Postal exotiko bat

Bi egunetarako heldu zen Pierre Loti Loiolara. Hendaian zegoen orduan, Le Javelot kanoiontziko komandante. Frantziar itsas armadako agintari, munduko bazter askotan ibilia zen aurretik, eta halaxe bihurtu zuen bere bizitza liburuetara. Turkian, maitemindu egin zen; Vietnamen Hue hiri inperiala bonbardatu zuen; Marokon, argiak liluratu zuen; Senegalen, koloreak; Palestinan... Guztiotan ikusi zuen exotismoa aurkitu nahi izan zuen Euskal Herrian ere, eta aurkitu, aurkitu zuen, Loiolan izan eta urte batzuetara argitara eman zuen Ramuntcho eleberrian ikusten denez. Emile Zola eta Anatole France-ren naturalismoaren aurrean, bereiztasuna. Gordintasunaren aurrean, postala. Erroman-tikoen zordun, hona Lotiren begiek ehizatu zuten Euskal Herriaren txatal bat, Izarraizpekoa.

.1892ko urriaren 25a, asteazkena

Arratsaldean, eguzkia etzan delarik, Zumarraga izeneko herri batean utzi gaitu Donostiatik Madrilerako espresoak nire lagun euskalduna eta biok. Ordubete egon beharra dugu, San Inazioren herrira eramango gaituen zalgurdiaren zain.

Hego lurretako udazken giroa, hosto gorrien malenkonia nonahi dela. Ezinbestean, tristea da, urriko ilunabarra etzatean, harat-honat ibiltzea herri ezezagun, bakartu, zahar batean, non hizkuntza ulergaitz bat mintzo den, mendi garaiez inguratua...

Noraezean gabiltza. Leiho batean, estrata estu beltz batean, Brasilgo papagaio gaixo bat bakarrik ari da:

Egingo nuke hori ere euskaraz mintzo deladiotsot bidaideari.

Balitekeerantzun dit. Eta belarria zorroztu du:

Hala dadio barrez—. “Jaquo ederra!” esaten entzun diot.

(...)

Bostetan heldu da gure zalgurdia, gertu: kapota txarolezkoa duen cabriolet moduko bat, aurretik bi zaldi gezi eran lotuak, lepabueltan hamaika kanpantxila dituztela.

Handik gutxira gara soro artean, eta berehala, gau beltza, epela, udan bageunde bezala. Ordu eta erdiko ibilbidea, drote onean ibarretan zehar, arroil makurretan barrena, ikusi ez, baina kanpantxilen dantza handia izanagatik entzuten ditugun errekastoak aldamenean ditugula. Hegoaize gozo batek, etengabe, orbela dakarkigu aldera.

Azkenik, ostatu handi baten atarian gelditu gara. Heldu gara. Bidearen bestaldean, San Inazioren komentu ikaragarria ageri da, halako orban iluna iluntasunean. Bestelako etxerik ez inguruetan; ostatua eta komentua, Loiolan ez da besterik.

Ostatua zaharra da oso, burdinazko maila eta barandarekin, jauregi batean bezala. Espainiako ostatu guztietan bezalaxe, sarretatik bertatik aditzen da olio eta lapikokoen usaina. Jendeak ez du ez frantsesa ez gaztelera ulertzen, aberriko hizkuntza baino ez, euskara. Mahaian, gure ondoan apaiz zahar bat bakarrik dago; baina azkenaldian, dirudienez, jesuiten jeneral berria hautatzen ibili direlarik, jendez mukuru egon dira gela guztiak. Mundu guztitik heldutako bidaiariak zeuden, baita Polonia barrenetik eta Errusiatik etorritakoak ere.

Ostatua toki santua da ia; irudi jainkotiarrak daude hormetan esekita, eta eskaileretan, gora doanariJainkoaz alatzea edota biraoka aritzeagalarazten dioten karteltxoak.

Urriaren 26a, osteguna

(...)

Eguzki betean zabaldu ditut leihoak. Hego urri bateko goiz zoragarria da. Arboletako orbain gorri eta urre kolorekorik gabe, belar gaineko hosto lehorrik gabe, agorril betean geundela esango genuke. Ingurua oso da berezia, ikusgarriro hautatua: ordeka zabal txiki bat, Euskal Herriko parte nahasi honen inguruan aurki daitekeen bakarra; lorategi bat bezain oparoa den lautada bat, erreka fresko batek zeharkatua, eta itzalkiro hesitua; mundutik bereizten duten mendi garaiez ia menperatua. Errekak hots doia dakarkio inguruaren isiltasunari, eta artzain giroko lasaitasuna da nagusi paraje zoragarri honetan.

Hala ere, aurre-aurrean dut San Inazioren komentua, jesuiten habia, errege bat bezain nagusi, ikaragarri eta harro bakardade honetan. Itzalezko mukulua osatzen du, grisa eta tristea, oso itxura berezikoa, handitasun harrigarrikoa, hain galdurik dagoen, hain apal eta lehengo izaten jarraitzen duen herri honen erdi-erdian. Kapera fatxada handiaren erdian dago, albo bietara bi hegal ilun dituela. Kupula basilikaren neurri gaitzetan gora harrotzen da, peristiloak itzulinguru dotorean egiten du aurrera, oro marmolezko, atariak eta zutabeak marmol beltzekoak, marmol zurizko armarriz. Bertaraino daraman mailadia berebizikoa da, zaila, lehoiz eta irudiz dotoretua. Eta aurrean, krisantemo parterreak besterik ez, behialako eskeraz osatutako bidexkak; eta gauza bitxia, harresirik ez, ezta itxitura bat ere. Hortik aurrera, nekazariak dabiltzan soroak, zelaiak.

Jatorrizko frantses testutik ari gara euskaratzen, gaztelerazko itzulpen bat ere aurrean dugula. Bartzelonako Editorial Cervantesen argitaratutako liburua da Figuras y cosas que pasaron hau, itzultzailearen izenik ez dakarrena. Aurrera jarraitzen dugu, baina bi testuak ez datoz bat. Espainiar itzultzaileak Lotiren egunerokotik zatiak zentsuratzea erabaki du:

Gogoeta ilunak datozkizu jesuitakeriaren eta Inkisizioaren habia honetan; izenak berak itogarritik zerbait duen Loiolako komentu honi begira zaudela, ezin burutik kendu hainbeste gauza krudel eta gogor, garai batean ahopean horma hauen bestaldean aginduak eta gero gertu edo urrun, beti ezkutuan eta errukirik gabe betearaziak.

Agi danez, itzultzaileak ez ditu gustuko Lotik jesuitei buruz eginiko gogoetak, eta Loiolaz ari denean zaio interesgarri soilik militar idazlea. Eta egurra gozotzeko nola, paper latza pasatuz beti ere. Lerro batzuk gehiago baino ez ditugu irakurri:

Eraikin gaitz eta aberats honek, bere arkitektura astun, bere aire menperatzaile honekin, mendi artean gordea, Jesuiteria handiari komeni zaion itxura du.

Humboldtek mende hasieran bezalaxe, jesuitek artean izan duten eragin kaltegarriaz ohartarazi nahi gaitu Lotik. Bada horretan guregana heldu ez den iritzirik, Frantzian aise ibili dena. Loti bera baino gogorrago mintzo da L. Louis-Lande Basques et navarrais. Souvenirs dun voyage dans le Nord de lEspagne liburuan:

Literaturaz, nahiago dut ezer ez esan; baina arteetan, eskulturan, arkitekturan, gusturik faltsu eta negargarriena ekarri zuten; batez ere Espainian, non izaera nazionalak handikeria eta gehiegikeriara makurrarazi zuen, joera are gehiago larriagotuz. Zein, jesuitak berak ez eta izan dira estilo endekatu hau zabaldu dutenak, bere osoan zaharminaren eta gotiko argiaren xehetasunetan imitatua, harroa, dena itxura, eta hain juxtu horrexegatik jesuita estiloa deitu izan dena?

Ezagutzen zuen Lotik Landeren lana? Ez dakigu, baina pentsatzekoa da Frantzian Landerenaz gain, izango zela antzeko iritzi gehiago jesuitek artearen munduan bultzatu zuten estiloaz. Gaztelerazko testuan, “Jesuiteria handiari komeni zaion itxura du” beharrean “komeni den itxura du” dio itzultzaileak, gainontzekoa ezabatuta. Nahita herrendutako testua da. Itzultzaileak, bistan da, nahiago du loreen askatasuna, jardinen ederra. Hor ez dago arriskurik:

Hala ere, hain inguru lasaiak, mundu guztira zabaldutako lorategiak, itxitura txiki batek ere babesten ez dituen loreak, aurrez ikusten ez den itxura abegikorra ematen diote inguruari.

Lotik kontrastea lortu nahi du, ordea, lorategien perfekzioari Loiolak zatarretik duena kontrajarri nahi dio. Jarraian datozen lerroak, desagertu egiten dira, berriro ere, gaztelerazko testuan:

Orden honen erregela, dudarik gabe, inoren burutik sortu den kristautasunaren deformaziorik handiena da, eta gozotasuna, Jesusen izenak inguruan duen gozotasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta beldurgarri, glaziar eta gogorragoa da izen beretik datorren Jesuita hitza.

Halako aitortzaren ondoren, dena da gozoagoa itzultzailearentzat ere. Victor Hugo liluratu zuen Euskal Herria du aurrean Lotik, idi eta gurdi, lanean eta kantuan bizi diren herritarrak:

Hesien arteko bidexketan aurrera, etxekotasunez dabiltza nekazariak. Idi gurdiak ere igarotzen dira, zeinen erromatarren erako gurpil sendoek Euskal Herri osoan entzuten den karranka ateratzen duten; sagardo sagarrez gainezka, gorriak eta urre kolorekoak, airean perfumeen usaina uzten dutenak; edozein nekazarik daramatza, leiho handien azpitik, bestelako kezkarik gabe, garai zaharretako kantu alaiak hortz artean. Egiatan, jesuiten inguruan denak du halako atsegin giroa, denak du ugaritasun zera bat, bakearena, segurtasun sakonarena.

Ostatutik basilikako labirintoan dabilela (zenbat gogorazten digun handik urte batzuetara Jean Etxepare medikuak egingo duen ibilaldia!), etxe barnea erakutsiko dien jesuita bat aurkituko dute hauek ere:

Frantsesak garen galdetu digu. Nire bidaideak, bere arrazako gizona topatu duen ustean, euskaraz erantzun dio:

A, noski! —erantzun du fraileak. Frantsesak zarete, frantses-eskualdunak!

Ulertzen dela uste dut: “Beraz, zuek ez zarete hain frantsesak! Herri bereko semeak gara!”. Eta are abegikorragoa egin zaigu.

Komentuan sartu da, basilikan, oñaztarren dorre-etxean... Deskripzioak, aberatsak dira, xehetasuna du dohain. Ikusi egiten dugu etxe barrua. Baina itzultzeko garaia heldu da.

Elkarren ondoan diren bi herrixka euskaldunen artean dago Loiola, Azpeitia eta Azkoitia, biak tipikoak, dudarik gabe, aspaldidanik geldirik, euren burdina forjatuzko etxe ilunekin, euren denda txikiekin, euren lanbidetxoekin. Biek dituzte elizak, Loiola bezala San Inazioren lur gaineko ibiliak santifikatuak, eta Espainian, ez ohiko apainketa aberatsa dutenak. Azpeitian, aldare nagusiaren atzean, harlauzetatik bobedaraino, dena dago urre hostoz jantzia, egur-egurrean txinoen egonarriz sartuta.

Bi herri hauetanudazkeneko eguzki astuna dir-dirka gaur gaineandagoen lantegirik handiena abarketak egitea da, eta abarkak (ahari larruz eginiko oinetakoak, lehengo eran, zangoan gora lokarriz lotzen direnak).

Batez ere Azkoitian, barregarri gertatzen da: kaleetan barrena, abarketari ilara amaigabe bat, jo eta ke lanean. Esan liteke mundu guztia dagoela oinutsik, abarketa eskaera handi bat noiz amaituko zain amorratzen. Gizon-emakume hauek josi, gogoz jotzen dute, eta trentzazko zolak txortan pilatzen zaizkie alboetan.

Atzo ekarri gintuen zalgurdi berak eramango gaitu gaur Zumarragara, ilunpean, eguzki eder eta beroaren azpian. Idi gurdi handiak datozkigu aurrez, usain gozoko sagarrez beteta direla, eta astiro doazenak, gurpil sendoak txirrika. Gure zaldiak, kanpantxilez betea, amaierarik gabeko hosto lehorren gainetik doaz lauhazka haran zoragarrietan zehar, aurrez gauez entzun baino ez genituen egin errekasto freskoen aldamenetik.

Hendaian bertan hil zen Pierre Loti, 1923an, Bakhar-Etchea zeritzan bere etxean. Jesuitek, ez zioten barkatuko. Liburu honetan esaten dituenengatik baino, haren eleberrietako giroagatik: “Sinesgabea, bihozgabea, inmorala”, hala agertuko da Pablo Ladron de Guevara-ren Novelistas buenos y malos indizean, beste hainbatekin batera.

Orain, sagar gorriz betetako idi gurdi haiek ikusten eman daiteke arratsaldea, haien usaina hartzen, eta itzultzaile espainola madarikatzen. Izan ere, susmoak gaitu harrapatzen, zer irakurtzen dugun itzulpenetan, zer adar inausten dizkion itzultzaileak idazleari pentsakerak horretara moldatua, zer den inguru hauetan dena ideologia nagusi bat, boterearen mintzoa sendotzea besterik.

Bibliografia:

LADRON DE GUEVARA, Pablo: Novelistas buenos y malos, Mensajero, Bilbo, 1910.

LOTI, Pierre: Figures et choses qui passaient, Paris, 1894.

LOTI, Pierre: Figuras y cosas que pasaron, Cervantes, Bartzelona, 1924.

LOUIS-LANDE, L.: Basques et navarrais. Souvenirs dun voyage dans le Nord de lEspagne, Paris, 1878.