santandertik Coruñara, handik, berriz, Cadizera, frantsesek sekula beretu ez zuten Espainiako hiri bakarretakora. Hiru hilabete egin omen zituen itsasoan. Haranzkoan eta honunzkoan, putzu gainetik joatea ere egokitu zitzaion.

Azpeitiko seme bat
badator ontziyan,
*alako mariñelik*
ezta probintziyan.
Errezibituko da
jaun au Donostiyan
*engañatzen ezpanaiz*
nire iritziyan,
*baña eskatzen dute*
joan zan tokiyan.

Cadiztik Donostiara 1815ean iritsi zen, han harrera egundokoa egingo zioten, pasatzen zen herri guztietan bezala. Azkenean Azpeitia jo zuen irudiak 1816ko ekainean, eta Loiolan alditxo bateko denkantsua hartu ere bai. Ez luzerako hala ere. Ordukoxea da Txabalategiren sorta hau. Bertsolariak behin behineko happy end honekin eman zion errematea.

Agur, Loiolakuak,
biba Azpeitiya,
santuak arkitu du
leneko tokiya
Etzuen biaje au
agitz egokiya,
desluzitua dakar
berniza guztiya,
ezta gustora ibilli
beron nagusiya.

Zilarrezko figurak, ordea, ez zituen amaitu horrenbestez bere garraioak. Gorago esan bezala, 1820an gobernuak jesuitak bota eta haien ondasun guztiekin geratu baitzen. Estatua hori Gasteizera eraman eta salgai jarri zutenean Azpeitiko udalak kosta ahala kosta erostea erabaki zuen. Azpeitiko herria da beraz, ordutik irudiaren jabe, horren aldera gurutze bat eta kustodia bat eman baitzituen. 1823ra arte, hots, jesuitak berriz loiolaratu bitartean, Azpeitiko parrokian, Soledadeko kaperan eduki zuten.

Azpeitia eta Loiola artean joan eta etorri ibili da irudia ia XIX. mende osoan, noiz joan noiz etorri, noizean behin, historiaren konpasean paseatzeko gogoa egingo balitzaio bezala. Azpeitiko parrokiara eraman zuten 1841ean, atzera Loiolara 1852an, 1855ean Azpeitira doa, 1856an Loiolara dator, 1868an Azpeitira dator... Doa eta dator, dator eta doa, 1880an asentatu zen orain duen egoitzan, gaur artekoan behintzat. Geroztik konpontzeko bakarrik mugitu dute.

Txabalategiren bertso hauen argitalpenak bat baino gehiago izan dira Zabalak dioskunez. Garai jakingarrian emanak batzuk, gainera. Ezagutzen ditugun azkenak 1877koak dira. Horren balizko zergatia ere biltzaileak berak damaigu.

*Jesuitak Españia*’tik erbestera joan bearra daukate 1868’*an. Baiña 1872*’an karlisten gerratea asten da, eta karlistak Loiolako ateak zabaltzen dizkiete. Loiola gerra-ospitala biurtzen da, eta berak ango kapellautza egiten dute. Gerra bukatzen danean, ordea, 1876an, karlistak galdu baitute, jesuitak berriz ere Loiolatik kanpora.

Urrengo urtean, 1877an, Madridko gobernuak Gasteizko gotzaiari ematen dio Loiolako ardura, eta onek bi jesuita izendatzen ditu ango kapellau izateko (...).

Jesuitak Loiola’*ra etortzeko irrikitzen egongo zirala esan bearrik ez dago. Aal zituzten artu-emanak ere erabiliko zituzten, ori lortzearren. Eta, bearbada, bertso auek ere berak berriro argitara araziko zituzten, eta bein baiño geiagotan gaiñera, erriaren gogoa berotzeko. Au dana gure susmo bat besterik ez da noski*.

*Baiña 1879*’an, Elgoibaren eman zituzten mixioetan, azken sermoian eskaera au egin zioten jesuitak jendeari:

Jesusi egiteko
guziyok erregu,
*Konpañikoak ditzan*
Loiolara bildu.

Andik urtebetera lortu zuten ori, 1880garren urteko garagarrillean.

Venezuelako merkatal monopolioaren irabazien kontura egindako estatua eta jesuiten ordena gisa horretan ibili dira. Bien bitartean arrastoa galdu zaien erlikiak ere izan dira baina. Esate baterako, santuaren atzamar perlatuaren paraderorik ez dago inon, ez hitz lauz eta ez bertsotan.

Dagoen tokian dagoela, zer edo nora seinalatzen ote du?

Bibliografia:

CABASES, Felix Juan: *Cronología del solar y familia de Oñaz y Loyola. De Iñigo/Ignacio de Loyola y del Santuario y Colegio de Loyola en su contexto histórico eclesial, jesuítico, nacional y mundial*, Loiola-Erroma, 1999.

ZAVALA, Antonio: Frantzesteko bertsoak, Auspoa, Tolosa, 1991.