Euskal akademia bat

Lehen Mundu Gerra amaitzearekin bat, Europako mapa guztiz eraldatu da. Han-hemen, inperio handien menpe bizi izan diren herriak atera dira azalera. Estatu berrien garaia da: Txekoslovakia, Hungaria, Finlandia... Kultura nazionalek, eta beraz, ordura arte bazter bizi izandako hizkuntzek damaiote tornuia mende berriari.

Piztualdi honetan, arestian esan bezala, Espainiako errege Alfonso XIII.a aurrean delarik, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia sortzea erabaki dute Hegoaldeko lau diputazioek Oñatin. Giro honetan hasi zen nolabait euskara lantzen luzaroan erdaletxe izan zen Loiolan.

Baldintzak, konpainia barruan, egokiagoak ere baziren. 1918an bertan, jesuiten probintzia bakarra osatzen zuten Gaztela eta Leon banantzearekin, bakoitzaren autonomia handitu egin zen. Jesuiten ikuskatzaile zen Aita Boettok hiru urte geroago Loiolara egindako bisitan euskara dela bertako hizkuntza eta zaindu beharra dagoela esatea ere, bultzada handia izan zen. Baina batez ere gizonak, jakineko jesuita batzuk izan ziren euskal letren aldeko giroa sortu zutenak.

Raimundo Olabide gasteiztarra bazen nor ordurako. Sortu berri zen Euskaltzaindiko kide, bazituen liburu batzuk idatziak, Kempisaren bertsio bat, Kistoren antz-bidea (1920), eta anatomiari buruzko lan didaktiko bat, *Giza-soiña* (1917), besteak beste. Izarraizpean Olabideren pasera-lagun zen Frantzisko Apalategi donostiar historialariak ere, bultzatu izan zituen jesuitagaiak euskaraz idaztera. Sasoi honetakoak dira josulagunen eskoletan sortu ziren lehen Euskal Akademiak.

.1920an eratu zen lehena, Burgosko Oñan, eta 1907-1909 tartean Loiolan nobiziatua eta humanitateak ikasten izan zen Nikolas Ormaetxea Orixe zuen buru. 1922an antolatu zen Loiolakoa, eta aipatu berri dugun Apalategi izan zen bertako zuzendari urteetan. Akademian, euskal gramatikari buruzko eskolak ematen ziren nagusiki. Ordukoa da Olabidek eginiko euskal aditzaren taula, gerora Frantzisko Korta azpeitiar jesuitak ondu eta moldiztegira eramango duena. Literaturari dagokionez, berriz, sarritan, Ama Birjinaren egunak eta antzeko jaiak aprobetxatzen ziren ikasleei gai jakina zuten olerkiak idaztarazteko, ariketa gisa. Gero, nahi izatera, non argitaratu ere, bazuten. Hor zeuden, esate baterako Aldizka agerkaria, Loiolako gazteek argitaratzen zuten Deya, eta batez ere Bilbon kaleratzen zen Jesusen Biotzaren Deya.

Martxan zegoen eskolaren zuzendaritza hartu eta Europako literaturaren bidea erakustea izan zen Jose Maria Estefaniak hartu zuen eginbeharra 1924an Loiolara heldu zenean. Estefaniarekin, klasiko greziar eta latindarrez gain, alemaniar erromantikoen berri izateko aukera zuten ikasleek, hala ezagutu zituzten frantziar sinbolistak, Petofi hungariarraren poemak, Verdaguer eta Maragall katalanenak, Mistral proveltzalarena... Munduko literatura, Loiolan bildua.

Haize horrek bultzatuta hasi ziren jesuitagaiak euskaraz idazten. Tartean, gerora izen handiak izango direnak, Loiolan egin zuten elkarren ezagutza. Estefaniaren eskola honetakoak ziren Andima Ibinagabeitia, Jokin Zaitegi eta Estepan Urkiaga Lauaxeta.

Loiolak elkartu bazituen ere, ez ziren, horregatik, guztiak egoera berean heldu. Ibinagabeitia zen hiruetan euskaraz ondo moldatzen zen bakarra; Zaitegik eta Lauaxetak herdoilduago zuten etxeko hizkera. Loiolako Akademia, alde honetatik, pizgarri izan zitzaien, loeroan zuten kontzientziaren suspertzaile bizkor. Jokin Zaitegiri emango diogu hitza, ordukoaz gogora dadin:

Baina gauzak nolabait behar eta Aita Apalategik zituen liburuak aztertzeko baimena eman zigunez, egun bateanAmi Vascoaurkitu genduen Andimak eta biok...

Nire aita liburu hau dela-ta hil zen”, “Ta, zertaz ari da, ba?” esan nion nik. “A, nik ez dakit”... Nik hartu nion liburua eta esan nion: “Seme batek jakin behar du zer dela-ta hil den bere aita”.

Hartu genuen liburutxoa eta Loiola ostean dagoen Txalintxo erreka ertzera joan eta sasipean jarrita goitik behera irakurri genuen. Eta bukatu genuenean hala esan nion: “Gu euskaldunak gera eta euskara sakon ikasi behar dugu”. Zabaldu genuen liburutxoa gure artean eta denak erori! Salatari bat izan dugu tarteko. Deitu zidaten, eta berebizikoa! Halaxe ziren gauzak, orduan eta gerokoak... Begitan hartu gintuzten.

Gertaera, aski ezaguna da, eta oso esanguratsua. Zuzendaritza, literatura irakasle zuten Aita Errandonea beratarra-eta, Loiolako gazteen artean ernetzen hasia zen kontzientzia apaltzen ahalegindu zen, antza. Kontrapisua Loiolan bertan zegoen ordea, lehenengo aldiz Larramendiren garaitik. Gorago aipatutako irakasleen izenei Jorge Agirrerena erantsi behar zaie, Juan Jose eta Felipe Goikoetxea anaia zeanuriztarrena, Felix Areitiorena...

Ikasleak zein ziren gogoratzea merezi du, hainbatek gerora izango duten itzalarengatik euskal letretan. Talde hartan ziren arestian eman ditugun Andima Ibinagabeitia, Jokin Zaitegi eta Lauaxetaz gain, Plazido Mujika hiztegigilea; Raimundo Argarate urretxuarra, kantagile eta olerkaria, Asia ekialdera bidalia, txinera eta Filipinetako visaya ere ikasi zituena; Frantzisko Sarobe; Aizarnako Segundo Azkue; Zorion bidea (1980) liburuaren egile izango zen Migel Zubiaga segurarra, eta baita gerora bailaran sermoilari ezagunak izango diren Hilario Gaztelumendi eta Juan Goikoetxea ere...

Azkoiti-Azpeitietakoak, berriz, Korta anaia biak, azpeitiarrak, Frantzisko eta Felix; eta Azkoitiko Bittor Aginagalde eta Gillermo Larrañaga. Zerrendan, ezin aipatzeke utzi Loiolako Ormaetxe baserriko bi anaiak, Argia astekarian hainbat narrazio labur idatzi eta Lizardi beraren arreta bereganatu zuen Jose Goenaga eta honen anaia gaztea Iñaki, olerkari fina eta besteak beste Schiller-en Wilhelm Tell itzuli zuena (1934-1935) eta 2005.urtean berrargitaratu dena.

Loiolako Akademiako garai hartakoa du Iñaki Goenagak olerki hau, Aitzolek eskatu, orduan argitara eman eta gure artera Santi Onaindiari esker heldu dena:

NESKA ITXUA

Begian pupua, begia itxua,
Argiaren billan urrun ba-nua.
Jun eta erori, or nazu, Ama!
*Baña begi itxuak urrun narama.*

Urrundik laisterka aldapa gora,
mendirik mendi goi-goiko basora;
Zugana, laister natorkizu...
Bai, Ama, or nijoakizu!
Begian pupua, begia itxua,
Argiaren billan urrun ba-nua.
Jun eta erori, or nazu, Ama!
*Baña begi itxuak urrun narama.*

Akademiak 1932ko otsailean eman behar izan zion amaiera jesuiten barruan ezagutu izan den euskararen aldeko saiorik handienari, Espainiako Bigarren Errepublikak Konpainia kanporatzea erabaki zuenean. Gaztela probintziakoak Belgikarako bidea hartu zuten, eta hala, Marneffe-n babestu ziren Oñakoak eta Tournai-n Loiolakoak.

Aita Estefaniaren talde hartara biltzen azkena, Patxi Etxeberria andoaindarra izan zen. Apaiz izana Loiolara heldu aurretik, 1933an Urretxun ospatuko zen Olerti Eguneko garaile izango da hurrengo urtean, “Bost lore” poemarekin. Loiolan, ez zuen ezertarako astirik izan. Uztailean iritsi eta otsailean abiatu zen Belgikara, besteekin batera, kanporaketa zela-eta. Txinan ibili zen misiolari luzaroan, kontinentean aurrena, Maoren iraultzarekin Taiwanera aldatu zen arte. Gero, Filipinetara. 87 urte zituela, 1987ko abenduan itzuli zen erbestetik abiatutako tokira, Loiolara. Euskal Herria ez da inondik ere mende erdi lehenago utzi zuena:

Loiolara ekarri naute. Etortzerik ez nuen eskatu. Berrogeita hamalau urte handi erbestean eman ondoren... lehengoa ez da Euskadi. Gizartea erabat aldatu da. Hau ez da nik utzi nuen Euskal Herria, ez burubidez, ez hizkuntzaz.

Aitzolek meritu handiak ikusten zizkion olerkari hark, “*cuyo principal mérito ha sido el escribir una poesía culta con materiales y símiles populares, imprimiéndole un matiz primitivista encantador*”, olerkari izaten segitzen zuen. Ez zion sekula utzi izateari. Jar dezagun, baina, Elixabete Garmendia amaiera kontatzen:

.1989ko azaroaren 16an, Ellakuria jesuslaguna eta beste zazpi lagun hil zituzteneko sarraskiaren berri jaso eta bertsotan goralduko ditu. Hamabost egunera, Tomas Garbizu musikagile lezotarraren heriotza izango du aitzakia gogoetarako:

Eguna bezain laster
Urteak amaitu:
Zabalik ataria
Andik nai det sartu.
Goibelaldi txatxuak
Betiko baztartu...
Biotz barrengo labe
Ez det nai banatu.

Papera idazmakinatik atera gabe zeukan artean, heriotzak lo harrapatu zuenean.

Bibliografia:

AITZOL: “Nuestros poetas. El actual florecer de la poesía euskaldun”, El Pueblo Vasco, 1935-IV-21.

ALTUNA, Patxi (editore): Jose Mª Estefania Zabala, ‘Maestro de vascos’, Mensajero, Bilbo, 1990.

ALTUNA, Patxi: “Jose Maria Estefania Zabala (1889-1942)”, Euskera XXXV, 1990.

ETXEBERRIA, Patxi: Lan guztiak, Hiria, Donostia, 2000.

ONAINDIA, Santi: Milla euskal-olerki eder, Karmeldarrak, Amorebieta, 1957.

SCHILLER, Friedrich: Wilhem Tell, EIZIE- Alberdania, Irun, 2005.

Deia, 1977-12-8.