Urruti nere menditik

*Etxegarai munduratu aurretik, lauso ta triste omen zegoen euskal egoera: edestiaren otsa ixillik, zerraldoan otz eta geldi. Goiz batean, baiņa, K. Etxegarai jalgi zan, eguzki bezela, gure gauza zarren iraultzaille.*

Gisa honetako berotasunez egiten dio harrera bere literaturaren historian Santiago Onaindiak Karmelo Etxegarairi.

Hala azaldu izan zaigu Etxegarairen figura, bera jartzen ziguten beti gurean historiaren zaletasunaren ernamuina aldatuko zuen aurreneko izen handiarena jokatzen. Gerokoak hor dira: Ildefonso Gurrutxaga, Trino Uria, Jose Artetxe, Juan Inazio Uria, Leopoldo Etxeberria, Imanol Elias eta enparauak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako probintzietako kronista izan zen 1896az gero, hemen historia edo edestia ezagutzeak garrantzi behinena hartu zuen garai batean.

Bizkaiko diputazioaren ahalegin bereziari esker izendatu zuten hiru probintzietako kronista. Foruak galduak ziren eta foruzaletasunak argudiatzeko indarra iragan historikoaren azterketan bilatu beste erremediorik ez du ikusiko. Milaka ikerketa eta lan burutu zituen Etxegaraik Gipuzkoako aldundiko artxiboak miatzen aurrena, ondoren Diputazioaren aginduz Madrilgo Liburutegi Nazionalean eta Historia Akademiako liburutegian bildutakoekin. Entzutea eman zioten bi lan *Investigaciones históricas referentes a Guipúzcoa (1893) eta Las Provincias Vascongadas a fines de la Edad Media* (1895) dira.

Liburuokin erdietsitako ospea lagungarri izan zuen oso kronista ofizialetarako har zezaten. Espainian ere izan zituen hartu-eman joriak. Tartean Marcelino Menendez y Pelayo ezagutu eta hilburukoan azken nahiaren jagole izendatu zuen Karmelo beste batzuekin batera. Eta kronista lanetan jartzen hasita Gernikan izan zuen egoitza nagusia; non bestela?

Euskal Pizkundearen garaiko fruitu dugu Etxegarai. Foruak galdu eta foruen aldeko bulkada gora datorren kultur eta politika giroan biziko da, tximinietako keak Gipuzkoa-Bizkaietan zirrimarra mardulak egiten hasiak diren aldian. Eta sutegi berriei eragiten dieten esku belztu asko eta asko foruei eta iragan ederretsiari baino, beste mundu bati begira datozela ematen du.

Historia ikertu eta ezagutu egin behar da, geure-geurea dugun izaeraren aiurriaren nondik norakoak zehaztu ahal izateko, mundu ikuskera, jaierak, dohainak, tradizioak. Jaungoikoa, herria, etxea, familia... zein etorkitatik jasoak dituen jakitera jarri zen euskaldun mordoa, foruak galdu eta nazionalismoa indartu zen bitarte horretan.

Zein asmorekin, ez dago erraza jakiten. Akaso, halako batean galdu genuen bakea eta oreka zoragarri hura bere onera ekartzeko argudio sendorik ez zekigun sekula falta? Edestia zientzia bai, baina mitoak sortzeko esku trebe arina duen literatur generoa ere badela begitandu zaigu maiz. Astia eman behar zaio, ordea, denborari.

Karmelo Etxegaraik hamabost urte zituela Zumaiako portuan lanean ari zen aita galdu zuen. Zerua goian eta lurra behean geratu ziren ama, izeba bat, bi urteko anaia txikia eta laurak. Osaba batek jaso zuen Karmelo eta ikasketak eman nahi izan zizkion Santanderren. Hara joan eta hiru urtera osaba hil eta Karmelok Zumaiarako bidea hartu zuen berriro, ikasketak erdizka buruturik. Euskal Lore Jokoen bulegoan hartu zuten, eta Luis Eleizalderi esker Diputazio-an hasi zen artxibozain. Diotenez, berak egiterik izan ez zituen ikasketak anaia Boniri eman ahal izan zizkion.

Gerra aurreko urte haietan euskal literaturan eta kultur jardunean izena da Bonifazio Etxegarairena. Poesia, historia lanak, legeen azterketak, soziolinguistika eta bestelako hainbat jorratu zituen. Karmeloren anaia zumaiarra izan zen 1932ko Euskal Autonomia Estatutuaren egitasmoa erredaktatzeko ardura hartu zuenetako bat. Karmelo zendu zenean Boni jarri zen Euskaltzaindian hark utzi zuen aulkian. Boniren ahotsa Euzkadi Irratiko mikrofonotik ozen zabaldu zen Gernikako sarraskia salatzeko. Santi Onaindiaren Milla euskal olerki eder-en bere alea badu. Eta bazuen nondik.

Karmelo zuen anaia. Espainiako Historiako Erret Akademiako kide autodidakta zorrotzaren baitan literato bat ere bizi zen. Eta literatura esatea asmatzea da, sormena da, libertatea. Izan ere, den-dena errotik kendu nahi dioten herri bat, asmamenetik eta mitoen isuri oparotik ia-ia historiaren kanil estutik bezainbatean da edateko premian.

Hala, ez da hutsa izango elezahar edo leienden lanketari Karmelo Etxegaraik eskainiko dion ahalegina. Antonio Arzak, Arturo Campion, Lopez Alen, Txomin Agirre, Gilbeau, Frantziska Inazia Arrue eta beste asko izan ziren literatur genero horri heldu ziotenak urte haietako kultur kinka aldian.

Iragan berrasmatu eta apainagoa eskaini nahiko zitzaion oraina horren aldakorra eta segurtasun gutxikoa ikusten zuen euskaldun zapuztuari.

Helburu horri buruz on dira poesia eta itzulpengintza, beharrezko dira azterketa historikoak eta biografia. Leiendek baina, badute bide zabal eta nasaia bizikera eta tradizio jatorraren ustezko ezaugarriak ikur balioraino altxarazteko. Baserria eta mendia ohiko familiaren, erlijioaren, euskararen eta arraza garbitasunaren berme eran aurkeztea, horra bideetako bat. Ez bakarra haatik.

Gainera zetorkien sasoi nahasi eta nahasgarriaren aitzinean gizarte eta ekonomia eredu sendo errotuak eskaintzeko ordua zen, bai poesian eta hitz lauz ere bai. Euskal festak suertatu ziren plaza egoki horri begira, kulturaren beste hainbat adieraz modurentzat bezalaxe. Horiek gabe agian leiendek halako piztaldirik ez zuketen izango inoiz.

.1879an, Donostian lehenengoz ospatu ziren Euskal-izkribatzalleen indar-neurtzeak, eta lehia horren aterpean hurrengo hamabost urteetan izan zuen narrazio mota horrek ezagutu zuen loraldi mugatua. Lanik aurkeztu ez zelako utzi zitzaion sarietarako deia egiteari 1894tik atzera.

Euskal kondagintza eta eleberria orduko saio haiei zordun zaie. Nahita edo nahigabe ohitura-literaturaren mintegi bihurtu ziren.

Etxegarai literatur giro hartan izan zen baten bat, bere iritziek izan zuten inorako indarra eta geriza. *Auņemendiko Lorea, Txomin Agirreren eleberri fundazionalari, eta Gregorio Mujikaren Pernando amezketarra* ospetsuari berak paratu zizkien hitzaurreak.

Garaiko euskaldungoak jakin zituen goian aipatutako ezaugarriok Etxegarairen literatur lanetan bilatzen, txalotzen eta saritzen. Literaturak izan behar zituen doaiak bere eskuz mamitzen ere jakin zuen. Malko bedeinkatuak (1898); *Antxiņako gertaerak (1898); Gurasoen zigorra (1899); Aitor-en etorrera edo Euskalerriaren asiera* (1899) dira azpeitiar idazleari argitaratu zizkioten batzuk.

Azken leienda horretan, geroztik nahiko topikoa den euskal genealogia mitikoa ageri da. Aitor, euskaldunon aitelehena, aspaldi, Noeren ontziak lehorra jo eta gutxira, abiatu omen zen segizio eta guzti Ararat mendiaren maldetatik sortaldera. Kaukasoraino heldu ziren bertan laketzeko asmoz baina, handik berriro mendebaldera jo beharko dute aitortarrek bakeagatik, eta leinu jator hori zeltekin borrokan ez akitzeagatik. Auņamendiko gailur distiratsuek liluratu zuten Aitor aitasoa Akitania aldean ikusitako pagausoei segika, eta bertan goxo egiteko tenorea heldua zela deliberatu zuen.

Zazpi esparru bereiztu zituen euskal askazi bakoitzak izan zezan non hazi eta pausa. Berez izan badira lur hau baino aberatsago egin gaitzaketenak, emankorragoak, baina inon ez da euskotarra izango mendi arte honetan bezain libre. Aitorrek aurkitu zuen munduan bere hezurrei atsedena emateko leku on bat.

Agosti Xahok 1845ean sortu zuenetik euskal mitoetan hedatuenetakoa da Aitorrena, Campionek gaztelaniaz ezagutzera eman zuen. Etxegarai, berriz, euskaldunon jatorri erromantikoari hegoak jartzen saiatu zen euska- raz.

Hala ere, literaturan aurreneko bristada, bristada itsugarriena poesian egin zuen Etxegaraik. 1882an, hamazazpi urteko zela, bidali zuen lehenbiziko poema Lore Jokoetara eta bi aipamen berezi jaso. Hurrengo urtean sariak lortu zituen Iruņean, Donostian eta Markinan. Markinako Euskal Jaietan Abadiaren eskutik hartu zuen ontzako urrea.

Ez zuen ez azken saria eta ez azken poema izan. Sariak hitz neurtuetan eta hitz lauan dozenatik gora irabazi zituen beste horrenbeste Lore Joko, Euskal Jai eta Euskal Festetan. Berrehun baino poema gehiago argitaratu zituen euskaraz, guztiak ere 1882 eta 1894 urteen bitartean osatuak.

Arrese Beitiaren tankera zuen idazteko trazan. Dena dela, hark baino emanago zuen luma loreak, mendiak eta paisaia modu aski xaloan erakustera, erromantikoen handitasun puztuari ihes eginez propio. Erlijioa, euskal pertsonaiak, euskara eta ohiturak gai larrienetakoak ditu. Poema mordoa dira une jakineko bulkadari erantzuten diotenak, poema eskainiak, urteurrenei eta ospakizunekin lotutakoak. Olerkiaren lanketari aurki utzi zion, haren lekuan edestiak, historiak, ikerketak jan zioten astia.

Nikolas Ormaetxea Orixe-k, kronistaren poeta alderdiari iritzi zion arretagarri 1927an, hura hil eta bi urtera.

*Markiņa'ko euskal-jaietan oraino ume zelarik sariztatu zutenean, itxaropen zuten euskal poeta bikaina aterako zela Etxegarai. Gaiekoa zen poesirako, bere gainerako idaztietan noizpenka nabari denaz. Gaia egokitzen ba zekien, izkuntza berez etorritsua zizun, esaera txukuna, neurtitza erreza eta ongi ebakia. Zergatik utzi zion poesi egiteari? Eztakigu. Mingarri da bere bizieran geiago ez ari izaitea.*

Neurtizlari eta poesian ari dela ere galtzear den mundu baten isla bistakoa da. Arrese Beitia izendatu berri dugu, baina hor dira Grazien Adema Zaldubi edo Elizanburu, baserriari, euskal xoko jatorrari, euskarari, fede zintzoari eta mendi goi garbiari beti kantari. Giro eta garai bertsuan, antzeko airetan ondu zen, egin zen Etxegarai poeta. Baina nola esan? Idazleok tradizioaren maitale sutsu izanagatik eta katolikotasun hertsi bateko parte sentitu arren, literatura zibil bihur zedin urratsak eman zituzten idazle ere badira.

Azkenera jo aurretik alderdi esanguratsu bat bada oraindik. Azpeitiko kalean jaio eta herririk herri eta hiririk hiri bizi izandako gizona, noiznahi Santander, Donostia, Madriletan dabilen kale-ume ikasiaren testurik ezagunena, zein bihurtuko eta, Sakabi eta Egaņazpiren hauspo-larruek hit bilakatu zuten bertso sorta. Joandako egunen minez, eta, seguru asko, gizartean, politikan, ekonomian, kulturan datozkeen aldaketen aurrean kezka lauso batek hartutako hitzak. 1886an Euskal-Erria-n argitaratu zenerako urrutikoa zen postal bat.

Menditar baten kantua

Urruti nere menditik
Joan nintzan dirutu nairik:
Urrutiyetan laster biotza
Naigabez erdibiturik,
Gelditu nintzan tristerik,
Pake santua galdurik.

Nere biotza zegoen
Euskal-erriyan pensatzen,
Egun guztiyan, gaubaz oro-bat
Beti zitzaidan oroitzen,
Zer gozo nintzan bizitzen
Aurcho nintzanean emen.

Gogoan nuen echea,
*Gaztaņ-artean gordea:*
Mendiska baten agertutzen zan
Eleiza chukun maitea,
Bertako-ezkill dorrea,
Ainbat oroitzez betea.

Arkitzen nuen guztiya,
Zan neretzat mingarriya:
Denak gogora ekartzen zidan
Mendiyan nuen biziya,
Ango pake naigarriya,
Ango zorion eztiya.

O mendi biyotzekoa!
O nere kabichuloa!
*Zugan neretzat diz-diz egiņik*
Dago izate gozoa,
Ala nola intz-tantoa,
Apaindurikan ostoa.

Chori bat bere kabiyan,
Dago pozez lertu naiyan:
Ala ni ere arkitutzen naiz
Nagoenean mendiyan,
*Gaztaņa zarren azpiyan,*
Aitonen jayo-tokiyan.

Emen igande goizean,
Mezara ezkillak deitzean,
Zenbat oroitza gozagarrizko
Senti ditut biotzean!
A zer poza barrenean
Eleizarako bidean!

Orduan egun-sentiyak
Argi-zituen mendiyak:
*Ezkill-soņuaz batera zuten*
Gogoz kantatzen choriyak;
Loreak, intzez bustiyak,
Zabaltzen zeuden orriyak.

Dena zegoen ederrik,
Guztiya pozez beterik:
Intza, loreak, choriyak, dena
Zoriona kantaturik,
*Baņa guztiyen gaņetik,*
*Ni negoen atsegiņik.*

Ez naiz, ez, Jauna, geiago
Nere menditik joango:
Aitzurrak nere lagun dirala
Baserriyan naiz biziko,
Zuri eskerrak emango,
Pakez bete nazulako.

Bibliografia:

ETXENAGUSIA, Karmelo: Euskal Idazleen Lorategia, CINSA, Bilbo,1969.

ONAINDIA, Santi: Euskal Literatura III, Etor, Donostia, 1974.

ORIXE: “Euskal literatura’ren atze edo edesti laburra”, Euskal Esnalea, Donostia, 1927.

SAN MARTIN, Juan: *Gogoz. Gure herriko gauzak. Cosas de nuestro país*, Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, Donostia, 1978.

URKIZU, Patri; XARRITON, Piarres: Anton Abbadiaren koplarien guduak, Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1997.