Gerra gurean

Ia inork aurre egin gabe sartu ziren Soltxaga koronelaren erreketeak Azkoiti-Azpeitietan. Irailaren 20an ziren hemen, eta bistan da, Iruñetik atera zirenetik pasatu ziren bi hilabete haiek aski izan ziren bazter hauetan jende askoren bizimodua mudatzeko. Gehienak poztu egin ziren, aldeko zituzten militar matxinatuak. Beste askorentzat, urteetako hondamendiaren hasiera izan zen. Guk, zortea alde dugu. Egun haiek nola bizi izan ziren ezagutzeko, bertan izanikoen eskutik jakiteko modua baitugu. Batzuetan euskaraz, besteetan gazteleraz, dokumental bat egiteko adina material, bada.

Bost dira, Estornes Lasaren memoriak albo batera utzita, guk dakigunez, hilabete haiek eta zenbaitetan baita ondorengo urteak ere, bi herriotan zer izan ziren ikusteko balio diguten liburuak.

Azpeitian, Ediciones Gudarik 1964an erbestean plazaratutako Iñaki Azpiazu apaizaren *7 meses y 7 días en la España de Franco liburuxka dugu alde batetik, eta Jose Artetxeren egunkari gisako El abrazo de los muertos ezaguna bestetik, gordean eduki eta 1970ean bere adiskide Unzurrunzagak Zarautzen argitara eman zuena. Bestalde, ezin bazter utzi, berriki Miel Anjel Elustondok Azpeitiko Uztarria aldizkarian elkarrizketatu duen Antonio Loinazen Nire oroitzapenak* gogoeta liburua ere, oraingoz etxekoentzat eginiko edizio mugatuan errenditu dena.

Azkoitian gerra nola bizi izan zen jakiteko, berriz, hiru lekukotasun idatzi behintzat heldu dira gureganaino. Argitara ematen aurrena Anai arteko borroka Azkoitian izan zen, Simon Aranbarrik idatzi eta1989an editatua. Liburuak badu Aranbarriren izkribuaz gain, oso eranskin baliotsua, Azkoitian urteetan apaiz egon zen Jose Izurrategiren egunerokoa, gazteleraz idatzia. Gudarien bizimodua zer izan zen jasotzen duen bakarra, berriz, Iñaki Isasmendiren Nire denboraldiko ibilerak (2000) dugu.

Hiru gazteleraz, bi euskaraz. Hiru apaiz, idazle bat, bi gudari. Batzuk biktima, besteak irabazle. Bost lekukotasun, gerra eta gerraostea bizitzeko bost era. Dokumental ederra egin liteke utzi diguten materialarekin.

Azpeitian jarriko dugu kamera lehenbizi. Irailaren 20an, Iñaki Azpiazu herrian bertan zegoen. Igandea zen.

Gobernuaren agintearen azken uneak ziren. Isiltasuna eta ezinegona. CNTko berrogei afiliatu muino baten magalean jarri ziren, oso ondo ikusten nituen; ehunka katoliko zeuden elizan, Meza Santua entzuten.

Denbora tarte honetan azken aldiz, kaleetan barrena ibili nintzen. Nire moduan sotanaz jantzita zebiltzan jesuita batzuk agurtu nituen. Etxean sartu nintzen, gertatuko zenaren zain.

Goiz hartan bertan, hamar eta erdietan sartu zen matxinatuen lehen ibilgailu blindatua; inguruak aztertuko zituzten dozena bat errekete zekartzan eskolta gisa. Geroxeago, armada sartu zen. Martxa militarrak jo ziren, kanpai hotsa nagusitu zen; oihuak eta gerra kantuak airean. Molaren tropen desfilea ikusi nuen.

Erreketeak eta falangistak, goitik behera hornituta, ikurrak eta eskupularioak zeramatzaten paparrean eta Jesusen Bihotzaren irudiak fusiletan zintzilik.

Garaile zebiltzan, aurretik begirada harroko buruzagiak eta gerrian pistolak zeramatzaten kapilauak zituztela. Gerra kantuak eta elizakoak, “Viva Cristo Reyoihuak Ama Birjinaren eta Hostiaren kontrako maldizioak nahastuz. Neure adiskide bat ikusi nuen euren artean, apaizgaia zen.

Hurreratu eta galdetu nion:

Zer dira hauek?

Zer zabiltza?erantzun zidan—. Baina hemen gelditu zara?

Eta zergatik ez? Elizaren dotrina sozialari jarraitzen dion demokrata kristau batek ezin al du hauen ondoan bizi ala?

Ikusiko duzu, ikusiko duzu... hauen atzeko lerroa hilerria daerantzun zidan.

Une horretatik atzera Francoren Espainiaren garai berrian geunden. Una, Grande y Libre.

Liburuan kontatzen dituenak, pasarte honetan bildurik daudela esan liteke: apaiz bat irabazle izango direnen gurutzetik ihesian. Hori izango baita Iñaki Azpiazuren bizitza: ihesa. Azpeitian etxez etxe aurrena, herrian bertan preso gero. Hortik atzera, batetik besterako ibiliak, babes bila Gasteiztik Iruñera bikarioarenetik gotzaiarengana, apaiz faxistatzat pasatuz Burgostik Lapurdira. Argentinara ondoren, hango euskal komunitatearen kapilautzara. Francoren garaipenaren 25. urteurrena zela-eta, Sabino Egiak Caracastik eskatu eta Azpiazuk Baionan grabatu eta gero idatzira pasatako lekukotasunak faxistek herrian egindako bidegabekeriak salatzen ditu. Euskal apaizen kontra eraman zen estrategian ematen du begia. Apaiz katoliko baten gogoetak dira, gertaerak eta salaketak nahasirik.

Kamera Azkoitiko plazan dago orain. Irailaren 19a da. Herriko agintariek, faxistak sartzeko gertu zeudela entzun, eta Juin Torreko kartzelan zeuden atxilotuak askatzea erabaki zuten. Herriko karlista ezagunak ziren gatibu zeuden gehienak. Kontalaria Simon Aranbarri da, umea garai hartan.

Agorraren 20gn eguneko egunsentian, guda-lekuetatik atzeraka ta iesika zetorren CNTko miliziano talde aundi bat, baserri orretan gelditu zan. Denak, eren su-izkilluekin.

Bestetik, goiz orretan, azkoitiar talde aundi bat, guda tresnarik gabe, banaka banaka zalapartaka baserri alderutz zijoan.

Igande goizean Juin Torretik ies egindako presoak ziran.

Geienak , Kuku-Erriko bidea, zergatik artu zuten?

Itxura dagonez, nazional gudaroztearen aurrekaldean bultzaka zetozen napar reketeekin lenbailen elkar ikusteko asmoz.

Eta azkoitiar taldeko gazteenak presaka ta bizkor abiatu ziran. Elkarrekin topo-egitea, Larrume Txiki aldean izan zan.

Ortarako, Larrume Txiki’*ko maldan gora zijoaztela, goiko muñoan, beste gizon talde aundi bat agertu zitzaien*.

Zeintzuk ote dira? Guretarrak ote dira? Galdetzen zioten alkarri.

Azkeneko metroak kezkaz igo zituzten.

Bereala, CNT’*ko taldea, aizemaille edo abanikoaren antzera, zirkulo aundi bat egiñaz zabaldu zan.*

Juin Torreko presoak berriz, azkenengo aldapatxoa, beetikan goruntz, zuzen igo zuten.

Lenbiziko taldearentzat atzera ies egitea, oso zaila zan.

Alde batetik eta bestetik, fusil tiroen barruan aurkitzen ziran.

Zazpiko talde aurrelariaren atzetik, bide tarte aundirik gabe zijoaztenak, ala olako usai txar bat, asiera asieratik artu omen zien.

Ez omen zitzaien, ez txapel gorririk, ez bandera gorri-oririk eta ez rekete jantzirik ikusten.

Viva!” deadar bat ere, ez omen zitzaien entzuten.

Bestetik berriz, erri-gudariek... “Hermanos vascos, venid!”.

Somos hermanos vuestros”! “Subid”!... esanaz ekin omen zien.

Lenengo zazpi gazteen atzetik zijoaztenak, zerbait konturatu zirenean,Guretarrak ez dituk”...! “Reketeak ez dituk”...! “Milizianoak dituk”...!, esanaz, maldan beera korrika ekin omen zien.

Ondorengo gertaerak ezagunak dira oso, gazte hauexek izan baitira urteetan gerra martiri bakarrak Azkoitian. Antza denez, anarkistek Larrume Txikira lehenengo heldu ziren zazpi gazteak hartu, eta Loiolara jaitsita, Iraetara eraman zituzten, han zuhaitz baten ondoan fusilatzeko. Hurrengo egunean pasatu ziren Soltxagaren tropak handik.

Simon Aranbarrik honelako kontu asko dakartza, apaiz lanean ibili delarik batean eta bestean jasota, ordura arte inork ez bezala herriko jendearen izen, abizen eta gaitzizenak paperean ezarriz, nor zen bata, nork egin zuen hura eta nork bestea. Elkarrizketez-eta dramatizatua, datu jakingarriz jantzia, gogoetez hornitua, liburu interesgarria da, inondik ere Aranbarrirena.

Faxistak herrira sartzen, eta mundua ihesi. Artetxek ere badu zer kontatu lehen ordu hauetaz:

Azkoitiko irteerak eskuetan pistolak zeramatzaten mutilek zituzten hartuak. Oinez itzuli nintzen, ezinezkoa zen automobil bat topatzea. Bidean, jende asko ihesi, aldean zeramanarekin bakarrik. Salbe ondoan, bide ertzeko Ama Birjinaren irudiaren ondoan, Don Julian Lojendiok tristuraz begiratzen zion jendearen ihesari:

Baina nora doa jende hau, Artetxe, nora doa?

Azpeitiko errebalean koltxoiz eta gainerako gauza gutxi batzuekin betetako kotxe partikular batzuk zeuden. Ume batzuk irribarrez automobil baten barruan, ezusteko bidaia haren aurrean. Bien bitartean, etxekoak presaka batean ari ziren, arropa fardelak biltzen. Karrera batean, adineko emakume batzuk, negarrez ari ziren:

Au da ba gerrie, au da ba gerrie!

Plaza Nagusian udaltzaina bandoa irakurtzen ari zen. Militarrak ber-bertan zirela eta tren bereziak zeudela nahi zuten guztientzat. Edonon, ihesi zihoazen gizonak, emakumeak, mutilak eta neskak.

Hala atera ziren errepublikaren aldekoak Bizkaia alderantz, atzean etorkizuna ez beste guztia utzirik. Iñaki Isasmendik hogeita bi urte zituen, eta Loiolako komentuan eratutako Itxarkurdia bataloian zuen izena emanda. Orain kamera ez dago herrian, gudariak darama aldean. Irailak neguari utzi dio tokia. Araban dago gaztea, Legutioko frontean.

.1936ko Gabon jaiak basamortu hartako zuloetan pasatu genituen. Tiro gutxi izan zen, bare zegoen inguru guztietan, baina hotz zen, bizikera gogorra suertatu zitzaigun. Honetara eta hartara, eta jateko aukera handiegirik ez genuen arren, tripa betetzen genuen behintzat. Egun guztietan gauza bertsuak genituen jateko, baina tira, eusten genion. Lagunarte ona genuen osatuta elkarrekin. Gabon egunean Bermeoko arrantzaleen eskutik etorri zitzaigun ezustekoa. Beren borondate onena erakutsiz, bisigua izan genuen jateko, beraiek harrapatu eta borondate onenez bidalia. Egun oroitzagarria benetan gu guztiontzat.

Negu hartan, baso hotz haietan pasa genituen egunak. Ondo gogoan ditut oraindik ere, hain ziren gogorrak. Baina ahal bezain animoso igaro genituen, gure ustez herriaren mesedetan ari ginen borrokan, egiten genuen guztia gure aberriaren alde egiten genuen, eta horretxek pizten gintuen.

Isasmendik, aurretik Atañok, Pujanak, Alkainek bezala, “deabruak ostutako urteak” gogora ekarri nahi dituen memoria liburu ederra osatu du, 36ko gerran amaitzen ez dena. Poliki kontaturik datoz Santoñan preso erori zireneko pasarteak eta ondorengoak: Paris ondoan amerikarrekin entrenatzen, muga mendietako bizikizunak, erresistentziaren ederra. Isasmendi, beti ondoan izan duen Xabier Larrañaga adiskidea bezala, “eginbehartarra” izan baita bere bizitza guztian, 36ko gerra hark baldintzatutako bizitzan.

Oso bestelakoak dira Jose Artetxeren El abrazo de los muertos eta Izurrategiren egunerokoa.

Izurrategi Aretxabaletakoa zen sortzez, baina Azkoitian zegoen apaiz gerra lehertu zenean. Bera zen elizako organoari notarik ederrenak ateratzeko ardura zuena. Egunerokoa, erdaraz, apunte gisa dago eratua. Telegrama da askotan, egunkari faxistetako izenburuak osatzen ari dela dirudi.

Kamera Azkoitira itzuli da. Apaiz bat ageri da, sotana beltza soinean.

Hilak 22. Gorriek Bergara bonbardatu dute. Biktimak.

*Hilak 23. Goizeko hamaiketan, berriro ekin zaio Elgetako erasoari. Aita Otañore-kin eta Manolorekin bazkalondoren igo naiz Elosura. Tiroketa eta bonbardeo ikaragarria. Otaño Elosun gelditu da. Hegazkin batek Antzuolan lur hartu du.*

Hilak 24. Goizetik igo naiz Pako eta Irizarrekin. Ondo ikusten da. Ordubatak jo arte ez da tirorik entzuten. Ordubietan, Intxortaren kontrako erasoa atze aldetik eta baita aurretik ere, Bergaratik. Ordubiak eta erdietan bandera jarri da Intxortako lehen gotorlekuan, Prietok esatera Napoleonen soldaduentzat ere harrezina zena!

*Mendietan gora, soldadu espainolak ikusten ditugu. Bihotza erdiratuta, bazkariari utzi eta katalejoak hartuta, primeran ikusten dugu Espainiako bandera. Viva España!*

Apaiz voyeurra ez da edonor. Orriz orri, gertaeren jarraipen zehatza egiten du, atzerriko egunkarien hitzak jasotzen ditu, herriko jendeari gertatutakoa kontatzen du, bere ahotsa gorde gabe. Iritzi emaile da, sutu egiten da, kezkatu. Fotograma txikiz osatutako film perbertsoa da Jose Izurrategirena.

Ez dugu orain arte esan: gerraren gainean ezarritako isiltasuna zarta lezakeen material baliotsua dugu esku artean, aberatsa beste herri askorenaren aldean. Dokumental bat; ez dakigu, baina inolaz ere galtzea merezi ez duen altxorra bai.

Bibliografia:

AZPIAZU, Iñaki: *7 meses y 7 días en la España de Franco*, Ed. Gudari, 1964.

ARTECHE, Jose: El abrazo de los muertos, Itxaropena, Zarautz, 1970.

ARANBARRI, Simon: Anai arteko borroka Azkoitian, Egile-editore, Azkoitia, 1989.

ISASMENDI, Iñaki: Nire denboraldiko ibilerak, Azkoitiko udala, Azkoitia, 2000.