Sarkina

El Intruso eleberria 1904ean eman zuen argitara Vicente Blasco Ibañez valentziar idazleak. Mugimendu errealistako kide jotzen da, eta lan horretan Bilbo inguruko giroa eta Bizkaiko Ezkerraldeko meatzarien bizimodua hartu zuen kontagai. Meatzeetako burgesia eta langile klasea eratzen ari den aldi horretako tentsioak gordin islatzen ditu. Auzi sozialak oparo erabili zituen urte haietako liburuetan, eta egilearen ideologia errepublikazale eta antiklerikala erakutsi zuen eleberri horrek ere. Gizarte mailako bidegabekerien eta ilunkeriaren salaketa zertzeko tresna ere izango du literatura. 1903ko urriaren 11ko Bilboko gertaera larriekin amaitzen da nobela. Borrokaldi eta istilu gorriak izan ziren Bilboko kaleetan katoliko eta antiklerikalen artean. Makilekin eta tiroka eraso zioten elkarri, hildako bat eta zauritu asko izan ziren. Urte bereko urriaren 17 eta 18an hasi zen, bestalde, meatzarien greba orokor luze eta gogorra.

Baina horraino iritsi baino lehen, eta gertuagora begira jarrita, Blasco Ibañezen lan entzutetsu honetan bada atal bat ia oso-osorik gure bailaran gertatzen dena. Euskal Jaien aitzakian, eta Zierbenako Txikito eta Azpeitiko harri-zulatzaile baten arteko apustua dela-eta, Azpeitira ekarriko du egileak Luis Aresti bilbotar doktorea, nobelako pertsonaia nagusia, eta bere begiz inguruotako orduko jendea ikusteko parada izango du, eta bailarako biztanleez, mundu ikuskeraz, Loiolaz eta San Inazioz gogoeta mamiak isuriko ditu.

Azpeitia ikusten zuen aurreneko aldia zen, trenbideak urrunetik ukitzen zuen euskal lurraldeetako txokor eder hura, arrazaren izpiritua eta tradizioak bertan aterpe hartua zutela zirudiena. Hura zen San Inazioren herria. Handik minutu gutxitara, bailararen erdi-erdian, Loiola zegoen, komentu gaitzarekin, etxetzar-jauregi haren zatartasunak doktorearen jakin-mina zirikatzen zuela. Ordenako Jeneral berria hautatu behar zenean, munduko bazter guztietatik etorritako jesuitismoaren ordezkariak biltzen zituen Egoitza amaren, kuartel tankerako eraikin haren itzalak bailara eta mendiak hartzen zituela ematen zuen, bertako biztanleak bere tankeran eratuz.

Arestik jendetzaren artean San Inazioren azpegia gogoratzen zioten bisaia asko ikusi zituen. Begitarte gogor, soraio, izotzezko tinkotasuneko haiek, ospe handiko nortasun bakun baten ezaugarri jotzen ziren haiek, arraza oso bati ere bazegozkion.

Balkoietako emakumeei ere erreparatu zien sendagileak. Eme bizkaitarrek baino itxura nabarmenagoa zuten, halako lizun eta biguntasun ukitu batekin, Gipuzkoari askok egozten ziotenEuskal Andaluzia” *titulua gogora ekartzen zuena, baina bazen haien begiradan ar espresio indartsu bat, Vendée-ko heroisa fanatikoak gogora zekartzana*. “Giri”-arenganako ezinikusia, legezko erregea botatzeko auskalo nongo probintzietatik etorritako espainiar galtza gorridunenganako gorrotoa, belaunaldiz belaunaldi gordetzen zen oinordetzan bezala. Plazan ziren gizonezko nagusi guztiek inoiz jantzia behar zuten, seguru asko, Gipuzkoako tertzioetako kapa eta gogoan izango zuten mendietako erregea, bizar beltz handiarekin eta begien gainean txapel zuria jantzia zuela.

Eibar, bere arma fabriketako behargin jendetzekin, liberala eta ez oso erlijioari emana, gertu zegoen, baina munduaren beste muturrean zela zirudien, bi herriak bereizten dituzten mendiak gaindi ezinak balira bezala.

Azpeitiko etxeek ate guztietan ageri zituzten Jesusen Bihotzaren plaka handiak. Horixe zen kanpotik nabari zen erlijiotasun ezaugarri bakarra: ez fede erronkarik eta ez berotasun zirikatzailerik. Gauza horiek debozio epeleko eta Jainkoaren egiak etsaiak dituzten herrietan behar dituzte. Bailara osoan, erlijio giro lasai eta fidakorra indarrean zen nonbait, Erdi Aroan bezala, fedeaz gutxien arduratu zen garaia hain zuzen, artean zalantza eta fedegabetasuna bururik altxatu gabeak baitziren. San Inazio dontsuak zapaldu zuen lur hartan errebeldiarako joerak sortzea hain zen burugabea, hain ezinezkoa, ezen pentsatze hutsak berak munduari ospe unibertsaleko santua eman izanaz harro zegoen jende uzkur hari barrea eragingo bailioke.

Eguerdi ostean idi demak amaitu ziren eta jendetza herrian sakabanatu zen.

Postal kostunbrista politak ematen ditu Blasco Ibañezek Aresti doktorearen bitartez. Bi mundu jarriko ditu aurrez aurre, Bizkaiko meatze alde maketotzen hasia, fedeari eta tradizioari hotzago zaiona, liberalagoa eta industriala batetik, eta bestetik Urolako jendarte atzerakoi eta foruzale itsua. Kolore biziz margotzen du bertsolarien jarduna eta apustuen giroa Azpeitian.

Nazioartean izena hartu zuen idazle horrek —Hollywoodek eta zineak abegi egin zieten bere lanei, bereziki Los cuatro jinetes del Apocalipsis (1914) eta Sangre y Arena (1908) eleberriei— deskribapen zehatzak eskaintzeaz batera bailara honen psikologiaren eta soziologiaren ikuspegia ere eman nahi izan zuen.

Blasco Ibañez, Parisen izan zen garaian Zolaren eragin nabarmena jaso arren, XIX. mendeko errealismoaren azken ordezkari nagusia da. Rodolfo Valentinoren mitoa jaso zuten filmeen artean goian aipatutako biak daude 1920ko hamarkadaren hasieran. Ondoren, haren nobeletan oinarritu pelikuletan ibili ziren artista ezagun askoak: Greta Garbo (The Torrent, 1926), Tirone Power (Blood and sand, 1941), Vincente Minnelli (The 4 horsemen of the apocalypse, 1962), Sharon Stone (Blood and sand, 1989).

Apustu eta trabes kontuak Azpeitian kitatu ostean, Aresti doktoreak ezin utziko du betiko Urola aldea biharamunean Loiolari bisitarik egin gabe.

Loiolako inguruak eta zoko-moko gehienak xehetasun handiz erakutsi nahiko ditu Blasco Ibañezen eskuak nobela errealistari dagokion legean. Eskale bat porteriaraino lagun duela, handik atzera Lotik eta Etxeparek bezala, beti bat bera dela irizten diogun jesuita izango du gidari Aresti doktoreak. Mirestu egingo du santutegiaren handitasuna, itsusia deritzon arren, kaserna baten itxura hartua baitzion aurrenetik. Etxe Santua, aldiz, bere apaltasunean neurrikoago zaio, ederragoa.

Halako batean konbertsioko gelara iritsi dira jesuita eta bisitaria, eseritako santu zaurituaren irudiaren aurrera.

Anaia hitz egiten ari zen bitartean, doktorea, gosna-aulkian etzandako argizarizko txankamaloari begira, gizon ilun hartaz pentsatzen jarri zen, mundua bere izenarekin bete zuen nortasun korapilatsuko euskaldunaz, haren bizitzako aldi bakoitza kontraesan bortitz bat izaki. Aurrena, soldadu harro eta dotorea, eder agertzearren eta bere herrikoen zakartasuna galtze aldera gorputza martirizatu eta elbarritu zuena. Ondoren, mundu honetako arrakastak amaitu zaizkiola ulertuta, gogo kementsu baten indar osoz sortzen den arrazaren fanatismoa... Orduan santutasunaren eromenak nahastuko du: apala eta hezikaitza da aldi berean, Amabirjinaren matoi bihurtu zen, haren kontra birao egin zuen morisko bati labankadaz eraso nahian, eta handik gutxira Salamancako ume zaharrek harrika eman zioten, zorotzat hartu zutelako, Asisko San Frantziskorenak egin nahian bere arlote irteera jainkozaleak ikusirik. Ordea Unbriako bakartiaren gozotasun poetikoak, santutasun ameslari hark ez du tokirik euskaldun baten nortasun positibo eta praktikoan. Bere burua Jainkoari eskainia dionez, helburu lurtar eta bat batekoa behar du. Ondo dago santu izatea, baina horrek ikusi eta ukituko den zerbait lortzeko balio izan behar du. Borrokalari sena arrapiztu zitzaion. Protesta luterzaleak erasotako Elizak laguntasun bortitza behar duela ikusi eta erlijioa kanpamentuko larderiara darama, Ordena bat ez baizik eta Konpainia bat fundatuz, Aita Santuei eskaini zien armada beltza antolatuz, bere burdinazko borondatearen moldean heziz soldaduak, familiarenganako maitasunik gabe, nork bere iritzirik gabe, automaten zurruntasunaz, garaiezin bihurtzen dituen soraiotasun horrekin. Aszeta gudalburu bihurtu zen, eta bere bizitzako hondarreko herenean, umeteriak harrikatutako arloteak aitasantu-orde airea hartu zuen, beretarrek jeneral esan behar zioten, Erroman bizi izan zen printze artean Europako intriga bihurrietan parte hartuz, eta hartu zuen indarraz eta herri latinoak bere abaroan gordeta, behin behinekoan katolikotasuna salbatu izanaz harro hil zen. (...)

Erlijioaren merkatari miresgarria izan zen; kiebra jotzeko zorian zegoen Erromaren denda salbatzeko garaiz sortu zen talentu praktikoa, hango negozioak zuzendu zituena, norabidez aldatu eta, bere Konpainia, Jainkoaren aintzarako jendearen grinak eta ahultasunak baliatuta munduko bazter guztietan ibiltzen ziren katolikotasunaren komisionisten talde diziplinatu hura, fundatuz.

Jesuitak Loiolako txoko gehienak erakutsi zizkion Aresti doktoreari, baratza ere bai. Han topatu zuen gogo-jardunetara joandako lehengusu bilbotar aberats okitu bat.

Hurrengo kapituluan Portugaleteko trenean ikusten da sendagilea meatzari artean, baina ez dago Azpeitian aurkitu zuen bezalako trabes saltsarik, ez festa usainik. Mitin handia egin behar dute Bilbon, nagusi egoskorrei beren indarraren neurria erakusteko.

Blasco Ibañezek Bilbo inguru industrialak 1903an bizi duen aldaketa giroa, gizarte gatazkak eta bi munduren arteko talka islatzen ahalegindu zen: betiko jendarte industria aurreko eta nekazaritzari emana, Bizkaia tradiziozale eta katolikoa batetik, eta gizarte berria, proletarizatua, ideologia berrien aldeko eta maketoa bestetik. Tradizioei lotutako euskal lurren lagina erakusteko garaian, ordea, bailara hau baino paradigma hoberik ez zitzaion bururatu.

Bibliografia:

BLASCO IBAÑEZ, Vicente: El intruso, Ediciones De Librería San Antonio, Barakaldo, 1999.