K jauna

Jose Frantzisko Aizkibel jaio zenerako, Argiaren Mendea amaitu hurren zen. Munibek, Egiak, Altunak eta gainerako zalduntxoek zabaldua zuten euren egitasmoa; literaturan, Bizenta Mogel Esoporen alegiak irakurtzen eta moldatzen ikusi dugu; erlijioan eta politikan, frantses-haizearen beldur, Eliza Katolikoa Ilustraziotik etor litekeen liberalismo usain guztien kontra borroka egiteko gerturik da...

Gazterik partitu zen Aizkibel Azkoititik Erromara, apaiz baten zerbitzuan aritzeko. Gero, Granada de Egako dukearen idazkari ere ibili zen Europan barrena. Azkenik, Toledon aurkitu zuen bizitokia, Munarriz jauregian, milaka libururen artean eta emakume zahar bat zuela zerbitzari.

Aizkibelek berak esanda dakigu gaztelera baino lehenago ikasi zuela latina. Eta sinesten diogu. Sorterritik gazterik irtenda, kultura zabalaren jabe izateko parada izan baitzuen Erroman. Aditua zen landare eta meatze kontuan, eta dirudienez, gai teknologikoetan Espainian zen liburutegi onena, berarena zen.

Hala ere, teknika bezainbeste maite zuen hizkuntzekin zerikusirik zuen edozer. Erroman zela, hogeita hiru urterekin, Ramon Diosdado jesuita ohiak erakutsi zizkion euskararen gramatikaren barne-bideak. Hantxe ekin zion hiztegiari.

Nola bizi izan zuen hura guztia, zein zen euskararen gainean zituen iritziak, lehen eskutik dakigu. Oraindik ere, informazio iturri oparo eta bestela ere testu eder izaten segitzen du Euskeratik Erdarara biurtzeko itz-tegia-ri ezarritako hitzaurre bikoitzak, bai “Prólogo”-ak (gazteleraz) eta bai “Euskaldunei” (euskaraz).

Gaztelerazkoan, Larremendirengana doakio gogoa. Hiztegia burutu ahal izateko, hark Loiolan obratu zuena erabili duela aitortzen du, eta Andoaingo jesuitaren lana handia izanagatik, euskara-gaztelerakoaren hutsa sumatzen du:

*Desgracia es sin duda ninguna la de la nación Euskalduna, que desde remotos tiempos no ha podido conseguir se imprima un diccionario bascongado, cuando por otra parte se está haciendo los mayores esfuerzos para conservar sus antiguos fueros y libertades, usos y costumbres; cuya antigüedad es inmemorial, como la de la lengua Euskara.*

Ikusten denez, politikan foruen defentsan jartzen den ahalegina nahi du euskararentzat ere. Arazoa, bistan da, ez da oraingoa. Eta maldizioa berriro beteko da, Aizkibelen hiztegia bera hil ondoren emango baita argitara, berandu oso, Tolosan, 1883tik atzera.

Hiztegirako, agudo hasi zen material biltzen. Parisko Biblioteka Inperialean, Silvain Pouvreau-ren eskuizkribuak kopiatu zituen, eskuz. Oihenarten atsotitzak ezagutu zituen, Axular, Leizarraga, Etxeberri Ziburukoa... bazuen ordura arteko hiztegi gehienen berri, baita zeharka ere, esku artean izan ez zituenena ere. Joaten zen lekura joaten zela, liburu zaharrak erosten ahalegintzen omen zen. Ezaguna da Abandoko Jose Pablo Ulibarri errementari eta euskaltzalearekin gertatu zitzaiona.

Jakinik Aizkibel liburu bila dabilela hiztegia egiteko, hor datorkio egun batean Ulibarri adiskidea, otarra bete libururekin. Aizkibel ez dago lasai ordea, behar du ordaina hainbesteko borondateak. Trukean, bi mila erreal urre eman nahi izan dizkio.

—*Logrerua ez naz ni iñoz* —erantzun omen zion Ulibarrik—, eta emoten dautzat verbategija eguiteagatic.

Hala ekin zion lan handi hari. Baina hasi eta batera, lehenengo kezkak. Esku artean dauzkan liburu guztiak, bakoitza ahal den moduan idatzita dago, ez dago inongo batasun ortografikorik. Axularrek bere garaian bezala, euskalki batetik bestera dauden aldeez jabetzen da. Beharra, nabaria da. Ortografia batzetik hasita. Aizkibelek erabakia hartzeko garaia dela sentitzen du:

*Yo uso de la k en ka, ke, ki, ko, ku, porque esta letra por sí sólo llena mis necesidades, desterrando la c y la q, que tienen usos diferentes. En cuanto á la g dándole el valor del gamma griego satisface enteramente su cometido*...

Alde honetatik, egun hain normalak zaizkigun hainbat moldek Aizkibel izan zuten aita ponteko. Egia esan, ideia ez da bere-berea ere. Guizon-ek gizon behar duela aurretik plazaratutako asmoa zen, Lapurdin beti. Aizkibelek Darrigol aipatzen badu ere, Larresoroko seminariko zuzendari zen Martin Duhalde izan zen kasu guztietarako g hizkia ez ezik, v-ren ordez b idaztea ere proposatzen aurrena 1809an Baionan argitara emandako Meditacioneac gei premiatsuenen gainean lan mardulean. Baina dudarik gabe, Aizkibel eta honen hiztegia izan ziren, batez ere Hegoaldean, erreforma ortografikoaren zutabe nagusi. Euskaldun guztiontzat baliagarria litzatekeen ortografia batuaren beharraz Erroman jabetu zen, antza, Ramon Diosdadorekin izaniko solasaldi luze haietako batean.

Ez zen hau izan mundura zabalik nahi zuen euskararentzat aurreikusi zuen puntu bakarra. Hizkuntzaren akademia baten beharraz ere hitz egiten digu Toledotik, noiz eta 1856an, Euskaltzaindia sortu baino hirurogeita hamahiru urte lehenago:

*Con buenos elementos gramaticales y lexicógrafos*, ¿*cuánto no se adelantaría en nuestra lengua? Pero para esto se necesita trabajar para la unidad ortográfica por medio de una gramática general razonada de la Euskara, aprovada y autorizada por una Academia compuesta de hombres competentes en la materia. Si en el día no se pudiera hallar tan inteligentes por falta de estudios preliminares con este estímulo se formarían dentro de algunos años.*

Bibliofilo, hiztegigile, sustatzaile... latina, grekoa, hebraiera, frantsesa, italiera, ingelesa, gaztelera eta euskara zekizkien. Bazuen, alde honetatik, euskararentzat, Azkoitiko Zalduntxoek erakutsi ez zuten bestelako dohainik ohe pobre batean jaio zen hark. Eta harrigarria izan arren, gerora Pedro Irizarrek bezalaxe, herritik kanpo ia beti. Politikoki interesgarria da oso, gaur egunetik begiratuta ere. Karlismoa entziklopedismoarekin uztartzen saiatu zen rara avis horietakoa izan zen, modernoa inondik ere, aurrerazalea.

Badu Iparragirrek munta handirik gabeko bertso sail bat Aizkibeli eskainia. Aurrenekoa baino ez dugu emango, adierazgarri delakoan:

*Españian (+) da gizon bat*
bear deguna maita,
Frantzizko Aizkibel jauna
euskaldunen aita;
txit da gizon prestua
eta jakintsua,
errespeta dezagun
gure maisua.

(+) Aizkibelen omenez, Azkoitian jarritako oroitarrian, metamorfosi bitxi bat izan du bertsoak: ‘Azkoitian da gizon bat’...

Larramendik-eta bezala, pena bat: euskaraz idatzi zuena oso du urri. Hiztegiari ezarri zion hitzaurretik hartuko dugu atal bat, aho gozagarri, Aizkibelen euskara nolakoa zen jakiteko behintzat. Esan beharrik ez dago, esku dotorea zuen honetan ere. Aukeratu dugun zatia, aski argigarria da gehiago jakiteko orduko giro eta kezkez:

*Zuen artean askok uste dute ezé batere baliorik ez duala Euskerak, eta Probintzia oietan ere chit asko, zergatik orain jende guztiak dakian Gaztelaniaz itz-egiten. Uste onetan okerrenak dira aberatsenak, eta gichien izan bear lukeenak, baldin baztertzen badira anchinako echadizar batzuek, zeiñak onore anditzat dauken, arrazoi andiarekin, euskaldunak izatia, eta beren echadi artean beti Euskeraz itz-egiten dute. Orain esango dizutet zein garrantzi edo importantzia andikoa dan guretzako euskera, eta euskaldunen aztarna ondo gordetzea. Odol oneko arrazak, ez gizonetan bakarrik, baita ere abereetan, chit onesbedatuak edo estimatuak izan oi dira, zergatik odol aren egokiak osoro zaitirautzen dira beste arrazekin nasten ez diranian. Asiako eta Afrikako Arabarrak eren zaldi ospetsuen sorterroak liburu ederretan arreta andiarekin itz-kiribatuak gordetzen dituzte, lau, bost, eta seigarren oñeraño ondo argituak; eta auben asabac izan badira guduetan eta apuestetan famatsuak, azaña guztiak ipiniak izango dira sorterroko liburu barruan.*

Hiztegiari dagokionez, hark ez zuen egileak nahi izan zuen adinako biderik egin. Lanak zor handiegia zuen Larramendirenarekiko, eta honena bazterrean gelditu bazen bertan ageri zen hitz asko Andoaingo jesuitak berak asmatuak izateagatik, hala hondoratu zen Aizkibelena ere.

Bibliografia:

AIZKIBEL, Jose Francisco: *Diccionario Basco-Español titulado Euskeratik Erderara biurtzeko Itztegia*, Eusebio Lopez, Tolosa, 1883-1887.