Maitagarriak gara ba...

Iztuetaren Kontxesi poeta erromantikoak maitatutako emakumearen paradigma bihurtu bada, ez dauka saltzeko Bilintxek ere berea. Kasualitatea ere bada, baina ageri da azken honen bertso bilduman beste Contzeci bat, Iztuetaren bera ez dena, noski, eta dirudienez, Azpeitian bizi izan zenak bezalaxe, munduan diren eta ez diren edertasun guztiak berarekin zituena:

Oincho politac, guerria mea,
Gracia milla pechuan,
Lepo biribil dirudiena
Eguin berria tornuan:
Pare gabeco begui argiac,
Ille ederra buruan
*Zu baño aingueru politagoric*
Ez da izango Ceruan.

Nor den Contzeci hau, ez dakigu. 1858an idatzia, Iztuetarena bezain ezagun egin eta asko kantatzen omen zen garai hartan Gipuzkoa osoan. Hartu zuen indarraren erakusgarri da handik oso gutxira J.J. Santestebanek ere jaso zuela 1864an Donostian argitara eman zen *Colección de aires vascongados para canto y piano* liburuan.

Denborak ez du etenik, ordea. Urte batzuk geroago, Contzeciren ordez, emaztea hartuko baitu Bilintxek kantagai. Hura ederra bazen olerkariaren begietan, are ederragoa da hau. Nikolasa Erkizia azpeitiarrarekin ezkondu zen Bilintx Donostiako Santa Maria parrokian, Antzoki Zaharreko zaintzaile zela. Han hazi zuten familia, eta bertan biziko da Nikolasa alargundu eta gero ere.

Petrarcak Laura eta Dantek Beatrice nola, Nikolasa emaztea egin zuen Bilin-txek bere maitasun olerkietako dama. Teknika, ondo menperatzen zuen ordurako. Konparazioek natura betearen indarra hartzen dute, eta zer egokiago emaztea izango denari neurrigabeko amodioa erakusteko. Ezkondu baino hilabete batzuk lehenago, 1868ko abenduan eman zituen Bilintxek bertsook moldiztegira:

BETI ZUTZAZ PENTZATZEN

Dama gazte bat esagutzen det
diruriyena izarra,
eguzquiyari copetetican
saltatutaco chingarra;
biyotz nerian ala piztu du
amoriyozco su-garra,
nola mendiyan piztu lezaquen
chimistac arbol igarra.

Beti goguan zauzcatan dama
izarra dirurizuna,
eguzquiyaren biarric gabe
argui eguiten dezuna,
berdin gabeco amoriyua
senti-arazten nazuna,
*aditzera eciñ eman liteque*
dizutan maitetasuna.

Nere beguiyac beren aurrian
icusten ez bazaituzte,
guisharashuac eta biyotza
egoten dira chit triste;
shinista zazu mundu guztiyan
*ez dala iñor ni beste,*
zu maitatzeco capaz danican
mereci dezun aimbeste.

Gau eder alai ayetaco bat
guertatutzen dan orduban,
izarrac dizdiz eguiten dute
*ceruco urdiñ puruban;*
diferentziric batere gabe
zuc nere pentsamentuban,
dizdiz alashen eguiten dezu
nola izarrac ceruban.

¿*Hía gozua izango aldan*
enamoraturic dana,
ama on batec aur maitiari
ematen diyon laztana?
alare bada beste gauza bat
azcoz gozuago dana,
zureganaco amoriyua
nere biyotzac daucana.

¿*Norc iruquico zaitu nic beciñ*
ishtimaciyo aundiyan,
animatican maite bazaitut
erotutceco zoriyan?
*amoriyozco naitasunaquiñ*
gorderic erdi-erdiyan,
biyotz nerian ala zaucazquit
nola niniya beguiyan.

*Bost urte diran ez daquit baño*
*beñepeiñ badirare lau,*
faltatu gabe nere oroitzan
zaudela egun eta gau;
zu ichumenez maitatutzeco
*cerubac siñalatu nau,*
alic lenena premiya zazu
Eguiyazco naitasun au.

Maitagarriak garela, badakigu. Izarraizko harriak berezi egiten dituela haren magalpean bizi direnak, Pedro Berrondok esanda dakigu berriz. Ez zen Bilintx izan baina, gure bailarako jendearen aurrean liluratu zen aurreneko idazlea. Bada beste adibide bat, beste era bateko maitasunaren erakusgarri. Utz diezaiogun kontatzen, ordea, Jean Jacques Rousseau suitzar filosofoari berari:

Venezian euskaldun bat ezagutu nuen, Carrion nire adiskidearen laguna, eta ongizon guztiena izateko modukoa. Gazte atsegin hau, trebetasun eta bertute guztietarako jaioa zena, Arte Ederretan zaletzeko ibilaldia egin berri zuen Italian barrena. Ezer gehiago iristeko asmorik gabe, zuzen-zuzen etxera itzultzekotan zebilen. Esan nion arteak atsedenleku baino ez zirela bera bezala, zientziak ikasteko egindako buru argientzat, eta plazer har zezan, Parisen sei hilabeteko egonaldia aholkatu nion. Nire esanari kasu egin eta Parisera jo zuen. Han zegoen nire zain heldu nintzenean. Handiegia zitzaion etxea, eta erdia eskaini zidan, bertan bizi nendin. Baietz esan nion. Ikaskizun sakonetan sarturik aurkitu nuen. Ez zegoen ezer ezin iritsi zezakeenik; dena irensten zuen eta hala bere egiten azkartasun ikaragarriz. Nola eskertu zidan, hain zegoen jakin beharrak mindurik, haren espirituari jaki hura eman izana! Zer argi eta ondamu ez nuen nik aurkitu gogo sendo hartan! Hura zela behar nuen adiskidea sentitu nuen: lagun min egin ginen. Gure gurariak ez ziren berdinak, beti eztabaidan ari ginen. Setatiak biok, egundo ere ez ginen ezertan ados jartzen. Hala ere, elkar bereizi ezinak ginen biok, eta etengabean gibelka ari izanik ere, batak ez zukeen nahiko bestea besteetariko izaterik.

Espainiak soilik sortzen dituen gizon bakan horietarik zen Ignatio Emanuel Altuna, eta gehiago beharko lituzke haren loria handiagoa izan dadin. Hark ez zuen haren herrian hain zabalduta dagoen barne pasio oldarkorretik. Mendekuaren asmoa ez zitekeen haren gogoan sar, ez eta irrika haren bihotzean. Harroegia zen ezer eskatzeko, eta maiz entzun izan nion hotz-hotzean hau esaten, haren arima ez zezakeela inongo amaren semerik mindu. Gizatsu zen, bigun izateke. Emakumeekin, hauek haurrak balira bezala jolasten zuen. Adiskideen maitaleekin atseginez ari izaten zen, halakorik, ordea, ez nion inoiz ezagutu, izateko irrikarik ere ez. Haren bihotza erretzen zuten on-nahi garrek ez zieten zentzumenetakoei sortzen uzten. Azaletik, espainiar bat bezain jainkozalea zen; barrutik, ordea, aingeruaren pietatea zuen.

Lerroz lerro biluzten du Rousseauk Aitorpenak-etako zazpigarren liburuan (1741-1747) Inazio Manuel Altuna zalduntxoaren izaera. Jakintsua, langilea, zuzena... Mira handia zion, bistan da. Maite zuen Altuna Genevako filosofoak.

Ez zen espainiar ez azal mintzean, ezta egonarrian ere. Azalez, zuria zen, masail gorriak zituen, eta ilea, gaztainkara, ia horail. Luzea eta ondo egina zen. Bere arima sartu ahal izateko zuen egina gorputza.

Handia zen Altunak Rousseaurengan piztu zuen lilura. Parisko egunek jarraipena merezi dute.

Hain ondo moldatzen ginen, egunak elkarrekin pasatzeko proiektua egin genuen. Zenbait urteren buruan, Azkoitira joatekoa nintzen, haren herrian berarekin bizitzeko. Hura itzuli bezperan konpondu genituen asmo honen xehetasun guztiak. Ongien antolatutako proiektuetan gizakien gain ez dagoena bakarrik falta zen. Ondorengo gertaerek, nire hondamendiek, haren ezkontzak, haren heriotzak banandu gintuzten, azkenik, betirako.

Bata dela eta bestea dela, Rousseauk kontatuta bezalaxe desegin zen, antza denez, gaztain hostoa neguaren gordinean bezala, bi adiskideak Azkoitian elkarrekin bizitzeko aukera. Portuneko etxean, garai batean, ba omen zen liburu bat, erdiz erdi irekia, Rousseauren aitorpen hau erakusten zuena.

Bibliografia:

ASKOREN ARTEAN: *A cien años de su muerte, Bilintx*, Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián, Donostia, 1978.

ROUSSEAU, Jean Jacques: *Les Confessions (Livres VII á XII)*, Librairie Général Française, Paris, 1998.

UDALAIZPE: “Rousseau, Ion Iakue”, Euzko-Gogoa 11-12, 1954.

ZAVALA, Antonio: Bilintx, bizitza eta bertsoak, Donosti Aurrezki Kutxa, Donostia, 1978.