Inazio bizkarroia

Giro honetan, ulertzekoa da ez aurkitzea euskal literaturan San Inazioren figura zalantzan jartzen duen lanik. Horregatik hartzen du bere sotilean indar xelebrea Jean Etxepare medikuak Beribilez bidaia-liburuan (1931) dakarren gertaerak.

Heldu dira Etxepare eta bere lagunak Loiolara, eta basilikaren eta etxe santuaren barrunbeetan ikusmiran dabiltzalarik, idazlea bakarrik gelditzen da. Luze gabe, horra non agertzen zaion ilunpetatik sakristian, misteriotsu, mamu baten irudiko, izenik gabeko jesuita bat:

Hain xuxen, farrasta bat hauteimaten dut ene sahetsean, eta huna non ikhusten dutannundik jina othe?uste gabetarik oixtian itzalia zitzaitan ene apez laguna. Ez daut orai behatzen ere. So gelditurik erretaulako izkirioneari, erhia xut adierazten daut idorki:

Inazio etzen jakintsua. Nekez mintzo zen, hurriki zitzaion ateratzen elhea; haren idatzietan, halaber, ez da ezagun idazlearen antzerik.

Aleak botatzen ditu, etxean: hitz egiteko arazoak, idazle txarra, jakintsua ere ez... adimenean motz agertzen zaigu San Inazio. Zeinek eta jesuita batek esanda gainera. Zalantzarik gabe, balio handia hartzen du, figura literario legez nahi bada ere, idazle liluratuaren kontrapuntu gisa agertzen den jesuita isilak. Jesuita hori ez zitzaiola benetan agertu eta haren kezkak Etxeparerenak berarenak direla? Oso litekeena da. Ez da hori, hain zuzen, idazlearen lana?

Baina dudarik gabe, galegoz azaltzen da, guk dakigunez, San Inazioren kontra inoiz idatzi den testurik gogorrena. Bigarren karlistaldia amaitu eta gutxira, 1880an argitaratu zuen Manuel Curros Enriquez-ek *Aires da miña terra olerki bilduma, Rosalia de Castroren Follas Novas*-en urte berean. Atera eta batera, Ourenseko apezpikuak berehala kaleratu zuen ediktoa liburuaren kontra, bertan ageri zen zenbait poema heretiko, blasfemo eta iraingarri zelakoan. Epaitegira jo zen, liburuak bahitu zizkioten, moldeak apurtu... Ourenseko auzitegian bi urteko kartzela zigorra ere eman zioten olerkariari. Gora jo, eta Coruñakoan errugabe atera zen. Ogasun Ministerioan zuen lana galdu eta Madrilera joan zen, El Porvenir egunkari errepublikarrera lanera. Habanan hil zen, 1908an.

Hainbesteko zigorra zerk eragin zuen ezagutzea merezi duelakoan, hona Currosen sonetoa galegoz.

*DIANTE UNHA IMAXE DE ÍÑIGO DE LOYOLA*

*A místeca alegría no sembrante,*
no peito a ira, o sono na mirada,
*ben te conezo, Euménide sagrada,*
*trenca virtú, católico bergante.*

*Treidora do Evanxelio á lei amante,*
a Esposa dos Cantares, desleigada,
tivo tratos co demo, e desta allada
naciches ti, ¡*parásito trunfante*!

Mais ¿que fas nese altar roubando preces,
xenio da intolerancia soberano,
*ti, que tan solo maldiciós mereces?*

¿Ti, que trocache a Cristo nun tirano,
*os saiós i os verdugos en xueces,*
i en fouce a Dios do pensamento humano?

Honela genuke euskaraz:

LOIOLAKO INAZIOREN IRUDI BATEN AURREAN

Poztasun mistikoa aurpegian,
bihotzean herra, behakoan ametsa,
ongi ezagutzen haut, Eumenide sagaratu,
bertutez herren, katoliko doilor.

Kantuetako emazteak, alderrai,
tratua izan zuen deabruarekin,
eta amarru horretatik jaio hintzen hi, bizkarroi halakoa,
Ebanjelioaren aurkako legearen maitale!

Baina zer egiten duk aldare horretan otoitz-ebasle,
intolerantziaren buruzagi nagusi,
hik, madarikazioa baino merezi ez duan horrek?

Hik, Kristo tirano bilakatu huen horrek,
sikarioak eta borreroak epaile,
Jainkoa giza-pentsamenduaren igitai!

Ez diote, itxura, maitasun handirik galiziar idazleek Loiolari. Honetan, bada alderik euskaldunekin. Distantziak ematen duena beharbada. Bigarren Errepublikaren garaian, Alvaro das Casas hizlari, kazetari, antzerkigile eta poeta Euskal Herrian zen, euskaldun, katalan eta galiziar abertzaleen arteko Galeuzca topaketetan. Bilbon izan zen lehenbizi, San Inazio egunean San Mamesen egin zen ekitaldi politikoan. Emozioak lotzen du idazlea Athleticeko atezaina ikurrina jokalari belaunikatuen buru gainean dantzatzen ari dela, gorak eta irrintziak entzuten dituenean. Ikusi egiten dugu, harmailetan, galiziar bandera eskuetan. Ordukoan lagun, Emakumeen Batzako mitinlari ezagunenetakoa zen Julene Urzelai azkoitiarra zuen. Hurrengo egunean, Donostiara joan ziren. Eta bide erdian, kera Espainiako Bigarren Errepublikak jesuitarik gabe utzitako Loiolan:

.1933. Abuztuak 1. Leher eginda esnatu naiz. Bederatzietan atera naiz Donostiarantz kotxe baten Urzelai, Isusi eta Rezolarekin, nire Euzkadiko hiru lagunik onenekin. Une batez Zestoan gelditu gara, eta gero Loiolan, non, egia esan, ez didan ezerk arreta hartzen, non eta ez diren euskaraz idatzitako marmorezko harri batzuk. Jesuitek nazionalismoaren aurrean etsi egin zutela esan nahi du honek? Zintzotasun keinu bat da, hemen, euren sorterrian, non kanpotarren aurrean makurtu eta sentipenak agertzeko beharrik ez dagoen tokian? Osterantzekoak, zer ardura dit? Ez kaperak, ez jesuiten etxeak, ez Etxe Santuak, ezerk ere ez. Jesuiten jauregietako giro izoztua, sentipen artistikorik gabeko aberastasun hutsa eta emozio erlijiosorik gabeko turismo elizkoiaren kea.

Azpeitia, non paisaia, beti atsegin, heze, musker, gozoagoaskoz ere gozoagoBizkaiko mendietan baino dotoretasun doi eta harroagoko eraikinez janzten den (...).

Aurrekari hauekin, bistan da berebiziko balioa hartzen duela, bere sotilean, Koldo Izagirrek soinu txikiarekin jotzeko egindako porrusaldak. Inazioren figura historikoarena ez ezik, berak fundaturiko konpainiarena ere bada errepasoa. Denetako arrastoak aurki daitezke bertan, gaztetako ibili aldrebesetatik hasi eta jesuitek munduan barrena ibili duten politikaraino, Gaztelako errege-erreginen alde Iruñean zauritu zuten soldadua ahaztu gabe. Umorez eta zorroztasunez idatzitako testua da Loiolako porrusalda hau, Joseba Tapiak kantatzen duena:

LOIOLAKO PORRUSALDA

Azpeitiko mutila
Inazio donea
Zenbait atso gazteri
Jasoa gonea
Ai zer gonorrea
Inazio donea.

Herriaren lepotik
Mila marabedi
Loiolatarren kasta
Madarika bedi
Besteren izerdi
Mila marabedi
*Oiñaztarren mutila*
Han aurrean doa
Gaztelaren pausoan
Oina ta zangoa
Ederra zapoa
Han aurrean doa

*Iruñan hartu zuen*
Zangoko herrena
Nafarroa salduta
Etsaia barrena
Ez du okerrena
Zangoko herrena

Begira nola doan
Aldarera herren
Apostoluetatik
Jarria da hurren
Ifernuko Txerren
Aldarera herren

Orduan sortu zuen
Jaunaren armada
Munduko gerra zikin
Guztien ama da
Inon beltzik bada
Jaunaren armada

Jainkoaren aldeko
Beso armatua
Dolarrak aspaldian
Ongi xarmatua
Ustel xamartua
Beso armatua
Loiolan ageri da
Eder basilika
Zeruko zergazainek
Sakela kilika
Kristo zintzilika
Eder basilika

Hizketa leuna du
Kristoren morroiak
Sotana beltza baina
Zuriak sermoiak
Loiolan zer lohiak
Kristoren morroiak

Urolako lohietan
Kli-klu kli-klu kli-klu
Horra santu batenak
Gaur zenbait meritu
Inaziok baditu
Beste hainbat kli-klu

Bibliografia:

CURROS ENRIQUEZ, Manuel: *Aires da Miña Terra e outros poemas*, Galaxia, Vigo, 1985.

DAS CASAS, Alvaro: “Diario de una viaxe de nazonalistas”, A Fouce, 1933.

ETXEPARE, Jean: Beribilez (Maria Jose Kerejetaren edizioa) EEE, Donostia, 1987.

TAPIA, Joseba eta IZAGIRRE, Koldo: Apoaren edertasuna, Gaztelupeko hotsak, Soraluze, 1999 (disko-liburua).